Tabakoa erretzeko debekua

Oraingo espazioez gain, litekeena da hemendik gutxira beste hainbat tokitan ere erretzea debekatuta egotea, esaterako, elkarte gastronomiko, futbol-zelai, frontoi eta abarretan. Gai horren gaineko iritzia eman du Felipe Juaristi idazleak Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Zein da zure iritzia?


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

Oskar Wilde idazleak esan zuen tabakoa erretzeari uztea oso erraza zela, berak 10 aldiz gutxienez egin zuela. Bromak alde batera utzita, aitortu beharra dago tabakoa erretzea oso kaltegarria dela, eta uztea ez dela erraza. Egia ere bada lehen baino jende gutxiagok erretzen duela, eta ez da soilik erretzaileek etsi egin dutelako, tabakoaren aurkako kanpainek ere eragin dute. Taberna eta jatetxeetan ezin da erre, eta horrek atzera botatzen du erre nahi duen oro.
    Dena dela, beti dago, edo egon behar luke, tokiren bat erretzaileek erre dezaten. Orain arte baziren, elkarteak esaterako. Nahi zuenak erre zezakeen, barne-arauek halakorik galarazten ez bazuten behintzat. Orain uste dut gauzak beste era batera izango direla, ezingo baita leku horietan erre, ezta futbol-zelai, frontoi eta zezen-plazetan ere.
    Kalea izango da hemendik aurrera erretzaileen gordeleku eta paradisu. Kalea neguan toki hotza da eta euria egiten badu toki deserosoa, katarro guztien bide eta autopista. Baina, seguru asko, egongo da jenderen bat, espiritu onberaz, esango dutenak erretzaileak ongi merezia duela deserosotasun hori, berak ere bere keak 4 haizeetara bidaliz besteen erosotasuna eta osasuna kinka larrian jartzen baitu.
    Ez zait iruditzen konponketa erraza duenik tabakoarenak. Etxean erretzen bada, gainerako biztanleek kea irensteaz gainera, tabako-usaina jasan behar baitute, eta usain hori sarkorra eta pegakorra izatearekin batera, kaltegarria ere izan daiteke.
    Eskubideak aipatzen dira Herri Sailaren jarrera baztertzeko, baina ez dezagun ahantzi tabakoa merkantzia legala dela, estankoetan eta taberna gehienetan saltzen dena; eta salmenta horri esker estatuak milioika euro sartzen ditu bere sabelean, gero noranahi erabiltzeko. Beraz, aitortu beharko dugu erretzaileak ere bere eskubideak dituela, edanzaleak dituen bezala. Eta kontua ez dela dena beti debekatzea, zirrikituren bat uztea baizik. Ez ditut erretzaileak miresten, suizidak miresten ez ditudan bezala, baina are gutxiago miresten ditut gure gizarte honetako ohitura txarrak debeku bidez kendu edo garbitu nahi dituztenak, kontzientzia bezala.
                                                                                                  (Euskadi Irratiko Faktoria irratsaiotik hartua)
 

C1 C2
12-16-2014
16346729
00:02:17
7744