Marguerite Duras, Frantziako XX. mendeko idazle nabarmenetakoa

Nolakoak dira Marguerite Durasen literaturaren ezaugarri nagusiak? Nola koka dezakegu garaiko literaturan? Izan al du eragin edo zalerik gure literaturan?

Idazle frantziarrari buruzko erreportajea.


Transcription:[+] Transcription:[-]

Marguerite Duras, Frantziako XX. mendeko idazle nabarmenetakoa izan zen. Sentsualtasuna, maitasuna, inor gutxik bezala jorratu zituen bere nobeletan. Sarritan fikziozko niaren eta ni autobiografikoaren arteko muga lausotuz.
Durasen nobelen artean ezagunenena ziur aski “L´amant” da, “Maitalea”, zeinak 1984garren urtean Goncourt sari entzutetsua jaso zuen. Bereak dira halaber “Moderato Cantabile”, “La douleur” eta “Maladie de la mort” eleberriak.
Oraintsu bete dira ehun urte Duras jaio zela eta horren aitzakian berrikusiko dugu haren obra.
ITXARO BORDA -Marguerite Durasen obra ezagutu nuen laurogeiko hamarkadan eta fan egin ninduen “L´amant” edo “Maitalea” bere nobelak, gainera oso ospetsua egin zen bat-batean Marguerite Duras. Ordura arte uste dut pixka bat konfidentzialki ezagutua zela baina ezagutua zen idazle bururaino zale bat bezala.
EIDER RODRIGUEZ- Nik Marguerite Duras ezagutu nuen behin erosi nuelako Donostiako Hontza liburudendan “Maitalea” liburu hau, zazpiehun pezetatan, hemezortzi urte bete nituen uda batean eta oso ondo gogoratzen dut nola hasi nintzen irakurtzen “Maitalea”, bueno espainolezko edizioan, “El amante” edizioan, e …  autobusean bertan, eta nola harrapatu ninduen guztiz ba bere kontaera hipnotikoak, ez?
ITXARO BORDA – “L´amant” irakurri nuelarik, lehenik istorioak harritu ninduen. E … ni ere oso gaztea nintzen garai haietan, zen txinatar gizon adineko batek eraman egiten zuen halako amodiozko istorio bat hamabost urteko frantses bat … neska gazte batekin …
EIDER RODRIGUEZ- Hemezortzi urte zituenean zahartu zela dio, ez? Eta horrek inpaktu handia eragin zidan gainera azalean agertzen den Marguerite Durasen argazkia badirudi hemezortzi urte zituenekoa zela, ez? Eta orduan gogoratzen dut nola irakurtzen nuen eta bueltatzen nintzen azalera behin eta berriz, ez?, ikusteko, ez? Ba gorputzek ere hitz egiten zutela eta … gogoratzen dut zentzu horretan e …  eragin handia izan zuela nire edukazio sentimentalean edo eta baita ere eragin handia izan zuela nire gorputza eta besteen gorputza irakurtzeko maneran, ez? Ze adin biologikoaz gain, ba beste istorio batzuk irakurtzera zaletu ninduen, ez?
ITXARO BORDA.- Istorio horren kontatzeko e … gordinak harritu ninduen eta gero bere, bere testuaren joskerak, hau da, perpausak eta idazteko modu horrek, nola hitz bat edo beste erabiliz giro bat sortzen zuen eta giro horrek harrapatu ninduen bete-betean.
Zinemagintzan ere lan azpimarragarria egin zuen Durasek, hala zinema zuzendari moduan, nola gidoigile moduan. Adibidez, Alain Resnaisen “Hiroshima mom amour” film dagoeneko klasikoaren gidoigilea izan zen.
Frantziaren kolonia batean, Indotxinan, jaioa, kolonialismoaren auzia oso presente izan zuen beti eta testuinguru horretan kokatzen da bere film ezagunenetako bat: “India song”
ITXARO BORDA.- Biziki baliabide gramatikal gutxirekin mundu oso bat sortzen du eta gatibatzen gaituen mundu bat. Bere joera frantses hizkuntza pixka bat bizi ahaztua edo fosilizatuaren inarrosteko joera bat, sartuz ingeleseko espresiobideak edo berak ere sortuz, orain guztiek erabiltzen ditugun espresioak hala nola zerbait eder edo handi bizitzen dugularik erraten dugu Marguerite Durasek bezala: “forcément sublime”.
EIDER RODRIGUEZ- Gehien interesatzen zaidana da bere ahotsa, ez? Ze azken batean ez ditugu gertakari handiak hartzen, batzuetan bai, e … kontatzeko, baina edozein gertakari, edozein gertaera hartu eta bere ahotsaren bidez transformatzen du, ez dakit, beste dimentsio ezkutu bat emanez, ez? Niretzako inork ez du idatzi desioaz Marguerite Durasek hitz … idatzi duen bezala, edo intimitateaz. Badago jendea idazten duena, hau da,  idazleak idazten dutenak intimitateari buruz, ito arte idazten dutenak intimitateari buruz. Aldiz, Marguerite Durasek esango nuke, baduela gaitasuna idazteko intimitateari buruz, desioari buruz, baina hil gabe intimitate hori eta desio gabe ez? Arnasa uzten dio eta iruditzen zait hori oso, oso gauza berezia dela, oso zaila lortzen eta berak lortzen duela inork bezala, inork ez bezala. Eta gero badago beste aspektu bat ere asko interesatzen zaidana bere obran eta da denboraren eta espazioaren trataera, trataera edo nola ekartzen duen denboraren eta espazioaren dimentsio hori, e … idatzietara, ez? Nola lortzen duen ba, hain erlatiboa eta batere lineala ez den denbora hori, ba lerroetara ekartzen eta modu esanguratsu batean lortu ere. Esango nuke hori dela, hau da, jolasik gabe egiten du, izan gabe gainera e .. bere errelatoaren muina, denboraren trataera hori, baina ematen dio obrari ba halako sendotasun bat eta kontundentzia bat ba, niri oso berezia egiten zaidana.
ITXARO BORDA   Marguerite Durasek, ene ustez, idaztearen eremu guztiak landu zituen: hori nobelak, artikuluak, e .. gidoigintzak. Uste dut berak idazle oso eta total bezala kontsideratzen zuela bere burua eta hori… aski da irakurtzea “Écrire”, bere burutazioa literaturari eta idazlegintzari buruz, hortaz jabetzeko.
EIDER RODRIGUEZ- Eta gero badago liburu bat bereziki gustatu zaidana, e … “L´amant” baino lehenagokoa, 25 urte lehenagokoa dela “Moderato Cantabile”, e … liburua. Eta esango nuke “Moderato Cantabile”-n  badaudela jada e …, “Maitalea”-n  25 urte geroago agertuko diren ahotsa, agertuko diren .. agertuko den denboraren e … erabilpena, eta ez dakit, e … badago hori dena, baina askoz modu langabean eta gordinean.
ITXARO BORDA  - Bere idazketan e …, egia erran, izan dira e … bide-aldi ezberdinak. Lehenik izan da pixka bat e… molde klasikoa, bere …, bere gauzak narratzeko eta beti gauza berak kontatu ditu, hau da, Indotxinako bizimoldea, bere gaztaroa, bere maitaleekiko harremanak, eta bere amarekiko harremanak ere, harreman gogorrak, hori eman dezagun “Un barrage contre le Pacifique”, nobela handi horretan, eta gero pixkanaka-pixkanaka “Nouveau Roman” eta mugimendu horiek sortuta hasi direlarik, aldatu da bere, bere idazkera eta uste dut azken urteetan biluztasunerat edo gabetasunerat e … ari zela. E … hau da, ahalik, gauzarik, e … ugariena idatzi ahalik hitzik gutxienarekin. Eta bera hil ondoan e … bere azken lagunak Yan Andreak, atera zuen “Cést tout”, halako e … perpaus-bilduma bat bezala eta hor agiri da isiltasunerat ere ere ari zela bere azken urteetan.
Euskaraz “Maitalea” irakur dezakegu Mikel Garmendiak egindako itzulpenari esker; 1996garren urtean argitaratu zen Literatura unibertsala saiaren baitan.
ITXARO BORDA - Artista osoa zen eta uste dut idazlea zela ororen gainetik, idazlea zuela bere …, bere fede-bidea, bere erlijioa eta uste dut guztia sakrifikatu zuela idazteari, bere …, bere gorputzaren edertasuna, bere osasuna, bere …, bere ospea, bere fama …
EIDER RODRIGUEZ- Esan dezaket, bai, e … askotan erabili dudala e …, nik nire testu bat idatzi aurretik Marguerite Durasen “Maitalea”, eta “Moderato Cantabile”-rekin ere erabili dut, e … zera hori, ez? Afinatzeko erabili izan ditut biak ez? Hau da, e … nire zerbait idatzi aurretik, bai orriztatu izan dudala, azaletik irakurri izan dudala, e … bere testu bat pixka bat afinatzeko nirea eta zentsu horretan bai eragina izan du, ze diapasoi moduan erabili izan dut.
ITXARO BORDA  - Nik uste dut giroak sortzeko eta fraseak harilkatzeko unean bai, gogoan dudala beti nik Marguerite Duras.
“Il avait été triste pour elle. Et puis il n'avait plus su quoi lui dire. Et puis il le lui avait dit. Il lui avait dit que c'était comme avant, qu'il l'aimait encore, qu'il ne pourrait jamais cesser de l'aimer, qu'il l'aimerait jusqu'à sa mort.”
 

C1
05-13-2014
16344009
09:42
6260