Langileak haserre

Mikelen enpresan langileak oso haserre daude nagusiarekin, beren lan-baldintzak gero eta okerragoak direlako.

Entzungo duzun eztabaidan, Mikelek langileen kexen berri emango dio nagusiari. Lortuko ote du Mikelek langileen eskakizunei kasu egitea?


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

Mikel- Kaixo, nagusi, sar naiteke?
Nagusia- Bai, sartu Mikel. Ea esan: zer gertatzen da orain?
Mikel- Ba, hemen lantegian, denok nazka-nazka eginda gaudela. Badira 3 hilabete kobratzen ez dugula eta gainera, astero 5 ordu gehiago sartzen ari gara. Hori gutxi balitz, eguneko bazkariak ere gure poltsikotik ordaindu behar ditugu eta gainera,….
Nagusia- Ea, Mikel, lasaitu zaitez, eh! Badakizu hemen lantegian, oso egoera larrian gaudela, oso itota gabiltza zorrekin, eta lana gutxitzean, bada, ….
Mikel- Zorrak? Langileei zor diezunaz ariko zara, ezta?
Nagusia- Lasaitu zaitez! Azkeneko bileran esan nizuen datorren hilabetean zor dizuedan guztia ordainduko dizuedala, baina, ekarri genuen makineria berria ere ordaindu egin behar da, eta milioi asko dira. Niretzat ere une gogorrak dira, eta, hala ere, langile guztiek lanean jarraitzea lortu dugu.
Mikel- Bai, baina zein preziotan? Etxean geratzea merkeago aterako litzaiguke! Lan guztiak presaka egiten ditugu, eta bazkaltzeko astirik gabe ibiltzen gara denok, petral-petral eginda.
Nagusia- Beno, beno, ez da hainbesterako izango! Lan-prebentziokoek egindako eskaerak behintzat bete genituen, eta orain lan-ekipamendu berria ere baduzue.
Mikel- Bai, ekipamendu berria, baina hilabetearen bukaeran ez dugu sosik ikusten.  Langileok garbi dugu egoera hau aldatzen ez bada, grebara joko dugula. Abisatua zaude.
Nagusia-(larri eta aztoratuta) Baina, zer diozu Mikel? Une hauetan badakizu ekoizpena geratzea enpresaren amaiera izango litzatekeela ezta? Ziur konponbideren bat aurkitu dezakegula.
Mikel- Bai, pentsatu dugu horretaz, eta grebara joatea nahi ez baduzu, gure eskakizunei kasu egin beharko diezu. Tori, hauexek dira asanbladan adostu genituen eskakizunak.
Nagusia- Ea ba, aztertuko ditut, eta emango dizuet erantzunen bat…
 

B2
02-11-2014
16342470
01:57
4361