Docutec
Jon eta Jone 4: Gurasoak afaltzera?
Esketx laburra. Bikotearen elkarrizketa; etxe berrira gurasoak afaltzera gonbidatzekotan dira edo, agian, eskiatzera joatekotan.
Jon.- Jone, oraindik ez dugu pisu estreinaldi-afaririk egin, e?
Jone.- Zelan esan duzu, estreinaldi-afaria?
Jon.- Bai.
Jone.- Isabel Preysler ematen duzu.
Jon.- Aizu, lagunekin afaltzea gozada bat da, ez iezadazu esan.
Jone.- Bai, lagunekin bai, baina aurretik gurasoak gonbidatu beharko genituzke, ezta?
Jon.- E? Gurasoak? Zertarako gurasoak?
Jone.- Ez dakit, igual etxea ikusi dezaten, ez?
Jon.- Ba etxea ikustera ekarriko ditugu eta gero benga, fuera.
Jone.- Eta ez diegu afaltzera geratzeko esango?
Jon.- Benga ya!
Jone.- Jon, ez zaitez pasatu!
Jon.- Jakina, zure gurasoek dirua utzi zizutenez...
Jone.- Zigutenez, zigutenez!
Jon.- Bai, etxe erdia eurena dela kontutan izanda, ez da erremediorik geratzen, ezta?
Jone.- Zu beti izan zara horrelakoa edo txikitan ozpin-lapiko batean jausi zinen?
Jon.- Baita zera ere. Eta orduan nire gurasoei ere esan beharko diegu afaltzera etortzeko, edo zer?
Jone.- Beno, baina denok batera egingo dugu?
Jon.- Afaria bale, baina familia guztia batera, horixe besterik ez zitzaigun falta!
Jone.- Tira, eta orduan noiz egingo ditugu?
Jon.- Lasai, egingo dugula erabaki dugu, ezta? Beno, ba data-kontua beste
baterako utziko dugu.
Jone.- Estresatzen ari zara, ala?
Jon.- Ba bai, apur bat bai.
Jone.- Ikusten? Asteburu bat behar dugu biontzat, ez dakit, hemendik kanpora, nekazal-etxe batera joan gintezke...
Jon.- Edo zure gurasoek Pirinioetan duten apartamentu horretara, ezta, eskiatzera jarriz gero.
Jone.- Eta noiztik gustatzen zaizu zuri monarkek praktikatzen duten kirola?
Jon.- Betidanik. Begira, ni langile-familia batean jaio nintzen baina badut halako izaera aristokratikoa, zer esango dizut ba.
Jone.- Bai, bai, bai. Horrexegatik gustatzen zaizkizu kirol errazak. Borboiek egiten badute oso gaitzak ez diren seinale.
Jon.- Beno, beno, ez desbiatu asuntoa. Joango gara zure gurasoen apartamentura edo zer?
Jone.- Nahi duzunean ez zaizu inporta nire gurasoek langileak esplotatuta lortutako gauzez aprobetxatzea.
Jon.- Niri ez zait sekula inporta izan zure aitaren dirua, hori badakizu. Zure aita pobrea balitz ere, den bezalako bordea izaten segituko luke.
Jone.- Begira, igual-igualak zarete.
Jon.- Ni zure aitaren iguala? Mesedez.
Jone.- Bai, eta uste duzuna baino gehiago gainera.
Jon.- Beno, ba ez gara joango Pirinioetako apartamentu horretara, telebistan Joko Olinpikoak ikustearekin konformatu egingo naiz.
Jone.- Baina Jon, orain putziketan hasi behar al zara?
Jon.- Ez, putziketan ez, baina zer nahi duzu, zuk esan didazu niri etxetik ateratzeko kontu hori.
Jone.- Eta txarto irizten diozu ala?
Jon.- Ze, txarto ez, baina ez daukagu apenas dirurik, nora joango gara?
Jone.- Ah, beno, asteburuan Saint Lake Cityra joango gara?
Jon.- Bale, begira, sofan eseri eta haraino eramango zaitut, ekardazu telebistako mando hori.
