detalle dokuteka-generico-fitxa

Zumarraga: Antiguako baseliza

Zumarragako Antigua ermita Gipuzkoako tenplurik zaharrenetakoa da. Eraikin txikia eta apala izan arren interesgarria da benetan. Errege Katolikoek monasterioa deitzen zioten. Zenbait arte adituentzat, euskal ermiten katedrala da. Beloki mendiaren magalean dago kokatua, Eizaga auzoaren gainean. Leku paregabea. Zuhaitzez inguratuta, ikusmira ederra du Goierri eta Urola aldeetara. Elezaharrak dio lehen kristauei asko kostatu zitzaiela eliza eraikitzea jentilek Aizkorritik harriak botatzen zizkietelako. Mariak bere lehengusina Elixabeti egindako ikustaldiari dago eskainia eliza.

 

Antiguako baselizak Zumarraga eta inguruetako eliztarren beharrak bete zituen Erdi Aroaren bukaera arte. XVI. mendean, Zumarragako biztanleria asko handitu zen, merkataritzaren eraginez kaletarrak ugaritu zirenean. Hauei gogorra egiten zitzaien Eizagako aldapa igotzea elizkizunetara joateko. Zumarragako agintariek Gaztelako erregeari eta Iruñeko apezpikuari eliza handiago eta egokiago baten beharra azaldu zieten. Parrokia Beloki menditik ibarrera jaistea ez zen batere lan erraza izan.

 

Zumarraga eta Goierrin Gaztelako erregeak agintzen zuen, bere ordezkaria Areriako (Lazkaoko) jauna zen. Honen eskuetan zegoen Antiguako elizaren patronatua, eta berak zuen erretore eta apaizak izendatzeko eta hamarrenak eta primiziak kobratzeko eskubidea. Zumarragako herria eta Lazkaoko jaunaren artean patronatuaren auziak amaitu arte, gauzak ez ziren bere onera etorri. 1576an, orain parrokia dagoen tokian, zumarragarrek eliza berria eraiki ahal izan zuten eta zaharrari "La Antigua" deitu zioten.

 

Antiguako lau kanpaiak, aldarea eta imajinak Andre Maria Jasokundearen parrokiara ekarri zituzten. Antiguako elizak ondorengo urteetan parrokia izateari utzi eta ermitaren funtzioak bete izan zituen. XVI. mende arte Baionako apezpikuak kudeatu zuen Antiguako eliza, ondoren Iruñekoak hartu zuen parrokiaren ardura.


Elizaren egitura
 

Eliza euskal erromanikoaren monumenturik interesgarrienetakoa da. Elizak erromanikotik gotikorako trantsizio elementu batzuk ditu bere egituran. XII. mendearen bukaerakoa dela diote arte adituek. Lehendabiziko eliza egurrezkoa omen zen. Eliza ekialdera begira dago. Garai batean seroraren etxea elizari itsatsita zegoen. Duela urte batzuk zati hura kendu zioten.

Arkitektura aldetik elizak baserri handi baten itxura du. Oinplanoa laukizuzen formakoa. Teilatua bi isurialdekoa, gainean kanpai txiki bat duela. XVI. mendean elizak lau kanpai zituela dio Angel Cruz Jakak "La Antigua" bere liburuan. Arku zorrotzak eta lau arkibolta ditu sarrerako atean. Bi leiho lobulatuak eta bost arruntak atari aldetik. Absidea trapezio formakoa eta leiho txikiaren gainean kalbarioaren baxuerliebea. Nabe bakarra eta sei zutabe biribil. Pontea edo bataiarria erromaniko garaikoa da. Korua eta alboko tribunak zurezkoak dira. Mentsula, zapata eta zurezko zati askotan emakumeen irudiak eta marrazki ezberdinak daude grabatuta. Garai batean erretaula barrokoa zuen aldarean. Oraingo Ama Birjinaren imajina XV. mendekoa da. Elizak atarian zuen aterpean biltzen omen ziren eliztarrak herriko arazoak aztertzera.

Parrokia berria eraikitzeak ez zuen izan eraginik Antiguako Ama Birjinarenganako debozioan. Zumarragako eta inguruko herritarrek Antiguara joaten jarraitzen dute, batez ere uztailaren 2an, Santa Isabel egunean. Antiguako Ama Birjinak ez du inoiz mirari handirik egin. Esaten da hitzak ahoskatzeko arazoak dituzten haurrak berehala sendatzen direla, aldarearen inguruan hiru itzuli emanez gero. Antiguako serorak zioen, berak, behin baino gehiagotan, hondarra aurkitu zuela Ama Birjinaren oinetan. Bere ustetan, Antiguako Ama Birjina, Kizkitzakoa eta Arantzazukoa, hirurak ahizpak, gau batzuetan itsasoa ikustera joan ohi ziren.

detalle2

Document library

B2
03-16-2009

x61pRelaContWAR

16336978

x61pViewCountWAR

6153

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR