2013ko Literaturako Nobel Saria Alice Munro idazle kanadarrarentzat

Alice Munro idazle kanadarrak irabazi du 2013ko literatura Nobel Saria. Euskaraz badugu bere ipuin-bilduma bat: Zorion handiegia, 2012an argitaratutakoa.

Saria eman aurreko esamesa eta kinielatan hortxe zebilen bolo-bolo Munroren izena, Murakami japoniarra eta beste hainbat idazlerekin batera. Idazle kanadarra narrazio laburren maistra dela azpimarratu du Suediako akademiak. Kontakizun laburrak idazteko duen gaitasuna nabarmendu du, hain zuzen ere.

Euskadi Irratiko Mezularia saioko tarte honetan, Alice Munroren biografia laburra entzungo dugu, baita Nagore Tolosa itzultzaileak Munroren ipuinen inguruan esateko duena ere.

Berria egunkarian ere artikulu interesgarria duzu Alice Munroren gainean.
 


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

Eta Nobel Sariaren aipamena aurrenekoz. Alice Munro idazle kanadarrak irabazi du 2013ko literatura Nobel Saria. Saria eman aurreko esamesa eta kinielatan hortxe zebilen bolo-bolo Munroren izena, Murakami japoniarra eta beste hainbat idazlerekin batera. Eta Suediako akademiaren erabakia, esandakoa, Alice Munro ipuin-idazlea saritu dutela aurten. Arantxa Irastorza.
Idazle kanadarra narrazio laburren maistra dela azpimarratu du akademiak. Kontakizun laburrak idazteko duen gaitasuna nabarmendu du, hain zuzen ere.
Alice Munro Ontarion jaio zen 1931n, gaztetan hasi zen ipuinak idazten eta esan daiteke ipuingintzan oinarritu duela batez ere bere idazle jarduera.
Argitaratu zuen lehen kontakizun-liburua 1968ko Itzal zoriontsuen dantza izenekoa da eta euskaraz ere badugu Alice Munroren ipuinak biltzen dituen liburu bat: Munrok 2009an plazaratutako Zorion handiegia izeneko liburua da. Eta meettok argitaletxe donostiarrak plazaratu zuen.
Hamar kontakizuneko bilduma da eta itzulpen-lana lau emakumek egin zuten: Nagore Tolosa, Naroa Zubillaga, Itziar Otegi eta Aiora Jakak.
Nagore Tolosak azaldu digunez, badira sarritan errepikatzen diren elementu batzuk Munroren ipuingintzan.
Nagore Tolosa.- Beti daude motibo batzuk errepikatzen direnak bere ipuingintzan. Adibidez, beti pertsonaiak izan ohi dira klase ertain-baxukoak, Ontarion kokatzen ditu bere ipuinak, eremu oso rural batean, eta gero beti dago gatazka bat, pertsonaiek bizi dute barne-gatazka bai, adibidez, herrian bizi direnen eta hirian bizi direnen arteko gatazka hori, adibidez.
Alice Munro idazle kanadarra dugu 2013ko literatura Nobel sariaren irabazle eta esan dugun bezala, bere Zorion handiegia ipuin-bilduma euskaraz irakurtzeko moduan dugu meettok argitaletxean.
 

B1
10-11-2013
16292246
02:00
5266