Docutec
Soldatak jaitsi egin behar ote dira?
Bizi dugun krisi ekonomikoari irtenbidea eman nahian, zenbait arduradunek soldata jaisteko proposamena egin dute berriki. Horren gaineko hausnarketa egin du Jesus Torquemadak, Euskadi Irratiko Faktoria saioan.
Nahiz eta beraiek soberan dakiten, Christine Lagarde eta Olli Rehni azaldu behar zaien aurreneko gauza da Espainiako langileen soldatak murriztu egin direla azken urteetan. Batzuek urteak daramatzate soldata izoztuta, eta hori praktikan jaitsiera da. Beste batzuei, berriz, murriztu egin diete soldata.
Ziurrenik, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak eta Europako Batzordeko presidenteordeak aipatzen duten % 10 hori gaindituta dago, eta soldatak jaisten ari direnaren froga zera da: lanaren ordainaren eta kapitalaren ordainaren arteko aberastasun-banaketa –hau da, soldaten eta dibidenduen arteko banaketa– aldatu egin dela. Lanak tartaren gero eta zati txikiagoa hartzen du, eta kapitalak gero eta handiagoa. Eta hori ez da Espainian bakarrik gertatzen ari, ia mundu osoan baizik. Hori da, hain zuen, krisi honek munduan utziko duen ondorio garrantzitsu eta iraunkorrenetakoa: kapitalak lanak baino botere handiagoa izango duela; hau da, atzera egin dugula berdintasunezko gizartera bidean XX. mendeko azken hamarkadetan eman ziren aurrerapausoetan.
Noizbait Lagardek eta Rehnek esan izan dute dibidenduen banaketa ere kontrolatu egin beharko litzatekeela. Baina hori ahopeka esaten dute, eta soldaten jaitsiera eskatzen dutenean baino zarata askoz txikiagoa sortuz.
