Docutec
Eman euskara elkarri!
Korrika 18ren mezua eta omenduak uztartu eta azaltzeko asmoz egin du bideo hau AEK erakundeak.
Euskara ikasleak solasean jarri dituzte Euskal Herriko hainbat pertsona ospetsurekin; euskarari buruz zein beraien zaletasunei buruz aritzeko; euskara elkarri emateko, alegia.
Eman euskara elkarri! dio Korrika 18k, zabaldu nahi dugun mezuan euskara euskal herritarron elkarbizitzarako gakoa dela diogu. Elkarrekin bizitzeko, elkarri hitz egiteko, elkarri entzuteko eta elkar ulertzeko tresna, alegia. Baina horretarako, euskal herritarrok euskal kultura ezagutzea eta euskara jakitea behar-beharrezkoa da.
Horregatik, Korrika 18k euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsonak omendu nahi ditu. Euskalakari izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak. Lanetik irtendakoan euskara ikastera doazen Aitor eta Nerea; bilobak eskolan utzi eta gero, euskaltegira doazen Karmen eta José; euskara ikasten hasi den Yasmine; mintzalagun-talde batean dagoen Felipe; barnetegira doan Ximun; gaueskolan ari den Elixabete, Osvaldo, Ane eta noski, dokumental honetan agertzen diren euskara-ikasle guztiak ere bai. Bere ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen eta beraz, elkarbizitzarako aukerak sortzen ari direlako, bihoakie egun euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasle guztiei Korrika 18ren eta AEKren omenaldia.
EMAN EUSKARA ELKARRI
Solasaldiak
Ana Urrutia aurkezlea.- Bat-batean mundu berri bat nire aurrean eta ni flipatzen eta, baina, zer da hau? Nola egon naiz hainbeste urte euskara barik?
Raquel Navarro euskara-ikaslea.- Hasten zarenean gozatzen orain bai, esan dezakezu euskalduna bihurtzen ari zarela edo bai bidean zaudela, ezta?
Rakel Vivanco euskara-ikaslea.- Entzun nuen euskaraz hitz egiten eta pentsatu nuen “zelako inbidia! Kristoren inbidia!
Michel Etchebest Mauleko auzapeza.- Euskara zinez untsa, oso untsa maite duzu, ene ustez…
Laurence Hourcourigaray euskara-ikaslea.- Mila esker.
Unax Ugalde aktorea.- Nire ama argentinarra da eta bera ni hasi nintzenean ikastolan bera joan zen euskaltegi batera, AEKra eta bera hasi zen euskara ikasten nik etxean egiteko euskaraz.
Olga Lopera euskara-ikaslea.- Maitasunagatik.
Karlos Argiñano sukaldaria.- Nola den maitasuna, e? Ze indarra daukan, e?
Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea.- Ia-ia 50.000 ikasle dauzkagu unibertsitatean eta horren erdia euskaraz ikastea nik uste dut hori aurrerapausu handia dela.
Gilen Morales euskara-ikaslea.- Izugarria izan behar du, ez? Belodromoa beteta egotea eta zu hor, jendearen aurrean…
Iñaki Perurena harri-jasotzailea.- Bai, berezia, giro berezia, bueno, sekulako jendetza, oihu haiek…gero, momentu batean, denak isilduta… argi guztiak itzali…toki berezi bat, toki berezi bat eta bueno, potentea.
Arantxa Urretabizkaia idazlea.- Ez dakit izango nukeen behar adina adore edo kemen hizkuntza bat hutsetik ikasita menderatzeko, nik joera hori asko miresten dut.
Raquel Navarro euskara-ikaslea.- Bueno, ez dakit…
Eman euskara elkarri!
