detalle dokuteka-generico-fitxa

Aurrezteko ideiarik onena

Krisi ekonomikoa ez da nolanahikoa, eta EROSKI CONSUMERek familiei laguntzeko lehiaketa bat jarri du martxan: jendearen esperientziak, aholkuak eta ideiak bildu nahi izan ditu, lagungarri gertatuko direlakoan etxeko gastuak murrizteko eta zerbitzurik oinarrizkoenen fakturak arintzeko.

Asmo hori gauzatu nahian, lehiaketa bat jarri du abian, eta kontsumitzaileek aurrezteko ideiak eta proposamenak bildu dituzte. Arrakasta handia izan du ekimenak: ehunka ekarpen jaso dituzte eta zaila izan zaie hautatzea.

Ideia irabazlea:

Gure eraikinean (Madril erdialdean dago), etxejabe guztiok ordaindu beharreko gastuak murrizten saiatzeaz gain, krisiak gogor eragin baitigu guztioi, ideia zoragarri bat jarri dugu abian: iragarki-taulan gauzak eskaintzen ditugu elkarrekin trukatzeko (erabiltzen ez ditugun etxe-tresnak, mugikorrak, kamerak, sukaldeko tresnak, arropa ere bai…), eta zerbitzuak eta mesedeak ere bai: ordenagailuak konpondu edo erabiltzea, josten irakastea, txakurra zaintzea, arratsalde batez haurra zaintzea, margolariaren zain geratzea beste norbaiten ordez, eta abar. Ez dakizue zer-nolako arrakasta eduki duen ekimenak! Orain harreman gehiago dugu eta hobeki ezagutzen dugu elkar, eta mordo bat ari gara aurrezten.
 

Dena den, beste hainbat proposamen aipagarri ere izan dira, oso originalak, erraz gauzatzekoak eta aurrezteko modua ematen dutenak. Hona hemen horietako batzuk:

-Trikimailu erraz, praktiko eta merkea, edozein etxetan erabiltzeko modukoa. Pantyak edo gerrirainoko galtzerdiak urratu egin bazaizkizu, ez bota. Izterren parean moztu, eta mopari erantsi, tira-tira eginda. Bikain biltzen ditu hautsa eta lurreko ileak. Onena da harrapatu egiten dituela, ez direla askatzen. Hainbat aldiz erabil daitezke, eta erabat hondatzen direnean, arropa birziklatzeko ontzian utz daitezke.

-Sukaldean olioa edo saltsak soberan geratu zaizkigunean, silikonazko moldeak edo izotza egiteko plastikoak erabiltzea da proposamena: olioa edo saltsa hor izoztu, eta hartara beti edukiko dugu olio zaporeduna edo saltsak beste plateren batzuk ontzeko. Asko aurrezten da horrela.

-Nik ez dakit hau izango ote den ideiarik edo proposamenik onena, baina praktikoa eta berrerabilgarria bada. Ezagutzen al dituzue Advientoren egutegi horiek, barrenean txokolatezko koadrotxoak dauzkatenak hilabeteko egun bakoitzarekin. Bada, behin jan ondoren, barrenean daraman moldearekin –plastikozko orri bat da, hainbat marrazkitako koadrotxoak dituena– bonboiak egin daitezke edo plastilinazko iruditxoak. Gure txikiari eman dizkiot, eta izugarri gustatzen zaio plastilina ateratzea irudiak grabatuta dituela, eta nik ere gordea dut beste orri bat, nire bonboitxoak egiteko.

-Inprimagailuen tinta garestia denez eta kutsatu egiten duenez, Ecofont letra-tipoa erabiltzen dut, tinta gutxi behar baitu. Herbeheretar batzuek sortua da, eta %20 tinta gutxiago behar izaten du (irakurtzeko modukoa izaten jarraitzen du, hala ere). 2010. urtean, Diseinu eta Ingurumen arloetako Europako Saria izeneko erakusketan izan nintzen Matadero Madrid gunean. Deigarria egin zitzaidan kode irekiko letra-tipo bat erabiltzeari buruzko proposamena, inprimagailuek %20 tinta gutxiago erabil dezaten. Ideia hori sortu zen inprimagailuek tinta asko galtzen dutelako alferrik; horrek kostu ekologiko handia eragiten du, eta norbaiti galdera hau bururatu zitzaion: zenbat tinta ken dakioke letra bati, irakurtzeko oztoporik sortu gabe. Zenbait proba egin ondoren, letra-tipo hori sortu zuten. Ordudanik, horixe erabiltzen dut.

-Beti daude ohiko trikimailuak, baina bere garaian deigarriena egin zitzaidana eta askorik erabiltzen ez dena presioko eltzearekin otorduak prestatzea da. Energia asko aurrez daiteke, %50 ere bai, eta, gainera, elikagaiak azkarrago egiten dira eta bestela bezain goxoak egoten dira.

-Trukeak abantaila handiak dituela ikasi dut. Adibidez, olio erabilia xaboiarekin trukatzen dut, arropa edo etxea garbitzeko, edo ni neroni garbitzeko. Bestalde, baratze txiki bat egin dut, eta produktuak trukatzen ditut fruta-arbolak, arrautzak edo baratzea duten lagunekin. Emakume batzuk elkartu eta arropa trukatzen dugu, osagarriak edo etxerako gauzak, gehiago erabiltzeko asmorik ez dugunean.
 

-Ur hotza erabiltzea ur-berogailuak ez dezan kontsumitu, ur berorik behar ez bada; bitrozeramika minutu batzuk lehenago itzaltzea, hondar-beroa aprobetxatzeko; entxufe-oinarriak erabiltzea askotariko tresnak itzalita uzteko.

-Gure etxean ez dugunez deus ere bota nahi izaten eta gauza guztiak birziklatzen saiatzen garenez, horra aurrezteko proposamena. Ogi-mamiarekin hormetako orbanak eta urratuak ken daitezke. Seme-alabek errotuladorearekin egiten dituzten marrazkiak argitzeko ere balio izan dit. Banatzen duzu mami pixka bat marrazkiaren gainean, eta marrazki guztia igurzten duzu gainetik. Eta mami pixka bat ozpinetan busti eta platertxo batean hozkailuan uzten baduzu, usain txarrak kenduko dituzu. Ogi-mamia bezalako gauza sinple batekin, aurrezten lagunduko diguten zenbait gauza egin ditzakegu.

 

detalle2

Document library

B1
05-23-2012

x61pRelaContWAR

16285339

x61pViewCountWAR

6340

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR