Docutec
Benito Lertxundi: «Kontzertuen aurretik, dena kontrolatzea gustatzen zait»
Benito Lertxundi kantari oriotarrak 40 urte baino gehiago daramatza kantari. Udazkenean zuzeneko diskoa kaleratuko du eta emanaldi ugari eskainiko ditu. Donostiako Antigua auzoko frontoian izango da, Antiguako San Juan jaien barruan
Zer eskainiko duzu gaurko kontzertuan?
Gutxi gorabehera zuzenean grabatu duguna eskainiko dugu. Kanturen bat edo besteren gorabehera izan dezake emanaldiak, baina funtsean hori izango da. Oinarria, azken eta azkenaurreko diskoak izango dira; baita kantu berri pare bat eta amaieran, beti bezala, zenbait garaitako kantu ezagunak eskainiko ditugu.
Non sentitzen zara gusturago, antzoki batean edo frontoi batean?
Akustikoki baldintza onak eskaintzen dituen lekuetan gustura nago. Ez zait gehiegi gustatzen kalean jotzea. Urduri jartzen nau, eguraldiaren arazoa egoten delako eta gu oso goiz hasten garelako lanean.
Aldatu dira kontzertuak eskaintzeko moduak?
Garai batean esaten genuen frontoietako giroak herrikoitasun kutsu handiagoa hartzen zuela, antzokietakoak baino, horiek serioagoak zirela. Baina ohituraren araberako pertzepzioa izan daiteke. Guk urtetan kantaldi gehienak frontoietan egiten genituen eta horretara ohitu ginen. Bestea, antzokietakoa, serioegia iruditzen zitzaigun. Orain askoz ere gehiago jotzen dugu antzokietan eta errazagoa eta hobea da.
Nahiko zorrotza omen zara soinuaren kalitatearekin.
Noski, hori nire lana da eta lana azken punturaino defenditzen dut. Pentsatzen dut beste kantariek ere horrelako zerbait egingo dutela.
Nolakoak dira kontzertu aurreko prestakizunak?
Ez dakit akatsa edo bertutea den, baina niri ia dena kontrolatzea gustatzen zait. Beharbada gutxi fidatuko naiz besteekin, baina izan ditut esperientziak, beraz, kontrolatzea gustatzen zait. Kantaldia gaueko hamarretan baldin bada, lauetarako bertan izaten naiz. Ekipoaren frogak hasten direnerako, ekipoaren xehetasun guztiak, ekualizazioak,... prestatzen ditut. Denbora asko ematen dit horrek.
Diskoa kaleratzear duzu.
Bai, udazkenean kaleratuko da. Zuzeneko diskoa izango da, neguan Gernikan eta Tolosako Beotibarren eskainitako emanaldiak jasoko dituena.
Kantu berriak idazten edo prestatzen ari al zara?
Disko honetan bi kantu berri gehitu ditugu. Bestalde, hainbat gauza dauzkat idatziak, erdi hasiak, baina aurtengo neguan diskoaren prestaketarekin nahiko lanpetuta ibili naizenez, pixka bat alboratuta dauzkat. Ez naiz ni bi gauza batera egiteko gai diren horietakoa.Udazkenetik aurrera, bereziki, disko berriaren promozioarekin eta kantaldiekin oso lanpetuta ibiliko naiz.
Diskoaren aurkezpen bira gogorra izango da, beraz.
Emanaldi dexente dauzkat, udan batzuk eta bereziki, udazkenetik aurrera. Euskal Herritik kanpora ere ibiliko gara Madrilen, Murtzian eta Bartzelonan. Honekin batera, Hego Euskal Herriko hiriburuetako bira ere egingo dugu. Donostian, Kursaalean izango gara, Bilboko Euskaldunan, Iruñeko Baluarten eta Gasteizko Principalen.
Nolakoa da euskal publikoa?
Kontzertuetara zenbait belaunaldi tako jendea da hurbiltzen da eta horrelakoetan denetarik egoten da. Entzutera dihoan publikoa, musika ikasten ari direnak... Hiru belaunaldi kontzertu berean ikusi izan ditut. Ez da erraza esatea zein publiko mota den.
Zer desberdintasun daude Euskal Herritik kanpora zure kontzertuetan aurkitzen duzun publikoarekin?
Azken biran, emanaldi ugari eskaini nituen Euskal Herritik kanpora. Euskaraz kantatu eta kantuak esplikatzen hasita, erdipurdiko gauza egiten nuela sentitzen nuen eta ez zitzaidan gustatzen. Beraz, zerbait konpondu beharra zegoen. Orduan, testuak prestatu eta bakoitzari musika jarri nion, kantatzen hasi aurretik irakurtzeko. Horrek halako traba hautsi zuen eta nik kantuak txalo artean hasten nituen. Jendeak falta zitzaion dimentsio hori bereganatu zuenean, kantuen aurrean beste modu batean erantzun zuen. Ni txundituta geratu nintzen, zenbat zapi ikusten nituen malkoak lehortzen zenbait kantu entzundakoan! Hemendik kanpora ere, giro hori bilatzen saiatzen naiz.
Publikoak eskatutako kanta zaharrekin amaitu ohi duzu. 'Erribera' kantua tartean izango al da berriz ere?
Ia 40 urte daramatzat Erribera kantatzen, beti eta leku guztietan eskatzen du jendeak. Kanta horrekin txundituta nago. Anekdota moduan egin nuen lehen aldiz Tuterara nihoala, Erriberako paisaia begiratuz. Jotari batzuekin kantatu behar nuen eta hurrengo batean nik egindako jota modukoa kantatuko nuela agindu nien. Hala egin nuen, baina pentsatuz soilik bertan kantatu ahal izango nuela, ez zuela arrakastarik izango Nafarroatik kanpora. Bitxia da, ez baita Erribera kantatu ez dudan tokirik Euskal Herrian.
