Docutec
Unai Elorriaga, ahots eta istorioen dantzan
Hirugarren eleberria plazaratu du Unai Elorriagak: Vredaman, bere familiatik abiatuta ahots ugari eta lau istorio biltzen dituen nobela, irakurlea jostarazteaz batera bizitzaz eta heriotzaz ere pentsarazi nahi diguna.
Nobela berri bat plazaratu duzu, eta, aurrekoen antzera, esan liteke estilo berezia daukala. Zertan da idazkera hori aurrekoen zorduna, zertan da berria?
Estiloak, jakina, antzekotasun bakan batzuk baditu aurreko eleberriekin. Azken batean, egilea bera da eta garunaren egitura ez da egun batetik bestera aldatzen (literaturarekiko jarrera ere ez). Gauza berri asko topatu daitezke hala ere. Istorioen garapena esate baterako: lau ildo dira eta ildo horiek modu argian daude markatuta, Van't Hoffen bihurrikeriarik gabe eta SPren flash kutsurik gabe. Irakurlea artez helduko da, estarta gorri batetik, nobelaren azken muturreraino.
Beste alde batetik, ahots dantza handiagoa dago: umea (pertsonaia printzipala: horrek dakarren guztiarekin), adineko pertsona batzuk (desberdinak denak: indiano bat, abade bat...), hirugarren pertsona guztiz objektiboa, hirugarren pertsona zoroagoa, gezurti patologikoak... Ahalegin handia egin dut ahots horiek guztiak sortzeko. Izan ere, oso antzekoak ziren asko (herri berekoak, giro berekoak...), baina, aldi berean, guztiek behar zuten euren nortasuna, euren kontatzeko modua, euren idiolektoa. Lan gogorra izan da, baina azkenean uste dut merezi izan duela, kolore handia ematen diotelako eleberriari. Azalean euritako beltza agertu arren, kolore handiko nobela dela uste dut.
Lau ildo edo hari aipatu dituzu. Ikus ditzagun banan-banan. Lehenengo istorioa haur batena da: Tomas. Osaba-izekoen etxean dago, aita ospitalean dagoen bitartean. Zer da haur hori?
Haur hori pentsatzen ikasten ari den pertsona bat da, inteligentziaren atzetik dabilen umea. Osaba Abelek esan dio halako batean: "Mundu guztiak izan nahi du inteligente, hori ez da nobedadea." Eta hori da umearekin ikasten dugun gauzetako bat: mundu guztiak ez du inteligente izan nahi, teorian hala bada ere. Jende askok uko egiten dio inteligentziari, aitortu ez arren. Baina hori ez da berez txarra, inteligentzia eta zoriona sarritan ez baitatoz bat. Tomasek, ordea, inteligentziaren alde egin du aukera. Inteligentziari buruzko nobela bat da hau, hein handi batean.
Tomasen historian berealdiko inportantzia du intsektu baten bilaketak, horrek gaitasun bereziak emango dizkiolakoan harrapatzen duenari...
Tomasek itzelezko lilura agertzen du intsektuekiko, biologia karrera ikasten ari den Iñes lehengusinarekin ibiltzen baita zomorroak hartzen eta matxinsalto, kakarraldo edo armiarmei buruzko istorioak aditzen. Halako batean, Iñesek kondaira moduko bat kontatu dio Tomasi: "Libelula urdina harrapatzen duena munduko pertsonarik inteligenteena bihurtzen da." Besterik ez zaio Tomasi falta. Obsesionatuta biziko da hortik aurrera libelula urdinarekin.
Beste hari batean errugbia aurkitzen dugu: zure gustuko kirola, ezta?
Jakina. Inteligentziari buruzko eleberri batean ezin zen munduko kirolik inteligenteena falta. Errugbia izango da txartoen ulertu den kirola, beharbada. Kanpotik, kolpeka ikusten ditu jendeak jokalariak eta asto-koadrila handi bat dela pentsatu. Inondik inora ere ez. Errugbia kirol konplikatua da eta burua behar den lekuan ez daukanak egingo du errugbian bai, baina sekula ez da errugbi jokalari bikaina izango. Xakean bezala.
Egiazko gezurtiak
Eta errugbiarekin batera pertsonaia xelebre eta maitagarriak: gezurtiak, apur bat fantasiosoak.
Bai. Gur izeneko pertsonaia agertzen da istorio horretan. Tomasek, umeak, honela deskribatzen du Gur: "Gur da beti kaletik ibiltzen den gizon bat. Gauzak kontatzen egoten da beti Gur. Batzuetan gertatu diren gauzak kontatzen ditu eta beste batzuetan gertatu ez direnak. Eta inork ez du jakiten zer gertatu den benetan eta zer ez, Gurrek kontatzen duenean. (...) Eta batzuetan hiru seme dauzka eta beste batzuetan bat ere ez eta beste batzuetan alaba bi."
Gezurrak bizi duen pertsonaia da Gur. Gauzak asmatu eta asmatutakoak kontatzen bizi da. Baina pertsonaia honen gauzarik ederrena da benetan existitzen dela: Algortako lagun bat da Gur. Herrian "Guzur" esaten diote, atera kontuak hortik. Errealitatetik kopiatu baino ez dut egin, baina seguru nago baten batek esango duela ez dela pertsonaia sinesgarria.
Hirugarren haria: aitona ospetsua izan zuela deskubritzen du gazte batek, eta haren gaineko informazio bila hasten da. Ebanista zen aitite hori, altzariak egiten zituen arotza. Nondik nora ogibide horrekiko interesa?
Hori ere familiatik hartu dut: aitite Adolfo nuen nik ebanista (gerra ostean tailerra kendu zioten arte). Umea nintzenean hil zen aitite eta ez nuen ia ezagutu, baina familian egon zen beste ebanista bat. Familiaren beste adarrean osaba Julian izan zen ebanista kotizatua. Biak nahastu ditut eta liburuan "aitite Julian" da ebanista handi hori.
Istorio horretan hari bi daude. Bat benetan gertatu zen, aitite Adolfori gertatu zitzaion. Bestea goitik behera asmatu dut. Irakurleak bilatu beharko du zer den egia eta zer gezurra.
Bide batez, polita da nola, datu bilatze eta biltze horretan, herriko zahar zaharrenak ezagutu eta elkarrizketatuko dituen.
Jakina: duela 70 urte gertatutakoaren lekuko ezin baita beste inor izan. Edadeko hiru gizon agertzen dira aitite Julianen istorioa kontatzen. Euren ahotsekin ahalegin handia egin dut. Izan ere, hirurek eduki behar dituzte elementu komunak (hirurak direlako adin bertsukoak, herri berekoak, giro berekoak...), baina, aldi berean, bakoitzak bere nortasuna behar zuen, bere izaera, bere idiolektoa. Uste dut kolore handia ematen diotela nobelari.
Zaharrekiko zure jaiera eta joera, SPn bezala?
Gauzak kontatzen dakiten pertsonaiak maite ditut nik. Zaharrek gazteek baino pazientzia handiagoa daukate kontatzen egoteko. Batzuetan pazientzia larregi ere izan dezakete, astun gertatzeraino, hori ez du inork ukatuko. Baina neurriari eusten dakien edadeko pertsona munduko kontalaririk finena izan daiteke. Hortik edan behar dugu guk.
Heriotza eta inteligentzia
Laugarren kontakizuna, arkitekto baten ingurukoa. Arkitekto jakin bat edo arkitektura-mota zehatz bat izan duzu gogoan hau idaztean?
Eleberria idazten hasi nintzenean, Manuel María Smith arkitektoa neukan buruan. Urte askoan Getxon bizi izan zen Smith, eta liburuan kontatzen diren kontu asko berari gertatutakoak dira. Eleberrian aurrera egin ahala, ordea, arkitekturari buruzkoak zabaldu nahi izan nituen eta arkitekto handi askoren biografiak irakurri eta zenbaiten ideiak sartu nituen liburuan: Walter Gropius, Antoni Gaudí, Le Corbusier, Frank Lloyd Wright...
Hari honetan oso deigarria eta gustagarria iruditu zait emakume jostunen mundu hori: etxekoa eta publikoa aldi berean, lan etengabea eta berriketa lotzen dituena.
Hor ere familiatik edan dut. Izeko bi nituen nik jostun. Eta hara joaten ginen askotan ama eta biok, tailerrera, josteko gelara. Eta han egoten ziren tertuliara bildutako andre batzuk. Eta nik lurrera jausten ziren orratzak hartzen nituen iman-harri batekin, eta munduan gehien gustatzen zitzaidana zen orratzak iman-harri horrekin hartzea. Eta andreen solasaldiak aditzen egoten nintzen. Eta gaixotasunez hitz egiten zuten batez ere. Eta zahar-zaharrak ziren guztiak (gaur egun hilda daude gehienak). Eta lantzean behin soinekoen fakturak egiten nituen nik, kaligrafia negargarri batez. Eta hori giro hori deskribatu nahi izan dut. Berriro ere presa barik kontatzen egotearen gozamena.
Istorioen atsegintasunetik harago, zer nahiko zenuke jasotzea edo ulertzea irakurleak?
Hori da, beharbada, irakurlearentzat garrantzitsuena: istorioak eurak eta kontatzeko plazera gozatzea. Baina beste gauza askori buruz hitz egiten da liburu honetan. Hitz egiten da familiaz, erabakiez, gaixotasunaz, inteligentziaz, heriotzaz... Izan ere, inteligentzia eta heriotza elkarri oso estu lotuta dauden elementuak dira. Eta horretaz hitz egiten da, batez ere, eleberri honetan: heriotza eta inteligentziaren arteko hartu-emanaz...
