Docutec
Irudi-aholkularia
Izan, eduki ala iruditu? Zein da zure helburua? Gaur egun hirugarren, irudia, nagusitzen ari da.
Bideo honetan, irudi aholkulari baten eskutik irudia nola zaindu ikusiko dugu: ilea, makillajea, arropa, oinetakoak eta abar.
Bide batez, irudi aholkularia ordaintzerik ez baduzu, probetxuzko zerbait ikas dezakezu zure irudia aldatzeko.
25 (beintizinko) baino dotoreago joan.- 1OOean (zienean) joan, oso dotore joan. Adibidez: Jon 25 baino dotoreago joan da neska-lagunaren gurasoak ezagutzera.
Behin ondo orraztuta.- Ondo orraztu ondoren, ostean. Adibidez: Txema, behin ondo orraztuta eta txukun janzten zarenean, aurkeztuko dizut ama.
Berziklaketa.- Birziklatzea. Adibidez: Berziklaketa modu bitxi bat? Esnetarako tetrabrik-etan zopa sartu eta hozkailuan gordetzea.
Eroso.- Esaterako, zerbait eroso edo egoki geratzea, minik ematen ez duela. Adibidez: Erosoak al dira galtza estuak aldaka zabalak dituztenentzat?
Erronka.- Zailtasun edo garrantzi berezia duen helburu bat. Adibidez: Aurtengo zure erronka EGA azterketa gainditzea da.
Estiloak nahastu.- Estiloak uztartu, estilo desberdinak elkartu batasun bat lortzeko. Adibidez: Estiloak nahastuta azaltzen dira Antxieta etxe ederrean (Azpeitia): nagusiki errenazentista da, baina mudejar ukituak ere baditu.
Horren arabera.- Horri jarraituz, hori kontuan hartuz. Adibidez: Aizu, iritzia eskatu nizun, eta horren arabera jokatu dut.
Irudi aholkulari.- Irudia zaintzeko gomendio edo aholkuak ematen dituena, lanbide hori duena. Adibidez: Irudi aholkulariak trajea janzteko esan zion saltzaileari.
Itxuran.- Itxuroso, apain, txukun prestatua. Adibidez: Olatz itxuran atera da ile-apaindegitik
Moda kontuetan aritu.- Modari buruzko arloan aritu, lan egin. Adibidez: Coco Chanel-ek, moda kontuetan aritu baino lehen, besteak beste, tabernetan abesten zuen gauetan.
Txosten.- Gai edo gertakari baten ezaugarri eta testuinguruari buruzko azalpena. Adibidez: Luak bezeroari txostena egiten dio, esaterako, arropa kontuetan zer komeni zaion esanez.
Zeozer.- Zer edo zer, zerbait. Adibidez: Magoak trukua gaizki egiten badu, zeozer asmatu behar du inor ez konturatzeko.
