Docutec
Arraina aukeratzen (A2E03)
Josu eta Amaia plazan daude, arraina erosi nahi dute eta.
Saltzaileak lagundu egingo die ondo aukeratzen.
JOSU.— Amak ikusten badu erosketak egiten ditudala, zur eta lur geratuko da.
AMAIA.— Zer ba? Ez dituzu sekula egiten, ala?
JOSU.— Ez, eta ez da harritzekoa. Ez dut bereizten noiz dagoen legatz bat freskoa eta noiz pasatuta.
AMAIA.— Ba nik erosketak egiten ditut; baina egia esatea nahi baduzu, niri ere asko kostatzen zait arraina ondo aukeratzea.
JOSU.— Begira, laster gure txanda izango da.
ARRAIN-SALTZAILEA.— Hurrengoa...!
AMAIA.— Gure txanda da!
ARRAIN-SALTZAILEA.— Zer behar duzu, gazte?
AMAIA.— Ba... jarri legatz bat, mesedez?
ARRAIN-SALTZAILEA.— Zenbat?
AMAIA.— Nola zenbat? Bat.
ARRAIN-SALTZAILEA.— Kar-kar! Zenbat: kilo batekoa, kilo bat eta erdikoa...?
AMAIA.— A, bueno. Bost lagunek afaltzeko.
ARRAIN-SALTZAILEA.— Ba bi kilo edo. Segituan! (lanean ari dela) Zuek ez zarete askotan etortzen azokara, ezta?
JOSU.— Ez, baina gu ere bezero gara, besteak bezala.
ARRAIN-SALTZAILEA.— Bai, motel, lasai.
JOSU.— Ados, ados, badaezpada.
AMAIA.— Beste galdera bat: nola jakingo dugu freskoak diren ala ez?
ARRAIN-SALTZAILEA.— Bueno, begiratu begiari, eta bizi-bizi badago, freskoa den seinale. Arraina oraindik ere gogorra badago, orduan ere seinale on. Eta irekitzean ere erraz ikusten da.
JOSU.— Ez dakit ba…
ARRAIN-SALTZAILEA.— Hasieran pixka bat kostatuko zaizue, baina askotan etortzen bazarete, segituan ikasiko duzue. Besterik behar duzue?
AMAIA.— Bai, txirla batzuk, legatzarekin batera jartzeko.
ARRAIN-SALTZAILEA.— Aukera bikaina! Saltsa berdean egitea aholkatzen dizuet. Tori perrexil pixka bat opari. Guztira, 22 euro dira.
JOSU.— Hortxe, justu dago. Eskerrik asko.
ARRAIN-SALTZAILEA.— Bai, eta nahi duzuenean bueltatu!
AMAIA.— Beti ikasten da zerbait! Aio!
