Docutec
Mintzalaguna, berbalaguna, solaslaguna...
Herrien eta euskalkien arabera, izen ezberdinak hartzen dituzte mintzapraktika-programetan parte hartzen duten lagunek. Horietako batzuekin hitz egin dute Euskadi Irratiko Hiri Gorria programan.
Informazio gehiago nahi izanez gero, hona hemen helbide batzuk:
- Bilboko berbalagun
- Praktikatu (AEK)
KAZETARIA EMAKUMEA. Bikoteka egiten duzue eta elkarrekin geratzen zarete edo taldeko gauza bat da?
JOKIN. Bai, gure kasuan talde bat biltzen gara astero, eta hor aritzen gara denak elkarrekin. Ahal duena etortzen da, eta ezin bada etorri gainerakoak aritzen gara.
KAZETARIA GIZONEZKOA. Eta taldean zenbat zaudete, Jokin?
JOKIN. Gaude bortz (bost) eta ni 6 lagun.
KAZETARIA GIZONEZKOA. Eta Gasteizen?
JOSEBA. Ez gaude, zera, talde berean. Nirean, adibidez, 7 pertsona edo gara, larunbatetan elkartzen gara eta, bueno, ahal duena etortzen da eta ezin duena ba ez.
KAZETARIA EMAKUMEA. Eta, Ruth, zure taldean?
RUTH. Gu astearteko biltzen garenok 6 edo 7 izango gara. Gero, gehiago daude apuntatuta, baina lana eta familia… eta dela eta ez dela gehiago faltatzen dira, baina gure artean 6 edo 7, bai.
KAZETARIA EMAKUMEA. Eta taldea asko aldatu da urteetan zehar?
RUTH. Nik 2 urte daramatzat eta nahiko finkoa izan da betidanik; jende berria sartu da, baina ematen du betidanik egon dela, ze oso ondo integratu da. Orduan, ez, ez da asko aldatu.
KAZETARIA EMAKUMEA. Nola egiten duzue astero gauza berriak kontatzeko eta astero gai berrien inguruan hizketan egiteko? Etxeko lanak edo jartzen diozue elkarri, Jokin?
JOKIN. Ez. Ateratzen ditugu eguneroko gaiak; alegia, politikako kontuak, edo herrian gertatu direnak edo horrelakoak. Beti izaten dugu zerbait solasteko, futbola dela edo… nahiz eta denek ez duten gustuko, baina. Saiatzen gara denentzat zerbait ere ateratzen, bilatzen.
KAZETARIA GIZONEZKOA. Zuei, Ruth eta Joseba, gaiak ez zaizkizue bukatu oraindino, ez?
RUTH. Ez, oraindik ez. Kar-kar. Gainera, behin komentatu genuen arraroa zela, ze talde berria izanda, ez genuen elkar ezagutzen, eta hasiera-hasieratik ez genuen isilune deserosorik izan. Lagunak egin ginen, ez dakit, oso giro polita sortu zen.
KAZETARIA GIZONEZKOA. Baina eramaten da holako gai-zerrenda bat?, edo ez dena da inprobisazioa?
RUTH. Ez, ez, inprobisazioa. Bai, bai.
KAZETARIA EMAKUMEA. Ez duzue esaten, “ irakurri behar dugu “Argia” aste honetan eta datorren astean artikulu honi buruz hitz egingo dugu”.
DENAK. Ez, ez.
KAZETARIA GIZONEZKOA. Gertatzen zaizue zita, igual, 5etan bada, 6:30 artekoa bada, hor 9ak arte ea gelditzea? Hor berba eta berba?
RUTH. Bai, askotan. Gu elkartzen gara 08:30ak inguru, eta arraroa da eguna 11k baino lehen etxera joaten garena. Bai, bai.
KAZETARIA EMAKUMEA. Zer edadetako jendea zarete elkartzen zaretenak?
JOKIN. Gure kasuan nahiko adin altukoak… 50…
KAZETARIA EMAKUMEA. 50etik gorako gazteak.
KAZETARIA GIZONEZKOA.Zuek zenbatekoak, Ruth eta Joseba?
RUTH. Gu 40 inguru edo. 39tik hasita, 50 pikura.
JOSEBA. 30 urte inguru.
