Docutec
'Elurraren kopla'
Koplak abesten hasi du Xabier Euzkitzek 'Euskal Herria Zuzenean' saioa.
Besteak beste, Unai Ugarte, Aitor Perez eta Lierni Agirrezabalarekin batera, kantari aritu dira, Santa Ageda bezperan.
Xabier Euzkitze:
Tarte berezi bat merezi du
aroaren egoerak
Elurte latzak utzi dizkigu
Santa Ageda bezperak.
Giroa asko negutu zaigu
azkenaldiko boladan
Siberian legez ibili gara
Bizkaian eta Araban.
Siberiako haizeagatik
Euskal Herrian elurra
Adiskideok, har ezazue
koplari honen agurra.
Unai Ugarte Gasteizen da
han ere elurte handia
(e)ta goiz-goizetik izan duzue
makina bat komeria.
Unai Ugarte:
Aurrez elurra genuen eta
ondoren izotza trinko
Gasteiztarrek dituzte
makina bat ipurdiko.
Xabier Euzkitze:
Gure Lierni Bilbon daukagu
hotzez, baina alai-alai
hirian ez du asko ezarri
baina inguruetan bai.
Lierni Agirrezabala:
Bilbon bertan ez, baina inguruan
Gasteiztarren igualtsu
Artxandak ia ematen zuen
Baqueira edo Candanchu.
Xabier Euzkitze:
Nafarroako mendialdea
Elur-tokia da berez
(e)ta Aralarren pozez zoratzen
Ibili da Aitor Perez.
Aitor Perez:
Arrazoi duzu, Aitor poz-pozik
elurra bada nahikoa
(e)ta hotza, berriz, ideiak ere
izozteko modukoa.
Xabier Euzkitze:
Gure gazteak noiznahi eduki
Oinak beldurrak airean
Aizu, Hodei, zer gertatu zaizu
Gernikarako bidean?
Hodei:
Abiatu naiz istripu baten
berri denoi ematera
baina bidean gelditu gara
ez aurrera ez atzera.
Xabier Euzkitze:
Naiara, berriz, herririk herri
eta gaurkoan Zumaian
bertakoekin Santa eskeko
ohiturak berritu nahian.
Naiara:
Orain koplari ni hasi arren
lasaitu zaitezte denak
hemen baititut ni baino hobe
abestuko digutenak.
Xabier Euzkitze.- Arratsalde on dizuela, jaun-andreok! Tira ba, Santa Ageda bezpera denez, eta gure saioa koplari bikainez beterik dagoenez, kantari ekin diogu gaurko honi.
