Docutec
Aktoreen gutiziak
Hainbat aktorek filmak errodatzerakoan zer-nolako gutizia eta xelebrekeriak eskatzen dituzten jakingo dugu.
22. zinta / 00:18:39
Izar handien Gabonetan Hollywoodeko aktore ezagunenen gutiziak zein diren jakiten saiatu gara Dakizuen moduan, pelikulen filmaketetan produktoreak zoratu egiten dira aktoreak pozik eta gustura egon daitezen. Haien xelebrekeria guztiak, asetzen saiatzen dira. Baina, imajina dezakezuenez, batzuek ilargia ere eskatuko lukete euren esku balego. Esaterako Kevin Costnerrek ilargia ez baina beisbol estadio bat eskueran izatea eskatu izan du inoiz. Badakizue, izarrak beti izar.
“Zenbait gizon zintzo” lanaren filmaketan Tom Cruisek bi gidari eskatu zituen joan-etorrietarako. Bat limusinaren gidaria zen, besteak Cruisen autoa zeraman. Hartara, aktoreak gidatzeko gogoa bazuen bigarren autoan gidatzeari ekiten zion.
Jennifer Lópezek ez du begirik biltzen ez badu bere zetazko izaren artean lo egiten, ezta luxuko hotela bada ere. Jennifer nora, etxeko izarak hara. Ondo neska txukuna da gure Jennifer.
Duela pare bat aste esan genizuen bezala, Kevin Costner beisbol zale amorratua da. Begira zer eskatu zuen “Wyatt Earp”filmatzen ari zirenean: beisbol estadio bat eskueran izatea une oro. Badakizue, pilotari astindu batzuk eman eta akabo estresa.
Jean-Claude Van Dammek ez du Sylvester Stallone gihartsua baino gutxiagoa izan nahi. Harekin obsesionatua dagoela dirudi; Stallonek ostatu hartzen duen hotel berberetan egoteko eskatzen baitu.
“The Marrying Man” pelikularen filmaketan mundu guztiak izan zuen Kim Basinger ikusgarriaren gutiziaren berri. Aktoreak dozenaka litro ur eskatzen zuen egunero. Urak frantsesa izan behar zuen, “Evian” etxekoa, baina ez pentsa edateko nahi zuenik e? Ilea garbitzeko erabiltzen zuen.
Urak makina bat buruhauste eragin izan ditu. Ashley Judd aktoreak adibidez, edalontzi bat ur eskatu zuen argazkiak ateratzera joan zen batean. Edateko asmoarekin eskatu zuen, baina adi, urak 22 gradutan egon behar zuen. Ez gehiago, ez gutxiago. Badakizue, eztarri finekoa ohi da neskatila.
Jenna Elfman aktoreak berriz, Hego Afrikako ura bakarrik edaten du. Neskatoa “Los Angeles”-koa da baina batek daki zergatik Hego Afrikatik ekarritako ura baino ez du nahi.
Arropa kontuetan Burt Reynoldsek ez dauka parekorik. “Polizia eta erdi” pelikulan 10 oinetako-pare eta beste horrenbeste jaka erosi zituen. Atera kontu: jaka bakoitzeko 200.000 pezeta ordaindu zituen. Reynoldsek hiru milioi pezetako faktura aurkeztu zien produktoreei, 18.000 euro gutxi gorabehera. Produktoreek pikutara bidali zuten, noski. Baina, aitzitik, kontratuan zetorren guztia zintzo-zintzo betetzera behartu zituen. Aktoreak pelukin berria nahi zuen egunero.
Jim Carreyren gutiziak jatekoarekin lotuta daude. Afrikan “Ace Ventura”-ren bigarren atala filmatzen ari zirenean, sukaldari bat eskatu zuen berarentzat. Bitxiena ordea ez da hori, bere iguanarentzat beste sukaldari bat eskatu zuen.
“Borroka Kluba” pelikulan Helena Bonham-Carterrek gorputzeko atal intimoak ezkutatzeko metodo bitxia erabili zuen. Erne! emakumeak itsasgarri zatitxoak jarri zituen hainbat lekutan, erakutsi nahi ez zituen ataletan hain justu. A zer lana gero itsasgarria kentzeko!.
Izen handiko aktoreen gutiziak.
