Docutec
Rumore, rumore
Kontu handiz ibili behar da askotan Interneten bitartez heltzen diren albisteekin.
JOXE ROJAS /
Kontu handiz ibili behar da askotan interneten bitartez heltzen diren albisteekin. Kazetaritzako ikasleei behin eta berriro errepikatzen diete: "Iturriak kontrastatu egin behar dira, informazioa alderatu egin behar da...". Urrezko lege hori askoz zurrunago hartu behar da sarearen edukiari dagokionez, askotan erabat ezezaguna baita informazio iturria.
Gogoratu besterik ez dago nolakoa muntatu zuen Almodovarrek aurrekoan e-mail bitartez bolo-bolo ibili zen zurrumurrua, Alderdi Popularra estatu kolpea egiten saiatu zenekoa, albiste moduan emateagatik. Eta hura baino lehenago, Madrilgo aktore ezagun batek prentsaurreko batean gezurtatu behar izan zuen Jose Maria Aznarrekin ezer zuenik.
Eta horrelakoak milaka dabiltza sarean, batez ere e-mail bitartez hedatzen. Gogoratzen duzue New Yorkeko dorre bikien aurkako erasoaren osteko mezu apokaliptiko oldea? Zabaldunetako batek dorreen suntsitzea Nostradamusek berak aurreikusia zuela zioen... bere heriotza baino 200 bat urte geroago idatzita omen zegoen bertso batean!
Madrilgo atentatuaren ostean ere zabaldu dira antzekoak: ile-apaindegi bateko jabeak poltsa bat aurkitu omen du bere dendan, diruz beteta, baina ez du ezer hartu eta bere jabeari, itxura arabiarreko etorkin bati, bueltatu bide dio. Gizonak, esker onez, zera esan omen dio ile-apaintzaile izutuari: "Nirekin eskuzabal izan zarenez, aholku bat emango dizut: datozen asteetan ez edan Coca-Colarik, arriskutsua izango da-eta".
Egia izanez gero, zalantzarik gabe, beldurtzeko moduko istorioa da hau... baina gauza da neuri behintzat lau egunen buruan lauzpabost bertsio diferente kontatu dizkidatela... azkena e-mail kate horietako batean: lehenengo arreba txikiaren lagun bati gertatu zitzaiola, Bilbon; gero, lagun baten lehengusina bati, Madrilen; gero, Andaluziako kostaldean izan zela...
Zorionez kontuak ez du sinesgarritasun handirik... baina, badaezpada, kalimotxoak Pepsirekin, e!?
