Docutec
Txertaketa ez da prebentzio-bide bakarra
Osakidetzako hainbat pediatrari iritzia eskatuta, argi utzi nahi izan dute gaixotasun infekziosoei aurrea hartzeko dena ezin dela txertoen gain utzi. Izan ere, txertoek eskaintzen duten babesa kasu batzuetan oso baliagarria bada ere, gaixotasunen garapenean eragina duten garrantzi handiko beste faktoreak ez dira ahaztu behar.
Txertoei esker, garai batean sarritan azaltzen ziren hainbat gaixotasun larri menderatzea lortu da. Horrekin batera, gaur egun gaixotasun horietako batzuk sendatzeko tratamendu egokiak daudenez, beharbada ez dago zertan kasu guztietan txerto denak eman eta beste eragileei arreta gehiago jarri behar zaie.
Umearen ongizateak eta bizimoduak izugarrizko eragina dute bere sistema immunean. Alde batetik, elikadura egokiak, ohitura osasuntsuek eta ariketa fisikoak indartsu egoten laguntzen diote. Bestetik, psikologikoki ongi egoteak ere mesede egiten dio, eta gaixotasunen aurrean babes handiagoa izango du. Horregatik, arreta handia jarri behar da umea ahul senti daitekeen uneetan, adibidez, eskolara hasten denean, gurasoak banatzera badoaz edota beste anai-arrebaren bat izan badu. Une horietan gaixotzeko arrisku handiagoa du; ondorioz, gaitzari aurrea hartzeko umearen afektibitatea zaindu behar da eta frustrazioak gainditzen erakutsi behar zaio. Hitz batean, gaixotasunen prebentzioan, txertoaz gain beste alderdi asko dira aintzakotzat hartu beharrekoak.
Gainera, zenbait kasutan txertatzeak merezi duen ala ez zalantzan jarri beharko litzateke, eta, erabakia hartu baino lehen, kontuan izan behar dira bai umearen ingurukoen historia baita populazioan dagoen gaixo kopurua ere. Adibidez, orain dela hamarkada batzuk tuberkulosi-kasuek gora egin zutela-eta, EAEko txertaketa egutegian BCGa sartu zuten, eta orain txerto hori ematen duen erkidego bakarra da estatu espainiarrean. Baina txerto horrek baditu hainbat desabantaila: txerto zaharra da, tuberkulosi mota larrienetatik bakarrik babesten du, eta gaixotasuna diagnostikatzean positibo faltsuak eragin ditzake. Hori guztia dela-eta, senideen artean tuberkulosiak jotakorik egon ez bada eta umeak ez badu arrisku bereziko toki batean bizi behar, agian ez du txertoaren beharrik.
Beste txerto batzuk jartzea, ostera, guztiz gomendagarria izan daiteke, hala nola, tetanosaren eta difteriaren aurkakoak. Bi gaixotasun horiek bakterio-toxinek eragindakoak dira; beraz, inguruko haur guztiak txertatuta egonda ere, bakterioak hor egongo dira, eta txertatu gabeko umeak toxinen bidez gaixotzeko arriskua du.
Bestalde, sendagile batzuen ustean, txertaketa masiboen eraginez sistema immunea gehiegi behartzen da eta akatsak sortzen dira; horrela, gaixotasun autoimmuneak azaltzeko arriskua handitzen da. Zenbait ikerketaren arabera, zeliakia, endekapenezko gaixotasun batzuk, eta hainbat diabetes mota garatzeak txertoekin zerikusia izan dezake. Gainera, txerto batzuek albo-ondorio larriak eragiteko arriskua dute, eta beste batzuek sortzen duten babesak epe motzean irauten du eta aldian-aldian berriro txertatu beharra dago.
Adibide horien bitartez, umearen eta txertoaren ezaugarriak kontuan hartu behar direla garbi utzi nahi dute pediatra horiek. Azken hitza gurasoek dute, eta erabakia arduratsua izan dadin informazio guztia jasotzeko eskubidea dute.
