Docutec
Hiriko tribuak
Hiriak handitu ahala, bertako biztanleak berdindu beharrean, taldetan bereizten hasi dira. Ezaugarri bereziko talde hauetako lau partaiderekin mahai ingurua osatu dute irratsaio honetan.
Bakoitzak bere berezitasunak azaltzen ditu: gotikoak, hippyak, punkiak eta japoak.
Hiztegi lagungarria
Anabasa. Nahaspila, ordenarik gabea. Adibidez: Umeok, a ze anabasa! Txukundu gela eta jaso jostailuak dena txukun-txukun utzi arte!
Baratza. Edo baratze, ortua. Lur-zati ez handia, jateko landareak hazteko. Adibidez: Baratzak porruak ematen ditu, tipulak, marrubiak... denetik.
Berrerabili. Berriz erabili. Adibidez: Normalean ahizpa txikiak zaharrenaren arropak berrabiltzen ditu.
Bilbon behar du. Ia seguru Bilbon dela. Adibidez: Autobusa aspaldi abiatu da Gasteiztik, eta honez gero, Bilbon behar du.
Bukatu berria. Bukatu zaharra ez, orain dela gutxi bukatua. Adibidez: Idazleak bukatu berria du bere azken poema liburua.
Elkarri diosala egin. Elkarri kaixo esan, agur egin. Adibidez: Mendizaleek elkarri diosala egiten diote mendian, nahiz ezezagunak izan.
Gotikoen zakuan. Gotikoen sailean, atalean, alorrean. Adibidez: Josuk aurpegi zuritua eramaten du, beltzez janzten da, eta ezpainak eta azazkalak ere beltzez margotuta eramaten ditu. Gotikoen zakuan sartzeko, nahikoa!
Irizpide. Zerbait epaitzeko araua. Adibidez: Saskibaloian bi epaile daude, eta jokaldi bat desberdin epaitzen badute, epaile nagusiaren irizpideak balio du.
Neure burua ez dut hippytzat hartzen. Neure burua ez dut uste hippya denik. Adibidez: Neure burua ez dut hippytzat hartzen estetika aldetik. Jarrera aldetik, agian, bai.
Tira! Beno! Adibidez: - Miren, ordubete atzeratuko dugu afaria? - Tira, ados.
Zaletasun. Afizioa. Adibidez: Jende askok bere zaletasuna lanbide bihurtu nahi du.
Zorri. Intsektu parasitoa, buru-zorria. Adibidez: Tximuek elkarri zorriak kentzeko ohitura dute.
Zuen tankera(tsu)koa. Zuen antzekoa (gutxi gorabehera). Adibidez: Olatz izan zen koadrilan sartu zen azkena, baina zuen tankeratsukoa al zen arropa kontuetan?
