Docutec
Kerman mintzalagun bila. Bahiketa
KERMAN: Aupa, egun on… Hau Maizpide barnetegia da, ezta?
DANI: Bai, halaxe da, egun on... Sartu nahi al duzu?
KERMAN: Ez, ez, ez. Lagun bat bisitatzera etorri naiz... Baina uste dut orain eskolan dago...
DANI: Oraintxe bertan ez zait iruditzen... Atsedenean gaude... Baina, sartu lasai... Zer mailatan dago zure laguna?
KERMAN: Ba ziur-ziur ez dakit... Baina nik esango nuke maila dezentea du...
JOXE: Zer izen du zure lagunak?
KERMAN: Mikel Pablo!
DANI: Mikel Pablo? Nik esango nuke aurten ez daukagula Mikel Pablorik hemen...
KERMAN: Hemen behar du, ba! Berak esan zidan barnetegira etorri behar zuen hil honetan... Ziur al zaudete? Agian ez zarete jabetu nor den, Mikel Pablo hain izen arrunta denez...
DANI ETA JOXE: Ez, ez... arrunta ez...
DANI: Agian beste barnetegiren batean egongo da…
KERMAN: Ez... Mikel Pablok esan zidan Lazkaora etorri behar zuen... Ama... Agian istripuren bat izango zuen bidean! Ene! Mikel Pablo...
AZALPENAK:
Esaldi konpletiboetan –ela ipini behar diogu aditz laguntzaileari, ez ahaztu. “Esango nuke maila dezentea duela”. “Uste dut eskolan dagoela”. “Esan zidan barnetegira etorri behar zuela”.
Kontuz, ez dira eta zuzenak «esango nuke maila dezentea du» «uste dut eskolan dago» edota «esan zidan barnetegira etorri behar zuen».
JOXE: lasai, “boludo”, agertuko da...
DANI: Ikasle-zerrenda ekarri dizut… Hala, lasaiago geratuko zara …
KERMAN: Erakutsi... Izan ere, hainbat idazkariek nolanahi hartzen dituzte datuak. Agian gaizki idatzi dute Mikel Pabloren izena...
JOXE: Harritzen naiz, gure idazkaria, Nati, oso langile fina da...
KERMAN: Zorionekoak zuek. Hainbat bulegoetan izan naiz ni, eta era guztietako idazkariak ezagutu ditut...
DANI: Zeure begiekin ikusi duzu, ba. Hemen ez daukagu Mikel Pablorik!
KERMAN: Non egongo ote da Mikel Pablo? Aizue, Zer egunean hasi ziren eskolak?
JOXE: Hilaren hasieran...
KERMAN: Ba, Mikel Pablok istripua izan bazuen... honezkero putreek janda egongo da... Ene... Edozer amildegian behera erorita, kotxe barruan...
DANI: Gizona, gizona, ez jarri horrela... Istripuren bat izan balu, esango zizuten honezkero.
KERMAN: Aizue! Hau komentua da, ezta?
JOXE: Hau da, horixe!
KERMAN: Ez zuten ba mojek bahituko! Hori da, hori da! Hainbat albisteetan irakurri dut komentuetan sekulako jende falta daukatela!
AZALPENAK:
Gogoan izan «zer egunetan», «edozer amildegitan» eta «hainbat albistetan» esan behar dugula, mugagabea erabilita. Horien tokian ez da zuzena izango «zer egunean», «edozer amildegietan» edota «hainbat albisteetan» esatea.
KERMAN: Apustu egingo nuke Mikel Pablo hor barruan dagoela! Are gehiago. Ziur nago horko horiek bahitu dutela!
JOXE: Kerman, mesedez, horrelakorik bururatzea ere!
DANI: Baina ba al daukazu frogarik?
KERMAN: Edukiko ez ditut, ba! Mikel Pablok hainbat eta hainbat egunetan ez du deitu... Gustatzen zaizkion hainbat tabernatan izan naiz asteburuan... eta ez dut ikusi...
DANI: Arrasto erabat erabakigarriak, bai jauna...
KERMAN: Eskerrak! Orain uste dut ulertu didazuela... eta nire alde zaudetela... Lagundu pareta igotzen! Banoa Mikel Pablooooooo!
JOXE: Kerman, ez al zaizu bururatu atera joan eta txirrina jotzea?
KERMAN: Ikusten dut zu bahitzaileekin negoziatzearen aldeko zarela... Ondo iruditzen zait, hainbat herritan hala egiten dute... Goazen!
DANI: Aizu, Kerman, guk utzi egin behar zaitugu, festa txiki bat daukagu barnetegian eta...
KERMAN: Benetan? Festa bat? Ba zuekin joango naiz!
JOXE: Eta... Mikel Pablo?
KERMAN: Mikel Pablo edozer bazterretan moldatzen da ondo... Gainera pasta goxoak emango dizkiote hor barruan! Eta hainbat egunez zain egon ondoren... zer da ba ordu pare bat?
AZALPENA:
Esaldi konpletiboetan –ELA atzizkia ipini behar diogu aditz laguntzaileari. «Uste dut barruan dagoela.» «Esan zidan barnetegira etorri behar zuela.» «Uste dut barruan dago» eta «esan zidan barnetegira etorri behar zuen», ez dira zuzenak.
Era berean, gogoratu «zer egunetan» eta «edozer amildegitan» esango dugula, mugagabea erabilita. «Zer egunean» eta «edozer amildegietan» baztertu egingo ditugu.
Hori gaur ikasitakoa. Zuek, beti esaten duguna: honekin edo harekin, baina egin!
