Docutec
Aktoreen adina sekretupean
Juanjo San Miguelek AEBetatik ekarriko du berria: Kaliforniako estatuko gobernadoreak aktoreen adina edo jaiotza-data argitaratzea debekatuko duen legea sinatu du.
Dirudienez, aspaldi kexatu ziren aktoreak adina askotan izan delako oztopo paper on bat lortzeko garaian.
Esataria.- Nazioarteko albisteak orain Euskadi Irratian. Estatu Batuetan, Kaliforniako estatuko gobernadoreak aktoreen adina edo jaiotza-data argitaratzea debekatuko duen legea sinatu du. Izan ere, aktoreen elkarteak dio adina, sarri, oztopo izan dela aktoreentzat paper bat lortzeko. Juanjo San Miguel.
Juanjo San Miguel.- Kaliforniako gobernadoreak presio handia jaso du zinema-aktoreen sindikatutik eta Estatu Batuetako irrati eta telebistako artisten elkartetik. Lege honek web orrialdeei debekatuko die aktoreen adina eta jaiotza-data adieraztea eta, batez ere, ordaintzen diren orrialdeek izango dute debekua. Aktoreei buruzko informazio zabalena eskaintzen duten orrialdeek, alegia.
Legea egiteko, gainera, kontu handiz ibili behar izan dute. Estatu Batuetako konstituzioaren arabera, adierazpen askatasunaren aurkako erasoa izan litekeelako debeku hau. Hollywood Kalifornian dago eta aktoreek behin baino gehiagotan azaldu dute euren kexa adina muga gabe zabaltzen delako. Aktoreen elkarteak dio adina, behin baino gehiagotan, eragozpen handia izan dela lana lortzeko. Batez ere, emakumeen kasuan. Sarri, itxura bat izan arren, adina jakiteak ateak itxi dizkielako emakumeei. Gizonezkoen kasuan, ez da hain nabarmena auzia, baina batzuetan gertatu izan zaie.
Aktore emakumeek beste kexa bat ere badute: gero eta paper gutxiago egiten dituztela adin bateko emakumeentzat. Gizonezkoek, 60 urte pasa arren, protagonista paperak egin ditzakete, baita galan paperak ere. Baina, emakumeek adinean aurrera egin ahala, gero eta aukera gutxiago dute eta aktoreek diote hor, itxura bat izan arren, esan bezala, adina garrantzitsua izan litekeela.
Aktoreek diote berriz gorputza lan-tresna dela eta eskubidea dutela aldaketak egiteko. Horrek aukera gehiago ematen badie lana egiteko.
