Docutec
Zer dugu komunean?
Bada galdera bat hain oinarrizkoa eta arrunta izanagatik, munduko ideologia jaso guztiak gainditzen dituena, eta da: nork egingo ditu etxeko lanak?
Euskadi Irratiko saio honetan, Maialen Lujanbiok hausnarketa egiten du etxeko lanen inguruan. Hainbat arlotan berdintasunaren bidean urrats sendoak egiten ari garela dirudien arren, auzi honetan ez dago aldaketa nabarmenik.
Bada galdera bat hain oinarrizkoa eta arrunta izanagatik, munduko ideologia jaso guztiak gainditzen dituena, eta da: nork egingo ditu etxeko lanak? Edo asko zabaltzen ari den pankarta batek dioen moduan “Denok eman behar dugu zerbait etxeko andreek dena eman ez dezaten”. Ez dut nik anaiarik izan, baina inguruan ditudan arrebek diote gauzak hainbeste aldatu diren honetan gauzak ez direla asko aldatu. Aitak, anaiak, koinatuak…, etxeko gizonek ez ikusiarena egiten dietela etxeko lanei. Arraska den putzu sakon eta ilun horrek izutzen omen ditu batez ere.
Ez dut nik anaiarik izan, baina izan dut aita eta izan naiz alaba. Badakit orain alaba gazte askok ere baliatzen duela etxeko rol-banaketa beraren alde. Alegia, alaba askok ere umetzen duela bere burua amarenean etxeko lanen ardurarik ez hartzeko. Eta tuntun-plantan amari utzi dena egiten. Eta amak ere umetzen dituela seme-alabak, eta ez-ohartu plantan, eta bakeagatik, ezer ez egiten utzi.
Alabak eta semeak, hala ere, berdintasunetik gertuago hezten dira orain. Gero eta berdinago, baina azpitik jota. Neskek etxeko lanen ardura hori utzi egin dute, zorionez. Neskek utzi egin dute eta mutilek ez dute hartu.
Ez naiz ni ere miss espartzu izendatzeko modukoa izan. Baina esango nuke, oro har, amarenetik ateratzean eta adin batetik aurrera, etxeko lanak egiteko mugitze hori neska gazteen artean ia arau bihurtzen dela, eta mutil gazteen artean ia salbuespen. Eta ez da, noski, kontu genetikoa, mendeetako entrenamendua baizik.
Gizarteratzean ikusten da hori ondo: ikasle-pisuetan edo lokaletan, gaztetxeetan esaterako. Gaztetxea den moduko jendarte berdinzale batek funtzionatzen duen jakiteko, begiratu ea komunak garbi dauden. Eta ondoren begiratu nork garbitzen dituen. Ze arraska gizonentzat beldurgarria baldin bada, komuna jada, komuna kokodrilo-zuloa da. Hori ez da sekula euren jurisprudentziakoa izango, garbitzeko esan nahi da.
Zer esango duzu? Gizonek soziedadeak asmatu zituzten kozinatu eta jan ondoren fregatu beharrik ez izateko. Elkarte gastronomikoak emakumeek asmatu izan balituzte, seguru asko fregatu egingo zen bertan.
Baina ez gara lehengo andre-gizonak; horrexegatik, juxtu, etxeko lanen kontuak txikizioak eragiten ditu orain. Orotariko bikoteak hausten ditu, elkarbizitzak hondatzen ditu eta familiak haserrarazten. Eta onartzen duzunean ez duzula etxeko lan hori hartzen, ez duzula hartuko eta, zer arraio!, ez duzula hartu nahi ere, orduan sortzen da lurrikara sortzen duen beste galdera hori: norbait hartu nork bere etxeko lanak egiteko, bai ala ez? Ze baiezkoa oso erabaki zilegia izanik, garbiketa oso lan duina, norbait hartze hori planteatzea, astindu bat da zure bizitzan, klase-kontzientzian. Astindu bat da zure emakume ikasian edo zure gizon ezkertiarrean. Eta gainera, lurrikara horrek errepika txikiak dakartza gero: “norbait hartu” esatean nor ikusten dugun. Eta nor hori nola, eta nor horrek zenbat. Eta, noski, errepika txiki horiek gero lurrikara handiago baten atari izan daitezke; alegia, ikustea nola amak familiagatik-edo debalde egiten zuen hura, beste norbaitek derrigorragatik ia debalde egiten dizun.
Lodituta, gaiarekin lotutako espresioak
