detalle dokuteka-generico-fitxa

Nola zahartu

Adinaren kontrako kremak asmatu dituzte, baina ergelkeriaren kontrakorik ez. Alferrik da: ez gara nahi bezain gazte zahartuko, azala leun eta eder. Heldu ere ez gara uste bezain gazte heldu: ez uste bezain haustaile, ez uste bezain desberdin.

Euskadi Irratiko Faktoriako irratsaio honetan Maialen Lujanbiok zahartzearen gaineko hausnarketa egin du.

Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

MAIALEN LUJANBIO. Adinaren kontrako kremak asmatu dituzte, baina ergelkeriaren kontrakorik ez. Alferrik da: ez gara nahi bezain gazte zahartuko, azala leun eta eder. Heldu ere ez gara uste bezain gazte heldu: ez uste bezain haustaile, ez uste bezain desberdin. Dena lehengoaz bestela egiteko bulkada genekarren, baina gehiena lehengoa bezalatsu gelditzen ari zaigu. Ez dena, hala ere, aldaketa batzuk izan dira, bai. Familian, adibidez, familia nuklearrak eztanda egin zuen eta familia-modu anitzak eta forma zehatzik gabeak sortu dira. Edo sortzen ari dira, zirriborroetan gaude oraindik. Harreman askeak, adibidez, monogamia auzitan jarri eta polimaitasuna defendatu, nahiz eta praktikan ez mono eta ez poli, dagoena gehienetan den monopoly maitasuna: badakizu, etxe bat hemen norberarena eta beste etxeren bat hor eta hotelen bat haruntzago. Alegia, harremanen irekitasuna planteamendu ideologiko bat baino gehiago dela, gehienetan kezka logistiko bat.
    Etxe bat esan dut, norberarena, baina hori ere ez dago erraza; eta ez zen helburua ere, ezta, nork bere etxe bat izatea? Bizi izan gara pisu oso konpartituetan, okupatuetan, alokairu bajuekoetan… Bizimodu independenteago baina taldekoago batekin egin genuen amets, baina orain, adin batetik aurrera, nor bizi da lagunekin?, edo lankideekin?, edo beste bikote edo beste familia batekin? Salbuespen ultrakoherente eta miresgarriak salbu, inor ez. Igual, koherentzia, ez da, gainera, bide azertatua; igual ez. Baina urteek izugarri konbentzionaltzen dute pertsona. Eta amorragarria da: norberak ez eta denborak izatea arrazoia.
    Gure garai hau ezlekua da orain, inflexio-puntua: lehengoa dena ukatu genuen –zuen txarra eta zuen ona ere bai– eta artean ez dugu berririk sortu, edo ez erabat, behintzat. Orain harremanak hain aske, sareak hain xare, lazoak hain laxo, loturarik nahi eza loturarik eza bihurtzen da, eta gero loturak nahi eta eza.
Eta bidean ahaztu egiten zaizu zahartzen ari zarela. Zahartuko zarela eta ezingo duzula espero seme-alabak zure kargu egiterik; akaso, izan ere ez dituzulako izan, edo izanik ere ez dutelako zure ardura euren destino derrigor bezala sentituko. Ezta lagun zaharrek ere, ezta behingo maitaleek ere. Azpikontratatu egingo dute zuretzat konpainia eta zaintza erakundeen esku utzi; eta ez dago gaizki erakundeei badagokie erantzukizun hori. Baina dena lehengoz bestela egiteko bulkada genekarren, eta gehiena lehengoa bezalatsu geratzen ari zaigu. Ezta? Eta pixkanaka konturatzen zara ez zela bakarrik bestelako helduaro bat amestea, pentsatu beharko dela nola zahartu ere. Eta orduan otutzen zaizu gaztetxeak sortu zituen belaunaldiari balegokiokeela, badagokigula zahar-etxeak asmatzea ere. Zahar-etxeak autonomoak eta autogestionatuak, bizilekua bestela ontzen joateko, bestela zaintzeko elkar. Azala zimur eta eder zahartzera iritsiko bagina ere..

 

x61pRelaContWAR



detalle2

Document library

C1
04-18-2016

x61pRelaContWAR

  • Maialen Lujanbio
16241162
00:04:16

x61pViewCountWAR

6668

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR