Docutec
Historiaren zorra
1914. urtean Albert Einsteinek bere emazte zen Mileva Marici emandako aginduak aztertuko ditu Goizalde Landabaso kazetariak Berria egunkariko artikulu laburrean.
1. Nire arropa eta etxekoa txukun egon beharko dira. Hiru otordu ekarri beharko dizkidazu nire gelara. Gela eta bulegoa garbi izan beharko dituzu, eta lan-mahaia nik neuk erabiltzeko baino ez da izango.
2. Arrazoi sozialengatik ez bada nireganako edozein harreman pertsonali uko egingo diozu, zehazki: etxean nire alboan jesartzeari, eta, osteratxoak edota bidaiak elkarrekin egiteari.
3. Ondorengoak izango dituzu gogoan: harreman intimorik ez dugu izango eta ez didazu ezer aurpegiratuko, eskatzen badizut ez didazu berbarik egingo, eskatzen badizut atoan irtengo zara nire gela eta bulegotik.
4. Gure semeen aurrean ez nauzu gutxietsiko, hitzez edo ekintzez.
Albert Einsteinek oraindik emazte zena Mileva Marici agindu zizkionak dira arestian idatzitakoak. 1914an. Orduko gizartea latza zen emakumeentzat. Horiek, iraingarriak eta ametiezinak. Hilabete gutxi batzuen ostean alde egin zuen Maricek. Grabitazio uhinak antzeman eta Einsteini arrazoi eman dioten honetan, gutxik gogoratu du Milena Maric. Emaztea izateaz gain, zientzialari bikaina izan zen. Egunkari honetan baino ez dut Maric aipagai irakurri. Maric gabe Einsteinek bere teoria garatuko ote zuen? Ez naiz horretan sartuko. Bitxia da, baina, Milena Marici buruz idatzitako urrietan, bai paperekoan eta baita sarean ere, zenbat erantzun sutsu dituen. Harritu nau arrapostuen zitalkeriak. Eta akordura ekarri dit beste hainbeste erantzun sutsu eragiten zituen emakume bat: Alma Mahler. Tamalez ez dira bakarrak. Rosalind Franklin, Ida Tacke, Lise Meitner, Hedy Lamarr, Mary Dixon Kies, Beulah Louise Henry, Dorothy Hodgkin, Esther Lederberg, eta baita Marie Curie bera ere. Emakumeekin alor guztietan gertatu da gauza bera. Ikusezinak izan dira.
Historia ez dute soilik irabazleek kontatu, irabazle diren gizonek kontatu dute. Historiaren erdia falta zaigu, beraz; eta ez dakit dagoeneko ez ote den berandu ezkutatu diguten historia berreskuratzeko.
