detalle dokuteka-generico-fitxa

Joxe Maria Aranalde

Joxe Maria Aranalde apaiz, irakasle, bertsozale, idazle eta euskaltzain urgazlea hil egin da (2005-09-24an), 72 urte zituela.

Joan den ostiralean, hil bezperan, hitz egin genian azkenekoz elkarrekin, telefonoz. «Zer moduz?», galdetu nik; eta «mottel antxean» erantzun hik, Joxe Mari, bi hitzak bustiz, egoerari larria kendu nahian. «Egurra ematen ditek hauek. Egurra!», argitu hidan, bestetan bezain hitz-jarioko ez hengoela eta barkazio eske bezala. Eta hauek esatean, denak batera aipatu nahiko hituen: medikuak, botikak, gaitza... «Eutsi goiari» esanez bideratu nian agurra. «Eskerrik asko», izan zituan hire azken hitzak.

Hik niri eskerrak ematen, nik hiri eman behar nizkianean! Hain izan haiz emari handiko ibai zabala! Gozamen hutsa zuan hirekin hitz egitea. Hain hintzen hiztun aparta! Gozamena areagotu egiten zuan hire gairik kutunenak hizpide: Orixe, bertsolaritza (batez ere, Xalbador), fedea, kirola... Hain izan haiz iturri oparoen bilgune! Eta politikaz ere inor gutxirekin bezain argi eta lasai hitz egin zitekeen hirekin. Hain hintzen gardena! Opari betea izan duk hire lankide eta adiskide izatea, Joxe Mari.

Orain, mila oroitzapen zatozkidak gogora. Bakarra kontatuko diat, inor gutxik jakingo duelakoan. Elizako testuen euskaratzaile izaki, han ari omen zineten talde-lanean Gloria euskaratzen, latinezko «laudamus te, benedicimus te [ ], gratias agimus tibi...» haien ordain egokia aurkitu ezinik, gogorregiak nonbait «goresten zaitugu, bedeinkatzen zaitugu, goresten zaitugu, ahuspez agurtzen zaitugu, eskerrak ematen dizkizugu...». Eta, orduan, hik: «gora zu, bedeinkatua zu, gorespen zuri, ahuspez agur, eskerrak zuri...». Itzulpen biribilagorik!

Bai. Eskerrak zuri, Jauna, Joxe Mari eman diguzulako opari.

detalle2

Document library

C1
09-29-2005

x61pRelaContWAR

  • Esnal , Pello
16235072

x61pViewCountWAR

1242

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR