Docutec
Errurik gabe 20 urte itzalean
20 urte eman ditu kartzelan Marco Contrerasek. Orain errugabetu dute, ez omen zen bera izan hiltzailea. Honela kontatu digu Juanjo San Miguelek.
Juanjo San Miguel. 1996an bi gizonezkok Los Angeles ondoko gasolindegi batean lapurreta egin zuten eta ondoren izandako tiroketan pertsona bat hil. Handik gutxira, Marco Contreras atxilotu zuten eta lekuko baten testigantza onartuta, epaileak bizi arteko kartzela-zigorra ezarri zion. Contrerasek 20 urte pasa ditu kartzelan eta orain libre utzi behar izan dute, lapurreta eta hilketa gertatu zirenean bera etxean lo zegoela onartu, eta egiaztatu dutelako beste bi gizon izan zirela hiltzaileak. Itxuraz Contrerasek eta hiltzaileetako batek antz handia dute eta horregatik lekukoak pentsatu zuen bera izan zela.
Auzia berraztertu eta Contreras libre uztea Errugabeen aldeko Proiektua izeneko erakundearen lanari esker lortu dute. Erakunde honek okerren ondorioz kartzelan sartutako pertsonen alde lan egiten du. Abokatuz eta boluntarioz osatuta dago eta beraiek egindako lanari esker, esan bezala, lortu dute Contreras libre uztea.
Erakunde honek dio Estatu Batuetan horrelako kasu asko dagoela eta abokatu on bat ordaintzeko dirurik ez duenak aukera asko duela kartzelan bukatzeko, lekukoren batek zerbait leporatu badio edo errugabea dela egiaztatzeko aukerarik ez badu.
Contreras hispanoa da; Estatu Batuetako presoen hirutik bi hispanoak edo beltzak dira. Hauek besteek baino aukera gehiago dute atxilo ditzaten, eta ondoren zigortu eta kartzelara joateko.
Beste era batera esanda
Los Angeles ondoko. Los Angeles aldameneko.
Handik gutxira. Handik denbora gutxira.
Lekuko baten testigantza onartuta. Lekuko batek adierazitakoa onartuta.
Bizi arteko kartzela-zigorra. Betiko kartzela-zigorra.
Eta egiaztatu dutelako beste bi gizon izan zirela hiltzaileak. Eta demostratu, ziurtatu dutelako beste bi gizon zirela hiltzaileak.
Itxuraz Contrerasek eta hiltzaileetako batek antz handia dute. Dirudienez Contreras eta hiltzaileetako bat oso antzekoak dira.
Auzia berraztertu. Auzia berriro aztertu.
Okerren ondorioz. Hutsegiteen erruz.
Abokatuz eta boluntarioz osatuta dago. (Erakundean) abokatu eta boluntarioak daude.
Aukera asko duela kartzelan bukatzeko. Aukera asko duela espetxera joateko.
Zerbait leporatu badio. Zerbait egin duela esaten, aurpegiratzen badio.
Aukera gehiago dute atxilo ditzaten. Errazagoa da atxilotuak izatea.
