Docutec
Sukaldatu ala janaria prestatu?
Euskadi Irratiko Mezularia saioan 'sukaldatu' hitza erabili behar dugun ala bazterrean laga behar dugun galdetu diote Ibon Sarasola euskaltzain eta hiztegigile entzutetsuari.
Hemen duzu bere iritzia gai horren inguruan.
ESATARIA 1. Galdera dugu zuretzat, e, aste honetan ere.
IBON SARASOLA: Pentsatzen nuen.
ESATARIA 1: Sukaldatu. Gero eta gehiago ikusi… Bueno, ikusi ez, baina entzun eta irakurtzen dugu sukaldatu.
IBON SARASOLA: Bai.
ESATARIA 1: Zuzen ote gabiltzan?, edo 'sukaldean aritu' esan behar dugun?, 'kozinatu' esatea egokiagoa ote den?
ESATARIA 2: Niri hasieran errieta egiten zidaten ‘sukaldatu’ aditza esateagatik.
IBON SARASOLA: A bai, e? Non hori? Nork?
ESATARIA 2: Ezin dut esan.
ESATARIA 1: Sukaldean.
ESATARIA 2: Baina esaten zuten hori, ikastoleroen kontu bat zela pixka bat.
IBON SARASOLA: Eta zer esateko esaten zizuten horren ordez?
ESATARIA 2: Ba, janaria prestatu.
IBON SARASOLA: Jode, hori batzuetan izango da. Hain zuzen ere hortaz… Goazen hasieratik hastera. Bale? Hitza interesantea da ze askotan antzeko gauzak pasatzen dira. Holakoetan beti jartzen dira bi traba-edo, hitz berrien kontu horretan. Lehendabizikoa, gaizki eratua dagoela: “ba, zein da hori?, nondik ateratzen da? hori gaizki egina dago..” Niri ez zait kriterio zuzena iruditzen. Esan nahi dut Euskaltzaindiak adibidez ‘laborategi’. Laborategi munstro bat da. Laborategi eta laboratorioren artean, ba, laborategi aukeratu zuen, ze erabiltzen zen eta euskaldun itxura handiagokoa zen, nahiz eta euskara aldetik oso gaizki eratua egon, ezta?
Gero ‘sukaldatu’ gaizki eratua dagoela? Ez dakit, ba, nik. ‘Sukaldari’ jende guztiak onartzen du, ezta? Ez dago inongo problemarik. ‘Sukaldatu’, bueno, ez dakit, ba, nik noraino dagoen gaizki eratua.
Eta hirugarren arrazoia Euskaltzaindiak ere askotan erabiltzen duena hiztegian, esateko ‘ez daki zer’ hobe ‘ez dakit zer’, ezta? Eta hemen berdin. ‘Sukaldatu’ ez, hobe ‘prestatu’. Bale, batzuetan bai eta ez dio toki hori jango, baina beste batzuetan ez du balio. Esan nahi dut… Nik esan behar baldin badut: “Oiloa lumatu eta prestatu zuen”, zer ulertzen duzu hor? Ze, klaro, oiloa lumatu, gero partitu zuen –prestatu zuen– eta gero sukaldatu zuen. Esan nahi dut kontestu batzuetan ‘prestatu’ ez da nahiko argia. Jeneralean bai, eta nik ere jeneralean erabiliko nuke, ezta? Are ‘sukaldatzeko ontziak’, bueno, ‘janaria prestatzeko ontziak’, bale; eta hola. Baina, bueno, “garbantzuak prestatu?”, ba, igual bai, baina, bueno, baina batzuetan… Nik, egia esan, ‘sukaldatu’ behin erabili dut eta ez nuelako beste erremediorik. Kontestu hartan ‘prestatu’ ez zen ondo gelditzen.
Orduan, nik zer egingo nuke? Klaro, beste alternatiba kozinatu da.
ESATARIA 2: Edo egin. Adibidez, “zer sukaldatu duzu bazkaltzeko?” esan beharrean, “zer egin duzu bazkaltzeko” edo.
IBON SARASOLA: Bai, bai. Baina ezin litekeena da, Atxagak askotan esaten duen bezala, ezin euskaraz idatzi edo hitz egitea atletismo proba bat bihurtu. Esan nahi dut, badago adibidez frantsesez, badakizu literato moderno hauek eta… Batek idatzi zuen nobela bat ‘e’ bakar bat gabe. Bale, oso ondo: lortu duzu nobela bat idaztea eta nobela guztian ez da ‘e’ letra bakar bat.
ESATARIA 1: E-rik gabe?
IBON SARASOLA: E-rik gabe: a-i-o-u-rekin konponduta. Oso ondo, bale, egin duzu. Baina hori ez da bidea, esan nahi dut. Guk ere `sukaldatu’ inoiz erabili gabe idatz dezakegu. Bai, baina atletismo, zera, jardunak egin behar baditugu ez dakit noraino merezi duen. Nik uste dut gauza askoz sinpleagoa dela. Erabili dezagun ‘egin’ ondo doanean, erabili dezagun ‘prestatu’ edo ‘janaria prestatu’ ondo doanean eta, dena eskas gelditzen denean, erabili dezagun ‘sukaldatu’, ez da ezer gertatzen. Eta orduan ‘sukaldatuk’ egingo du bere bidea, ez du baztertuko ez ‘prestatu’ eta ez ‘egin’, baina, bueno, esaten dudana, gauzak natural egin behar dira eta natural ateratzen bazaizu ‘sukaldatu’ ba… Barazkiak nik garbitzen ditut, prestatzen ditut –hau da, ebakitzen ditut– eta gero sukaldatzen ditut. Eta zer pasatzen da! Beraz, hori dela bidea uste dut.
ESATARIA 2: Onespena ematen diozu, orduan, ‘sukaldatu’ hitzari.
IBON SARASOLA: Onespena esan nahi dut ez dudala arrazoirik ikusten “hori traba egiteko, hori gaizki dago….” eta esateko. Bere bidea egin dezala eta hor konpon.
ESATARIA 1: Eta listo!
