Docutec
Txokolatea
Badu zerbait txokolateak. Zientziak dioenez, afrodisiakoa da; sabela omen du suspertzen, burmuinak bixkortzen, adimena kitzikatzen, kariesa eragozten, odolbilduak galarazten, umore ona pizten...
Duela hiru mila urte aztekek ordurako laboratzen omen zuten kakaoa edo txokolatea. Maiek, berriz, garaitsu berean (Hernán Cortés jauna «sua jaurtitzen zuten egurrez» arruntean lapurtzera muturren aurrera agertu zitzaien arte), beren enperadoreari, sosik ez eta, zerga gisa ematen omen zioten, haren graziaren ordainetan. Moktezuma buruzagiak bost mila kintal omen zituen bilduak, atera kontuak; denak ere noski Hernan kortesaren bidez Gaztelako gortera ekarri zirenak.
Handik aurrerakoa jakina da: kakaoa berehala hedatu zen Europako aristokraziara; gero, pentsalariek, poetek, musikariek ahots handiz goraipatu zuten txokolatearen bertutea; geroago, herri xeheak ere beretzakotu egin zuen atseginez; azkenik, XIX. mendearen hondarrean, egungo tableta moduan atera zen Ingalaterran; Suitzan txokolategile on ospetsuak sortu ziren, eta Frantzian, eta Alemanian... gaur arte.
Bien bitartean Luis XIV.aren emazte Mari Antonietak aldean zeraman beti bere txokolatetxoa; Sade-ko Markesak txokolatea lepo janez jokatzen zituen bere idatzietako pertsonaiak; Alejandro Dumasek parranda aurretik eta ondoren hartzeko gomendatzen zuen; Mozartek, Proustek... Goethek: «Nire laztanari loreak eta txokolateak bidaltzen dizkiot, berarenganako nire amodioa zein ederra eta goxoa den jakin dezan».
Badu zerbait txokolateak. Zientziak dioenez, afrodisiakoa da; sabela omen du suspertzen, burmuinak bixkortzen, adimena kitzikatzen, kariesa eragozten, odolbilduak galarazten, umore ona pizten... Zeren zain zaude zure bihotzeko Mari Antonietari, bere graziaren ordainetan, zerga gisa, Goetheren hitzekin, txokolatez betetako esku-erakutsia egiteko?
