detalle dokuteka-generico-fitxa

Autoa partekatzea, ohiko bidaien alternatiba

Aukera eta beharra. Edonork erdibanatu dezake bidaia, autoa eduki edo ez, lanerako joan-etorria egiteko edo oporrak igarotzeko. Garraio publikoen zerbitzuak, gehienetan, ez dira nahikoak izaten.

Behin baino gehiagotan salatu dute garraio publikoak ez dituela herritarren beharrak asetzen. Bitartean, ibilgailu partikularren joan-etorriek errepideak erabat betetzen dituzte. Bi arazooi aurre egiteko, bidaia bera egin nahi duten pertsonek autoa partekatzen dute, nahiz eta batzuetan elkar ez ezagutu. Europako iparraldean nahiko ohikoak dira halako bidaiak, baina gurean oraindik ez dago kontzientziazio nahikorik.

Elena Egurrola orain sei urte hasi zen lanean Donostian, eta egunero Eibar eta Donostia arteko joan-etorria egiten du. Azken hiru urteotan, ibilbide hori autoz egiteko prest dauden pertsonen bila aritu da. Izan ere, garraio publikoaren eskaintza nahikoa ez dela azaltzen du. Trenak, esaterako, bi ordu eta erdi behar ditu Eibarren eta Donostiaren arteko joan-etorria egiteko, «denbora luzeegia, seme-alabak zaindu behar dituen ama bainaiz». Ikasle autobusetan ere bidaiatu zuen orain urte batzuk.

Halaber, zerbitzu publikoak garestiak bide dira, eta beherapenak ez dira nahikoak: «Enpresa batzuek hilabeterako txartelak edo bidaia kopuru zehatz bat egiteko txartelak eskaintzen dituzte, baina PESAk, Eibar eta Donostia arteko ibilbidea egiten duenak, urte osorakoak baino ez ditu».

Beraz, garraio publikoaren eskaintza nahikoa ez zela ikusirik, autoz joatea erabaki zuen, baina ez bakarrik. Bidaideak bilatzeari ekin zion, bidaiaren gastuak partekatzeko eta lanaldira egokitutako joan-etorriak egiteko. Autobusez egindako bidaietan, Elena Egurrolak arazo bera zuten bi lagun ezagutu zituen, eta horiekin hasi zen autoa partekatzen. Bi lagun horiek, baina, zirkulazio istripu batean hil ziren. Elena Egurrolak hainbat bide erabili ditu bidaideak aurkitzeko. Esaterako, Eibarko "Eta kitto" aldizkarian iragarkiak jarri ditu, baina berari, behintzat, ez dio fruiturik eman.

Bidaideak lortzeko erak

Hala ere, iragarkiak jarri dituzten beste batzuek lortu dute bidaia partekatzeko prest dagoen norbait aurkitzea. «Hori ordutegiaren araberakoa da; ni goizean goiz irteten naiz, eta agian zailagoa izango zait norbait aurkitzea». Horren harira, bidaideak lortu nahi dituztenek elkarri laguntzen diote, guztiek dituzten ordutegiak jendartean zabalduz.

Elena Egurrolak azaldu du bidaide bat aurkitzeak buruko min dezente eragiten duela. Horregatik nahiago du umore onez hartu: «Eibarko norbait ikusten badugu Donostiako kaleetan, agurtu aurretik ia-ia "nola etortzen zara?" galdetzen diogu. Nahitaezko galdera da». Azken urteetan, Elenak Alicia Larrinaga herrikidearekin partekatzen ditu bidaiak. Hala eta guztiz ere, sasoi batzuetan Donostian behin-behineko lanak egin behar izaten dituzten lagunak gehitzen zaizkie. Horregatik, bilaketa ia etengabekoa da, eta egun ere lan horretan dabiltza.

Bidaia partekatuen helburu nagusietako bat gastuak pertsona gehiagorekin ordaintzea da. Elenak eta Aliciak gasolina eta autobidea erdibana egiten dute, eta bakoitzak autoa txandaka hartzen du. Hala ere, beren bidaidea izan nahi duenak ez du zertan auto bat eduki. Izan ere, baldintza horrek daitezkeen bidaideen kopurua gutxituko luke. Autobideko bidesarietan izan diren beherapenak igarri dituztela esan du Eibarko emakume horrek.

Halaber, ezezagun batekin autoa partekatzea egoera deserosoa izan daitekeela onartu du Egurrolak, baina berak ez du halako arazorik izan, Alicia aurrez bistaz ezagutzen baitzuen. Egunek aurrera egin ahala, bidaideen arteko harremanak sendotu ohi dira.

Webgune baten beharra

Halaber, Elena Egurrolak salatu du Gipuzkoan ez dagoela webgunerik autoa konpartitu nahi dutenak harremanetan jartzeko. «Debabarrena eskualdean jende piloa gara egunero-egunero Donostiara etortzen garenok zerbitzu sektorean edo Administrazioan lan egitera. Ez dira gutxi ere kontrako bidea egiten dutenak. Horregatik, Elenak bere kexa agertu du: «Askotan hitz egiten dute garapen eta garraio jasangarriaz, baina gero urteak hori praktikan jartzen daramatzagunoi ez digute inolako erraztasunik ematen. Ez dago eskubiderik. Uste dut Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbait egin dezakeela gai honen inguruan, asko baikara zerbitzu horren beharrean gaudenok. Interneten begiratzea baino ez dago horretaz ohartzeko». Elena Egurrolak iradoki du bidaia konpartitu nahi dutenak sakelako telefonoko mezuen bidez harremanetan jartzea.

Egun, Euskal Herriko bi webgunek baino ez dute bidaideak aurkitzeko zerbitzua eskaintzen, hain zuzen, Bilboko Udalaren webguneak eta Arabako Foru Aldundiarenak. Biek ala biek Kataluniako Compartir.org webgunera lotura bana dute. Bertara sartzea erabakitzen badugu, iragarki bat jarri ahal izango dugu egin nahi dugun bidaiaren datu nagusiak idatziz. Besteak beste: gure datu pertsonalak, (autoa badugu) kotxearen ezaugarri nagusiak eta bidaiaren data, ordutegia eta ibilbidea. Guk idatzitako informazio hori Compartir.org-en izena ematen duten erabiltzaileek ikusi ahal izango dute, eta horietako norbaitek interesik badu, gure posta elektronikoan mezu bat jasoko dugu. Erabiltzaile horrekin ados jartzea lortzen badugu, bidaia partekatzeko prest izango gara.

Europa eta kontzientziazioa

Europako iparraldean eta, batez ere, Alemanian urteak dira jendeak halako joan-etorriak egiten dituela. Euskal Herrian, berriz, oraindik oso jende gutxi ausartzen da norberaren autoa edo bestelako ibilgailua partekatzera, eta nahi baino gehiagotan ikusten dugu gidaria bakarrik bidaiatzen.

Francesc Pallarols Kataluniako Compartir.org-ekoak aurrez ikusi duenez, «denbora luzea beharko da ohitura gure artean zabal dadin, baina ez da ezinezkoa; izan ere, orain hamar urte nork uste zuen etxe guztietan zaborra birziklatzeari ekingo genionik?».

Bestalde, Europan ere bada beste sistema bat autoa partekatzeko. Enpresa batzuek car-sharing ("auto partekatua" ingelesez) deitutako zerbitzua eskaintzen dute. Sistema ondokoa da: bezeroak enpresari auto bat eskatzen dio, lanera joateko, erosketak egiteko edo dena delakoa egiteko. Gasolina enpresak emandako txartel batekin ordaintzen du bezeroak, eta autoaren asegurua ere konpainiaren ardura da. Autoa erabili ostean, bezeroak enpresarekin hitzartutako toki batean uzten du autoa, eta enpresak zerbitzuaren kostua kontu korrontetik kobratzen dio.

Enpresa horiek udalen eta Europako Batasunaren diru laguntzak jasotzen dituzte, eta 20 bat hiritan daude, tartean: Bremenen, Alemanian; Genoan, Palermon eta Turinen, Italian; Londresen, Britainia Handian; Stockholmen, Suedian; eta Lovainan, Namurren eta Bruselan Belgikan.

Udako oporretan bidaide gehiago ezagutzeko aukera

Norberaren auto pribatua partekatzen duten gehienetan lantokira joan-etorria egiteko izaten da. Hala ere, uda-partean jende ugarik iragarkiak jartzen ditu oporretako bidaiak ingurukoak ez diren beste pertsona batzuekin partekatzeko. Opor horien aldeko hautua egiten dutenak, gehienetan, gazteak dira. Gehienetan, helburu nagusiak bi izaten dira: sosa gutxiago gastatzea eta, batez ere, jende gehiago sakonki ezagutzea.

detalle2

Document library

B2
08-05-2004

x61pRelaContWAR

16159567

x61pViewCountWAR

10639

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR