Erabilera bakarreko plastikoak
Gure ingurumenari plastiko-hondakinek era guztietako kalteak eragiten dizkiote eta agintariak hasi dira ohartzen erabilera bakarreko plastikoak irtenbideak behar dituela lehenbailehen.
Horregatik, 2025tik aurrera Europar Batzordeak erabilera bakarrekoak diren botilak, mahai-tresnak, platerak eta tankerako produktuak debekatu egingo ditu. Bideo honetan azaltzen dira zer nolako kalteak eta arazoak sortzen dituen plastikoaren kontsumo ikaragarri honek.
Eitbko web-orrialde honetan gaiari loturiko albiste bat irakurgai.
AURKEZLEA.- Plastikoaren aurka Europar Batzordeak hasitako borroka aurrera doa. Eta gaur ingurugiro arduradunak adierazi duenez erdira jaitsiko balitz plastikoaren kontsumoa errepideetatik 13 milioi auto kentzearen pareko onura ekarriko lioke ingurugiroari.
Hortik etorri da azken zuzentaraua. Erabilera bakarreko plater, mahai-tresna, botila edo pajitak (lastotxoak) material jasangarriekin egin daitezen. Era berean ekoizleek hondakinen kudeaketan parte hartu dezatela gomendatzen du. IHOBE, Eusko Jaurlaritzak ingurugiroa kudeatzeko duen erakundetik adierazi digutenez, badu gure egunerokoan eraginik.
IHOBEko TEKNIKARIA.- Hobetu beharko dugula plastikoaren orokorrean birziklapena eta batez ere plastiko batzuk desagertu egingo dira gure bizitzatik.
AURKEZLEA.- Eta plastikoak nonbait kalte handia egiten badu, itsasoan da. Orain desagerrarazi nahi diren plastikoen mota itsasoan dagoen zaborraren % 70 dira. Eta gainera, oso kaltegarriak itsasoko animalientzat.
IHOBEko TEKNIKARIA.- Plastiko horiek sartzen dira, ba, beno, esate baterako, animalien gorputzetan.
AURKEZLEA.- Euskadin urtero 150 mila tona plastiko sortzen ditugu eta % 35 birziklatzen da. 2020rako kopuru hori gehitzea da helburua.