Uztapide, bertsokera bizi eta naturala zuen bertsolaria

Manuel Olaizola Urbieta 1909ean jaio zen Endoia auzoko 'Uztapide' baserrian, Zestoan, eta 1983ko ekainaren 8an hil zen. Euskal Herriak eman duen bertsolari handienetako bat izan zen. Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo urteetan herriz herri ibili zen bertso-kantari Basarri bertsolariarekin batera, bertsolaritzari eutsi nahian.

Euskal Herriko hiru bertso-txapelketa nagusi irabazi zituen: 1962, 1965 eta 1967an. Sonatua izan zen, azken txapelketa horretan, Xalbador bertsolariari jotako txistuak, Xalbadorrek berak txalo bihurtu zituena.

Uztapide eta Xalbador bertsolariak


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA. Manuel Olaizola Urbieta 1909ean jaio zen Endoia auzoko 'Uztapide' baserrian, Debako mugen barmena baina Zestoatik gertuago. Euskal giro peto-petoan. Txikitatik ganbara bertso zaharrez betea zuela, 1935ean, etxetik hurre, Lasturren egin zuen lehen bertso saioa eta hurrengo urtean 1936an 2. geratu zen 'Uztapide' gaztea bertsolari-txapelketako finalean.
Francoren altxamendua eta garai ilunak etorri ziren gero, 'Basarri’rekin bikotea osatuta bertsoaren sua bizirik mantendu zuten herriz herri, esan liteke bi bertsokera ezberdin uztartzen zituztela Basarrik eta Uztapidek. Uztapidek, zestoarrak berezkoa zuen bertsokera bizi eta naturala, Txomin Garmendia bertsolariak ahotik ahorakoa deitzen diona.
TXOMIN GARMENDIA BERTSOLARIA. Uztapide ahotik ahora kantatzeko nik ezagutu dudan onena zan (zen). Basarri 3 edo 4 bertso kantatzeko gai bati hobea zen, hark goiko maila harrapatzen zuen. Baina ahotik ahora, herri-mailan, nik ezagutu dudan onena Uztapide zen.
KAZETARIA. 62, 65 eta 67an txapelketa nagusiak irabazi zituen, hiru txapela segidan. Denak ez ziren beti ados izango, Xalbadorri emandako txistukadarena izan zen esaterako, 'Uztapide'k azken txapela jantzi zuen finala, argi dagoena epaileek bertsotarako modu natural eta bizi hura goraipatu zutela. Hain zuzen, 1967ko final hartan hauxe Uztapidek oherari kantatu zion bertsoaren amaieran:
    Bere aurrean aurkeztutzen naiz
    Eta jarriko naiz umil.
    Ohe zuri batean jaio nintzan ta
    Ohe zurian nahiko nuke hil.

Txomin Garmendiak dio hizketan bezala egiten zuela 'Uztapide'k bertsotan. 1971n, Manuel Lasarterekin kantuan zela, kotxearen alde jarri zuten; Lasarte, berriz, trenaren alde. Hauxe Uztapideren 1. Bertsoaren amaiera.
     Kotxe polit bat erosi det ni
     Bainago aberastuta.
     Honi trena gustatzen zaio
     Automobilik ez du-ta.


Zirtolari eta umoretsu, 1972ra arte jardun zuen plazaz plaza. Donostian bertso-saio batean zela, ondoeza sentitu eta mutu geratu zen arte. Baina bere kastaren seinale, buelta eman zion egoerari.
TXOMIN GARMENDIA BERTSOLARIA. Pixkanaka-pixkanaka, bere onera etorri zen ostera. Gogoratzen naiz, joan nintzen bisitara eta ordurako hizketa hasita zegoen. Azurmendi kontratista famatua, gure moduan, bisitan joanda zegoen. Atera zuen hizketa Azurmendi horrek azukrea [diabetesa], baina egarririk ez zuela behin ere izaten. Eta Uztapidek “Nola izango zenuen ba, edan egiten zenuen eta!”.
Umoreari eutsi zion eta ahotsa berreskuratu arren, ez zen plazara itzuli Manuel Olaizola, eta azken urteetan idazteari ekin zion, bere oroitzapenak jaso zituen Sasoia joan eta Gero eta Lehengo egunak gogoan liburuetan, ahozko hizkera hori erabiltzen zuen idatzian ere. Duela 35 urte, 1983ko ekainaren 8an hil zen euskal sustrai sakonenetik loratzen zen bertsolaria, Uztapide.

C1
06-08-2018
16144436
00:03:16
1995