Docutec
Medikuei diegun beldurra uxatzearen garrantzia
Haurra lehen aldiz medikuarenera hurbiltzen denean arrunta izaten da beldurra izatea, baina garrantzitsua da txikitatik beldur hori gainditzen irakastea. Nola? Basurtuko ospitalean badute formula bat.
EHUko lehen mailako medikuntzako ikasleek, profesionalek egiten duten lana erakusten diete urtero Basurtuko ospitaleko jardunaldi batzuetan. Zer diren larrialdiak, zer ebakuntza-gela... baina baita osasuntsu egoteko aholkuak ere. Medikuntzako ikasleek kontatu dutenez garrantzitsua da haurrek txikitatik honelako gauzak ikastea, gero medikuen aurrean nola jokatu jakin dezaten.
Irratsaio osoa hemen entzun dezakezu.
ESATARIA.- Haurrekin medikuarenera joatea ez da lan erraza izaten askotan. Gerora gaixotasunaren aurrean heldu asko baino ausartagoak direla erakusten duten, duten arren, lehen begiratuan medikuek mesfidantza sortzen diete sarri haurrei. Eta horregatik ez da arraroa haurrak diren kontsultetan negarrak entzutea. Beldur horiek uxatzeko ahaleginean aritzen diren mediku-ikasleekin eta haurrekin izan da Olatz Arriola-Bengoa.
OLATZ ARRIOLA. - Haurrek behin baino gehiagotan egin dute medikutara jolas. Badakite zein soinu egiten duen anbulantzia batek, eta badakite, aldi berean, hobe dela barruan joan beharrik ez izatea. Medikua gaixoak osatzeko dagoela ere badakite, baina hala ere, kontsultara joaterako orduan asko dira beldur. Artxandape ikastolako lau eta bost urteko haurren artean denetarik dago. Batzuek medikuarenera beldurrez doazela onartzen dute. Besteek, berriz, ezetz, ausartak direla.
HAURRA 1. Nik ez daukat beldurrik, ze ez dute egiten minik. Bakarrik pintxazoa. Baina minutu batean pasatzen zait.
HAURRA 2. Beldurra ematen dit. Bai. Ze pentsatzen dut: ematen didate txertoa.
OLATZ ARRIOLA. - Basurtoko Ospitalean urtero medikuek egiten duten lana haurrei azaltzeko jardunaldiak egiten dituzte. Medikuntza-ikasleen azalpenak jasotzen dituzte.
MEDIKU IKASLEA 1. Jarri hauek, goazen entzutea aber zer daukan Alaznek, bai? Entzun behar dugu bere bihotza. Aber entzuten duzun! Zaila da, e? Entzuten duzu zerbait?
Haurra 3. Bai.
MEDIKU IKASLEA 1. Bun, bun, bun, bun… Bai? Oso ondo. Horiek dira bihotz-taupadak. Hori da, bizirik dagoela. Ze ondo, ezta?
OLATZ ARRIOLA. - Ikasiak dira haur asko dagoeneko, ospitalea bisitatu behar izan dutenak ere bai, nahiz eta frogen izenak zailegiak diren esateko. Medikuntza-ikasleek diote garrantzitsua dela profesionalen lana ezagutzea beldurrak uxatzeko.
MEDIKU IKASLEA 2 Gogoratzen naiz txikitan medikuarengana edo dentistarengana joaten nintzenean beldurra ematen zidatela beraien maskarak. Ez nintzen… benetako pertsona maitagarriak bezala ikusten. Orduan hori transmititu behar zaie. Orain igual ez dira konturatuko ze lasaitasuna ematen dien, baina aurrera begiratuta oso garrantzitsua da orain jakitea zer ikusiko duten, eta hori dena aldez aurretik jakitea.
OLATZ ARRIOLA. - Baita biharko egunean hartu beharko dituzten erabakien aurrean nola jokatu ezagutzen joateko. Baina nola ulertarazi haur txikiei halako gauzak?
Mediku-ikaslea 3. Guztia jolas bat balitz bezala azaldu behar zaie. Klase dinamikoa egin eta saiatu haiek parte hartzen denbora guztian, eta ez aspertzen.
Mediku-ikaslea 1. Jokoen bitartez eta panpinekin, ba oso dibertigarria egiten da, benetan, nik uste.
OLATZ ARRIOLA. - Nolanahi ere txikiak dira, baina azkar ikasten dute zer egin behar duten sano egoteko.
Mediku-ikaslea 2. Eta gaur gauza bat oso garrantzitsua egin behar duguna hortzekin. Zer da ? Beti. Jan eta gero egin behar duguna.
HAURRAK.- Hortzak garbitu!!!
MEDIKU IKASLEA 2.- Hori da. Oso ondo.
OLATZ ARRIOLA. - Etxean ohitura osasuntsuak hartzea garrantzitsua da, bai eta medikuntzarekin zerikusia dutenei buruz naturaltasunez hitz egitea. Beraz, familientzako aholkua, etxeko egongela ospitale bihurtu, eta jolastera.
