Docutec
Konplize ditut eta
Martxoaren 8ko Emakume Langileen Eguna ospatzeko, kanta bat bezalakorik ez dagoela pentsatuta, hona hemen gure proposamena. Gozatu!
Amasa-Villabonako emakume guztiei eskainia. Emakumearen Nazioarteko egunaren aitzakian, Amasa-Villabonako Udalak Odei Esnaolari enkargatutako bideoa.
Egilea: Odei Esnaola
Musika: Mikel Markez
Hitzak: Uxue Alberdi
Abeslariak: Mikel Markez, Aire ahizpak
Iruditan: Amasa-Villabonako emakumeak
I
Emakume zuzenak,
okerrak, kirtenak,
moja txintxoak eta
zerrama irtenak,
itsusiak, politak,
atletak, herrenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak (bis)
II
Langileak, alferrak,
lanik ez dutenak,
tuntunak, mediokreak,
klaseko lehenak,
ale desegokiak,
andre txit gorenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak (bis)
III
Ama onak (e)ta txarrak,
ama ez direnak,
lurrera jausi arte
mozkortzen onenak
(e)ta umeen merienda
usaina dutenak
konplize ditut eta
maite ditut denak (bis)
IV
Lotsatiak, ausartak
argalak, gizenak,
iletsuak, soil-soilak,
marimutilenak,
katemeak, gorilak
panterak, zezenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak (bis)
V
Lehen munduko emeak,
kapitalistenak,
lur usaia daukaten
andre indigenak,
zuri, gorri, horiak,
beltzetan beltzenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.
VI
Markesaren alabak,
neskame gizenak,
printzesak (e)ta sorginak,
ogroak, sirenak,
Maritxuak, Bartolo
itxura dutenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak (bis)
