detalle dokuteka-generico-fitxa

Txinatar medikuntza tradizionalean murgiltzen

Aspaldikoa da txinatarrek botanikarekin duten lotura eta horren gainean duten jakinduria eta egiten duten erabilera. Medikuntzako idatzirik zaharrena K.a. I. mendekoa da, Shen Nong botanikari txinatarrarena, eta bertan 365 droga jasotzen dira. Tang materia medikoa, K.o. 659. urtekoa da; ustez, munduko farmakopea ofizial zaharrena da, eta 844 droga deskribatzen dira. Materia medikoaren bilduma Li Shizhenek (1518-1593) osatu zuen. Bilduma hori 53 alek osatzen dute, eta 1.892 substantzia eta 10.000 errezeta baino gehiago agertzen dira bertan. Hogeita hamar urteko lanaren ondorio izan zen eta drogen aipamenaz gain, horien itxura, ezaugarriak eta elaborazioa azaltzen dira; beraz, bilduma farmakologikoa baino gehiago, naturaren historiaren lan zabal eta bikaina da.

1. Harremanak
Elgoibarko Institutuak 1999. urtean jarri zuen abian Erizain Laguntzaileen hezkuntza-zikloa. Ikasketa horien zati handi bat praktikoa da eta horietatik 400 orduko trebakuntza-enpresetan (ospitaletan, zaharren egoitzetan, dentisten kontsultetan, etab.) egiten dira. Europar proiektuei esker -Leonardo proiektua gure kasuan-, lan-praktiketako 400 ordu atzerrian egin daitezke. Gure ikastetxeak, 2000. urtetik aurrera, Finlandiako Ylivieska herrian dagoen YTSO (Ylivieska Institute of Technology and Social Services) ikastetxearekin dauzka harremanak, eta horri esker urtero hiruzpalau ikasle joaten dira Ylivieskako ospitale eta zaharren egoitzetan praktikak egitera. Orobat, ikastetxe hartako beste hiruzpalau ikasle etortzen dira Elgoibarrera, Eibarko Ego-Gain egoitzan praktikak egitera.

Bi ikastetxeotako zuzendariek eta hainbat irakaslek ere aukera izan dute bi ikastetxeetako hezkuntza-sistemak eta osasun-sistemak aztertzeko. Hori dela-eta, berehala sortu zen enpatia gure artean eta elkarrekin lana egiteko gogoa. Gaur egun, gero eta estuagoak dira gure arteko harremanak. Finlandiako erizaintzako laguntzaileen prestakuntza-zikloa goi mailakoa da eta gurea erdi mailakoa, baina hori ez da lankidetzarako oztopo izan.

    Finlandiarrak oso interesatuta daude Txinako medikuntza tradizionalak dituen hainbat teknika —hala nola, erlaxazioa, aromaterapia, musikaterapia, fitoterapia, etab.— ikasteko, eta bertako gobernuaren laguntzarekin urteak daramatzate Shanghaiko Jiao Tong Medikuntzako Unibertsitate Eskolarekin harremanetan, bertara joaten eta han erabiltzen dituzten teknikak ikasten, Finlandiako osasun-sisteman ezarri nahian. Helburu hori betetzeko, irakasleek graduondoko ikastaroak egiten dituzte Shanghain eta ikasleek lan-praktikak.

    2006-07 ikasturtean, esaterako, YTSOko zuzendariak Elgoibarko Institutuko irakasle bi gonbidatu zituen eurekin batera Shanghaira joateko. Eskaintza hori interesgarritzat jo eta hara joan ginen bertako kultura eta osasun-sistema ezagutzera. Guztira, sei irakasle finlandiar, hemengo bi eta zortzi ikasle finlandiar egon ginen.

2. Bidaiaren helburuak

  • Txinako osasun-sistema tradizionalean erabili izan diren eta erabiltzen diren teknikak ezagutzea, eta gaur egungo medikuntza konbentzionalarekin dituen loturak aztertu eta konparatzea
  • Finlandiako lanbide-heziketako osasun-ikasketen curriculumetan, poliki-poliki, teknika tradizional hauek sartzea
  • Elgoibarko eta Euskadiko lanbide-heziketako ikasketetan ere, Finlandian egiten ari direna aztertu eta egiten saiatzea

3. Txinatar medikuntza tradizionala
Txinatar medikuntza tradizionalak, txinatarren eguneroko bizitzan garrantzi handia izateaz gain, interesa sortzen du mundu osoan.

Txinako Administrazioaren estatistiken arabera, medikuntza tradizionaleko 3.009 ospitale daude Txinan (mendebaldeko metodoak eta tradizionalak erabiltzen dituztenak), 310.000 ohe eta medikuntza tradizionalean espezializatutako 490.000 sendagile. Hirietako ospitaleen % 89k medikuntza tradizionaleko zerbitzuak eskaintzen dituzte.

    Horretaz gain, lankidetzako proiektuak sinatu ditu Txinak 70 bat herrialderekin, higiene-proiektuak eta medikuntza tradizionaleko zerbitzuak barne; bestalde, 274 lankidetza-proiektu jarri ditu martxan OMErekin. Gaur egun, Txinan, Natur Zientziak ikasten dituzten ikasle gehienek txinatar medikuntza tradizionala aukeratzen dute.

    Txinatar medikuntza tradizional hau xi bizi-energia orekatuan oinarritzen da. Energia hau gorputzeko planoetan mugitzen da eta oreka espirituala, emozionala, mentala eta fisikoa zuzentzen ditu, eta elkarren kontrako bi indarrek eragiten diote: yin energia negatiboak eta yang energia positiboak. Medikuntza horrek dio gaixotasuna xi honen fluxua aldatzen denean sortzen dela, eta yin eta yangen arteko desoreka sortzen dela.

Proposatzen dituen terapiak dira:

o belarrak
o animaliak eta harriak
o elikadura
o osasuna hobetzen duten ariketa fisikoak
o meditazioa
o akupuntura
o erlaxazio-masajeak

Diagnostikatzeko, berriz:

o pazientea arduraz behatzea
o entzun eta usaintzea
o pazientearen historialaz galdetzea
o pultsua hartzea


    Benetako kontsulta bat ikusteko aukera izan genuen. Teknologia berriekin hornituta zegoen kontsultan medikua eta erizaina zeuden; medikuak pazientearengandik jasotzen zituen datuak erregistratzen zituen erizainak. Hasieran, begien eta mihiaren kolorea eta hezetasuna begiratu zion bereziki; ondoren, pultsua hartu zion eta hor frekuentzian eta energian oinarritzen zen. Datuen analisia egin ondoren, preskripzioa eman zion ospitaleko farmazian hartzeko. Farmazia tradizionala oso desberdina da eta bertan nahasten zituzten medikuak agindutako belarrak, animalietatik eratorritako produktuak...

    Gaur egungo medikuntza tradizionalaren diagnosiak mendebaldeko medikuntzaren metodoak erabiltzen ditu gero eta gehiago, eta helburua bi medikuntza motak elkartzea izango litzateke.

    Pediatriako arloan, jaioberriei egunero, bainatzeko orduan, flotagailua jartzen diete lepoan eta bainu epelean igerian edukitzen dituzte; horren segidan, oliozko masajeak ematen dizkiete. Hori dena gurasoei erakusten diete, gero beraiek etxean egin dezaten.

 
4. Zer ikusi genuen?
    Europako irakasleak heldu ginenean, Jiao Tong Unibertsitate Eskolan ongi-etorria eman ziguten harrera-bileran, eta ondoren proiektuaren aurkezpena izan genuen. Hurrengo egunean, Yu Garden lorategira bisita egin genuen, bertako zuhaitz sakratuak (Gingko...) eta pagodak ikustera. Parke huen zentzua eta erabilera azaldu ziguten, baita jendea meditatzen, irakurtzen... ikusi ere. Bost elementu hauen presentzia egoten da beti euren lorategi-parke hauetan: harriak, lurra, sua, metala eta ura; elementuok lagungarriak dira gure gorputzak balantza eta oreka gordetzeko, energiaren balantza, yin eta yangen balantza hain zuzen.
    
Kindergard bisitatu genuen 2006ko azaroan. Shanghaiko Pudong auzo aberatsean dago kokaturik eta bertako haurtzaindegien hezkuntza eta metodologia ikusteko aukera izan genuen.

    Arratsaldean, aditua eta famatua den Who irakasleak txinatar belarren erabilera fitoterapiez aritu zen, ondorengo gaiak tratatuz:

a) Txinatar materia medikoaren (sendabelarren) historia: antzinatasuna eta idatzi historikoak.
b) Txinatar materia medikoaren osagaiak, propietateak eta zaporeak. Droga bakoitzak du bere propietatea eta bere zaporea; propietateak: hotza, epela, beroa eta oso beroa...
c) Sendabelarrak ongi prestatzeko eta erabiltzeko metodoak (aplikazioa): nola egosi, zeintzuk nahastu eta zeintzuk ez.
d) Hainbat tratamendu medikoren (sendabelarrak, animaliak, harriak, etab.en) preskripzioak.


Gure ikasleen lan-irteera zela kontuan izanik, oso interesagarria iruditu zitzaigun zaharren egoitzara egindako bisita: bertako egoera, gelak, etab. Hemengoekin konparatuta, askoz eskasagoak dira. Egoitza ez da doan izaten, egoiliarrek ordaindu egin behar dute, eta ezin badute ordaindu euren etxeak utzi ditzakete zainketaren truke. Musikoterapia (abestea, entzutea...), erlaxazioa, kung-fu eta eskulanak dira terapia ohikoenak.

    Shanghaiko Renji Ospitalea ere bisitatu genuen. Ospitale hau zaharrenetakoa da eta gaur egun asko handitu da eraikuntza berriekin. Eraikin horietako bat dirudunentzat dago jarria, pribatua guztiz, eta urologia eta kardiologian espezializatua dago; bertara enpresa-munduan lan egiten duen atzerritar eta txinatar eta japoniar aberatsak joaten dira. Gainerako eraikuntzetan denetik dago: alde batzuk, publikoak direnak, oso beteta eta gela bakoitzeko 6-8 paziente egon ohi dira, eta komuna kanpoan daukate; beste batzuetan, berriz, erdi pribatuak direnak, egoera hobea dute gelek; eta azkenik, askoz hobeak direnak, zeharo pribatuak dira, eta bakarkako gelak dituzte gehienetan.

Bestalde, esan beharra dago, mendebaldeko medikuntzak gero eta jarraitzaile gehiago dituela herrialde horretan: azkarragoa da eta, nolabait, hobeto erantzuten dio txinatarrek murgilduta dauden gaur egungo bizimoduari. Gainera, medikuntza tradizionalak hainbeste diru ematen ez duenez, hainbat mediku tradizional mendebaldeko medikuntzan ari dira integratzen.

5. Campuseko fakultatean klasea Who irakaslearekin
Irakasle ospetsua da Who jauna medikuntza tradizionaleko gaietan. Europa osoan txinatar medikuntza tradizionalari buruzko hitzaldi ugari eman ditu, eta EHUk Bilbon antolatutako hitzaldi batean hartu zuen parte joan den urtean. Txinatar sendabelarrak eta beste substantzien osagai arruntenak ezagutzeko aukera izan genuen.
 

Txinatar medikuntza tradizionalean erabiltzen diren osagaien ezaugarri eta zaporeak:

Hona hemen erabiltzen diren osagai arruntenak:

OSAGAIAK:
Belarrak: ginsenga, rhuberda, ephedra, artilla-lorearen sustraia
Animaliak: muskerra (asmaren tratamenduan erabilia), eskorpioia (artralgietan), beldarra (buruko minetan).
Mineralak: zinabrioa (logabezirako), okre gorria (buruko minarentzat).

EZAUGARRIAK:
Txinatar medikuntza tradizionala 4 ezaugarri eta 5 zaporetan oinarritzen da. Substantzia bakoitzak bere ezaugarriak eta bere zaporea ditu. Ezaugarriak hauek dira: hotza, beroa, epela eta substantziaren berezko freskura. Substantzien sailkapena gizakiarengan duten eraginean oinarritzen da. Substantzia hotzek eta freskoek, substantzia bero eta epelen kontrako efektuak sortzen dituzte.

ZAPOREAK
Lehenago esan legez, 5 dira: azidoa, gozoa, garratza, mikatza eta gazia. Substantziei zaporea bere osagaiek ematen dietenez, antzeko zaporea duten substantziek antzeko efektua eragiten dute.
  • azidoak: odol-fluxua handitzen du
  • gozoak: desintoxikazioa eta organoen indartzea
  • garratzak: idorreriarako
  • mikatzak: hesteetako erlaxazioa
  • gaziak: katarroetarako 

 

Txinan asko erabiltzen diren zenbait substantziaren erabilera:

Poria
Onddo mota bat da. Uztaila eta iraila bitartean batzen dute.
  • Erabilera: edemak, disuria, anorexia eta logabezia
  • Efektu farmakologikoa: immunitatea
Eskorpioia
Eskorpioiaren gorputza lehortzen dute.
  • Gorputz-dardarak eta espasmoak saihesteko
  • Zauriak sendatzeko
  • Zain hanturetan
  • Buruko minak ekiditeko
Txinatar angelikaren sustraia
Lurrunduta hartu behar da.
  • Odol gabeziaren ondoriozko zurbildurarako
  • Amenorrea egoeretan
  • Artralgia erremautikoaren minak gutxitzeko
  • Uretan disolbaturik: umetokia estimulatzen du
  • Olio hegazkor eran hartuz gero, umetokiaren erlaxazioa eragiten du


Andrea Etxaniz Arregi¹


¹ Andrea Etxaniz Arregi Farmakologia Klinikoko irakaslea da Donostiako Erizaintza Eskolan, eta Elgoibarko BHI Institutuko Erizain Laguntzaileen zikloko lan-praktiken arduraduna.

detalle2

Document library

B2
04-09-2008

x61pRelaContWAR

  • Etxaniz Arregi, Andrea
16134902

x61pViewCountWAR

7957

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR