Agur esateko hamaika bide

Lehenago edo geroago denok bizi dugu gertuko norbaiten heriotza. Une gogorrak izaten dira, maite dugun pertsona hori betiko agurtzea egokitzen baita. Agurrak oso berdintsuak izan dira duela gutxira arte, baina aldaketak sumatzen hasi dira, bakoitzak nahi duen moduko agurra izateko aldaketak.

Jaio, bizi, hil. Jaiotzetik segurua den bakarra da heriotza helduko dela. Heriotzari lotutako ospakizunak edo errituak gizaldi eta kultura guztietan presente daude, baina ez dira berdin egiten. Duela gutxi arte, gurean, azken agurra etxean egiten zen eta gertukoek prestatzen zuten. Heriotza, beraz, presenteago zegoen egunerokoan gaur egun baino. Azken hamarkadetan, aldiz, hilerriak eta beilatokiak hiriguneetatik kanpora eramateko joera nagusitu da. Hildakoa fisikoki urruntzeaz gain, heriotzak kutsu iluna hartu du, tabu bilakatu arte.

Hildakoak hilerrietan lurperatzea ohikoa izan da gure inguruan. Argazkia: Piqsels

Hildakoaren bizitza omentzeko bidea da agurra. Hori egiteko modua oraintsu arte beti berdina zen, baina aukera berriak sortu dira azken urteotan. Federik ez dutenek, esaterako, agur zibilak egin ditzakete; baina ez hori bakarrik, hildakoa agurtzeko modua nahi duten bezala antolatzeko aukera dute.

Nahi den bezalakoa
Askotan familiek ez dakite hildakoa agurtzeko zein aukera dauden, eta hileta-zerbitzua ematen duenak proposatutakoa egiten dute “bai forman, bai denboran, bai ekonomikoki,” azaldu du Izarra Beilatokiko Mikel Idoatek. Beraiek, berriz, hamaika aukera ematen dizkiete senideei eta gertukoei.

Mikel Idoatek kuadeatzen duen Izarra beilatokian agur pertsonalizatuak eskaintzen dituzte. Argazkia: Kultur Atelier

Zer egin daiteke? Dena, eskeletatik hasita: poema edo esaldi bat jartzeko aukera dute, izarra gurutzearen ordez... Ohikoa da tumulua –beilatokian hildakoa dagoen lekua– kristal batek babestea eta bertara sartzerik ez izatea. Bereizketa hori kendu du Izarra Beilatokiak. Familia hildakoarengandik gertu egon daiteke eta gunea nahi den bezala atondu: argazkiak, koadroak, objektu bereziak eta abar eramanda. “Izan dugu bere etxeko egongela balitz bezala jarri duenik, idazteko makina eta guzti”, aipatu du Idoatek. Horrela, goxotasun pixka bat ematen diote une zail horri. Era berean, meza egin edo hilerrira joan aurretik hildakoa beilatokian bertan agurtzeko aukera ematen dute.

Horrez gain, norberak bere borondatea adierazteko zerbitzua ere badute: hil ondoko kontratua. “Hil-aseguruek zugatik ordaintzen dute, baina ez dituzte zure nahiak ordaintzen, zerbitzu mota bat baizik. Guk eskaintzen duguna da zure agurra nola egin nahi duzun erabakitzea. Nahi duzuna ordaintzea, nahi duzun bezala. Askok ez dute ezer nahi, lurperatzea bakarrik. Hori da beren borondatea eta bete egingo da. Beste batzuek, berriz, lore-sorta, musika edo eskela mota bat nahi dute”.

Hildakoak errausteko erabakiak indarra hartu du azken urteetan. Argazkia: Ikasbil

Covid 19aren pandemiak ezinbestean aldatu dizkie agurrak. Itxialdian egondako hiru hilabeteak “oso gogorrak” izan zirela aitortu du Idoatek, baina, oztopoak oztopo, zendutakoen gertukoak agurrean presente egoteko ahalegina egin zuten. Argazkiak, eskutitzak edo nahi zutena emateko eskatu zieten hildakoen ingurukoei eta beraiek hilkutxan jarri, eta bideo bat nahiz argazkiak bidali zizkieten. “Jendeak jakin behar zuen agurtzen zuten hildakoa leku duin batean zegoela, eta modu berezi batean berarekin zeudela. Uste dut lagungarria izan zela dolua egiterakoan”.

Irudi baikorragoa
Hileta-zerbitzuetan berrikuntza barneratzea du helburu Idoatek, heriotzaren irudi positiboago bat erakustea, alegia. Horren isla da zabaldu dituzten beilatokien itxura: leku argitsuak dira, kolore zuria da nagusi eta argi naturala dute. Hil-autoa ere beltzetik zurira pasatzen lehenetakoak izan ziren Espainiako estatuan.

Zenbait beilatokik pausoa eman eta heriotzaren irudi positiboago eta baikorrago bat erakusten dute. Argazkia: Kultur Atelier

Gertutasuna da beren balio nagusia: bai fisikoa, bai emozionala. Batetik, beilatokiak herrien erdigunean eta auzoetan zabaldu dituzte, “hildakoa bizi izandako tokian bertan agurtua izateko”; bestetik, hildakoaren hurbilekoekin gizatasunez eta enpatiaz jokatzen irakasten diete langileei, egiten denaz gain, nola egiten den ere garrantzitsua baita.

Fundazio bat ere sortu dute, eta hitzaldiak ematen dituzte hileta-zerbitzuez, heriotzaz nahiz doluaz, heriotza naturalizatzen laguntzeko. Horrek ez du esan nahi gaia arinkeriaz hartzen dutenik, zer den eta zer dakarren ulertzen laguntzea da helburua. “Hiltzeko era desberdinak daude eta pertsona bakoitzak bere modura bizi du heriotza. Jendeak jakin dezala heriotzaren inguruko emozio, sentimendu eta pentsamendu guztiak normalak direla. Uste dut horrek asko lasaitzen duela”.


Transcription:[+] Transcription:[-]

Zein da Mikel Idoate?
Pertsona normala naiz, Txantreakoa, Iruñekoa; 31 urte ditut eta, gaur egun, pues (ba) hori komentarista bezala ari naiz pilota-partidetan, eta hemen, Izarra beilatokian pues (ba) parte hartzen dut eta gerentea (kudeatzailea) naiz.

Buelta asko eman ditu zure bizitzak azken urteetan?
Bai, bai, buelta ikaragarriak, ez? Azkenean, nire ametsa egia bihurtzea lortu nuen pilotaria izanda. Pilotaren goren-gorenean nengoela pues (ba) eskua lesionatu (eskuan lesioa izan) nuen. Eskuaren lesioak bazirudien tontakeria bat izango zela, baina gero operatu, berriz ere jokatzen saiatu nintzen, baina azkenean esan zidaten ba ezin nuela jada pilota profesionalean gehiago jokatu, zerbait, lesio arraro bat nuelako; eta azkenean, ba begira, karrera bukatu nuen eta karrera bukatu nuenean, ba bueno, nire beste lagun eta bazkide den Mikel Legarrarekin, ba Izarra tanatorioa (beilatokia) izeneko proiektua atera genuen eta bai, gauzak asko aldatzen dira, ez, denbora, batez ere, gutxian (denbora gutxian, batez ere).

Zer sentitu duzu sei urtez pilotari profesional gisa arituta?
Sekulako poza, sekulako ilusioa, eta, eta bai, beste mundu batera iristea, ez? Azkenean profesionaltasuna ikusten duzu, pues (ba) ez dakit, txikitan gauza bat bezala, ez? Baina ja iristen zarenean eta zure idoloekin ja jokatu ahal duzunean, entrenatu, zure idolo batzuk ja zure lagun bihurtzen dira… eta han egotea beraiekin, konpetitzen (lehiatzen) ba egia da oso zaila dela hitzekin deskribatzea, ez? Ze ez dakit, burbuila batean bezala bizi zara eta, egia esan, ba oso urte, joe (ba), ba, zoriontsuak izan zirela.

Pilotaren etapa bukatuta, beilatoki baten hasi zara...
Eta behin pilota bukatuta, ba edo behin pilotarekin batera, (banekien) gustatuko zitzaidala ba, ba enpresa-munduan zerbait egitea. Eta, azkenean, pues (ba) Mikel Legarrarekin batera, berak esperientzia zuen sektore honetan, pixkanaka-pixkanaka ikusi genuen ba, joe pues (ba) aukera zegoela funerario (hileta-zerbitzuen) munduan gauzak beste modu batera egiteko, ez? Ez zela oso sektore berritzailea eta gu (guk) gauza asko berritu ahal genituela, gainera gure zeinua eta gure karakter (izaera) berezia izanik, ez? Eta horregatik hasi zen Izarra proiektua 2016. urtean.

Lanbide honek ba al du eragin negatiborik zugan?
Negatiborik? Ez dut uste, nik uste dut, positiboa duela, ez? Gauzak gehiago baloratzen dituzu. Ikasten duzu heriotzarekin erlazio hobeagoa (hobea) izaten, eta azkenean nik uste dut eragin positiboa duela. Egun txarrak daudela? Bai, baina nik uste dut lanbide guztietan bezala, ez? Baina azkenean, nik uste dut, niri behintzat, heriotzarekiko horrela erlazioa asko hobetu dit (didala) eta eragin positiboa izan duela nire bizitzan.

Askorentzat tabua da heriotza. Zer iritzi duzu?
Bai tabua dela, ez gaituztela formatu txikitatik, heriotza gizartean baztertuta dagoela, ilunean, baina denok, momentu batean edo bestean, heriotzarekin erlazio bat dugula eta buruan denok daukagula eta denok pentsatzen dugula, ez? Eta azkenean, gu Izarran behintzat saiatzen gara ba, gure fundaziotik formakuntza ematen eta uste dugu formakuntza horrek asko laguntzen duela, ez? Ez egunero heriotzari buruz hitz egiten egoteko, ez egunero horretan pentsatzen egoteko, baina bai behintzat burura etortzen zaigunean jakiteko, zer den, zein sentimendu dauden, zer gerta daitekeen, eta pues (ba) inguru edo testuinguru horretan ba naturalago bizitzen, ez? Jakitea zer den eta hori asimilatzen (asimilatzea) etortzen den modura.

 

B1
11-12-2021
28892875
00:03:52
1437