Artisau-garagardoen pizkundea

Prozesu naturalak erabiliz garagardoa egiteko joera asko handitu da azken urteetan. Artisau garagardoekiko zaletasuna hazi egin da; Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, hogei ekoizle baino gehiago daude jada. Merkatua zabaltzen ari da.

Artisau-garagardoak ezohiko izatetik arrunt izatera pasatu dira hamarkada eskasean. Ingalaterran edo Estatu Batuetan norberak garagardoa egitea edo garagardo-fabrika txikiak topatzea ohikoa da. Gurean, berriz, industrialak nagusitu dira luzaroan. Aipatutako herrialdeetatik urruti gaude oraindik, baina artisau-garagardoak indarra hartzen hasiak dira. Euskal Autonomia Erkidegoan bi dozena enpresa ekoizle daude eta 300 bat garagardo-errezeta sortu dituzte. 2014an indarrak batu eta Garagardogileen Elkartea ere sortu zuten, baita kalitate- eta jatorri-bereizgarri den marka ere.

Bost garagardo mota desberdin ekoizten dituzte Mala Gissona Beer House-n. Argazkia: Kultur Atelier

Ura, maltak, lupuluak eta legamia besterik ez da behar garagardoa egiteko. Horiekin jokatuz, zapore eta usain desberdinak lor daitezke. Artisau-garagardoei ez diete gehigarririk edota kontserbagarririk gehitzen, ez dituzte pasteurizatzen, industrialak, aldiz, bai. Prozesuan ere badira desberdintasunak: esaterako, sedimentuak kentzeko ez da kimikorik erabiltzen, eskuz edo galbahe batetik pasatuz kentzen dizkiete. Gainera, hartzidura bat baino gehiago egiten diete gas naturala sortzeko, eta industrialetan, berriz, gehitu egiten zaie gas hori. Diferentzia gehiago ere izaten dituzte ekoizlearen edo edariaren arabera. Orokorrean, 5-7 alkohol-gradukoak dira eta lupulu gehiago dutenez, garratzagoak.

Merkatua poliki-poliki handitzen doa, eskaria hazi den neurrian eskaintza zabaltzen joan da. Gaur egun, ia edozein tabernatan edo supermerkatutan dituzte artisau-garagardoak.

Beraiek ekoiztutako garagardoez gain, beste artisau garagardogileek egindakoak ere eskaintzen dituzte. Argazkia: Kultur Atelier

Ezagutarazi zaleak lortzeko
Ekoizleek lan handia egin dute artisau-garagardoak ezagutarazteko eta horrek berak eragina izan du jendearen interesa handitzeko garaian. Besteak beste, Beer House edo Tap Room delakoak zabaldu dituzte: garagardotegi edo dastatze-guneak dira, bertara joaten direnek hainbat mota probatzeko aukera dute eta, zenbaitetan, prozesuaren nondik norakoen berri ere ematen diete.

Halako bi garagardotegi ditu Donostian Mala Gissonak. Igor Eizagirre da haietako baten arduraduna eta azaldu duenez, “egiten duguna erakusteko” guneak dira. Baina ez beraiek ekoitzitakoa bakarrik: “gure iturrietan ez daude gure garagardoak bakarrik, bertakoak eta gure lagunenak ere badaude. Erakutsi egiten dugu Gipuzkoan edo Bizkaian egiten dena”. Ez dituzte lehiakide gisa ikusten, zale berriak erakartzeko modua dela uste dute. Hamabi iturri dituzte lokalean. Sei-zortzi beti berdinak dira eta gainerakoak aldatu egiten dituzte gauza berriak probatu nahi dituztenentzat. Urtean bospasei berri egiten dituzte, gehienetan, beste ekoizle batzuekin kolaboratzen.

Igor Eizagirre Donostiako Mala Gissona garagardotegietako bateko arduraduna da. Argazkia: Kultur Atelier

Edariaren ezaugarriekin batera, izenak ere jakin-mina piztu ohi du. Ivan Zabalak eta Manu Murillok sortu zuten Mala Gissona enpresa 2014an. Bidaietan ezagututakoa hona ekarri nahi zuten eta Murillok enologia-ikasketak zituenez, garagardoa ekoizten hasi ziren. Fabrika Oiartzunen dute, baina izenak urruti du jatorria. XVIII. mendean euskal baleazaleak Islandiara joaten ziren ehizara, eta euskara, gaztelania eta islandiera uztartuta pidgin edo hizkuntza-nahasketa bat osatu zuten. Hizkuntza sinplifikatu horretatik 800 bat esaldi gorde dira eta horietako baten parte da: “For jü mala gissuna”, alegia, “Zu gizon gaiztoa zara”.

Noiz eta nola edan
Beste edari batzuekin gertatzen den moduan, garagardoa edateko une eta moduen inguruan iritzi ugari daude. Eizagirrek garrantzia kendu die: mota bakoitzak bere momentua du, eta pertsona bakoitzak hura edateko bere unea. “Ezagutzen dut esnatzean 12 graduko garagardoa edaten duena. Pertsona bakoitza mundu bat da. Nik nahiago dut gradu gutxikoa eta trago luzeak egitea; beste batek kontrakoa: gogorra eta trago gutxi. Edo dena nahi duena: garagardo handia eta gradu askorekin”.

Jendeak gero eta gehiago kontsumitzen du artisau-garagardoa. Argazkia: Piqsels

Latakoa, botilakoa edo iturrikoa aukeratzeko garaian ere, bakoitzak bere alde on eta txarrak ditu, bere ustez: “Lata hondartzara eraman dezakezu, eta botila, ez. Beste batzuek iturrikoa bakarrik nahi dute, baina orduan etxean zer edango duzu?”

Garagardozaleak “asko eta askotarikoak” dira Eizagirreren esanetan. Tabernan garagardo zehatz bat hartu nahi dute batzuek, beste batzuek, aldiz, berriak probatu. Gustua, gainera, denborarekin alda daiteke. Gaur edan eta gustatu ez zaiena, agian hemendik hilabete batzuetara gustatuko zaie. “Niri gertatu zait. Zazpi urtetan garagardo asko probatu ditut eta nire gustua aldatu egin da”.


Transcription:[+] Transcription:[-]

Zein da Igor Eizagirre?     
Ba hori, ni Igor Eizagirre naiz eta hemengo tabernako edo Beer House-ko arduraduna naiz. Hemen badaukagu bat, Antiguon (Antiguan), eta beste bat badaukagu Grosen. Eta ni naiz ba arduraduna edo bueno hola esan... (daiteke).

Artisau-garagardoekiko zaletasuna azten ari da?
Bueno hazten, hazten ni (nik) uste ja, o sea (hau da), denbora badakagula (daramagula) ja. Gu (Guk) zazpi urte badakagu (bete ditugu) ja, baino (baina) badaude beste batzuk, hemen Nafarroan, edo horrela hamabi urte ja dijoaztenak (daramatzatenak), Napar Beer-ekoak bezalakoak. Eta a ver (ea) orain ikusten da askoz, askoz gehiago. O sea (Hau da), igual, hamar urtean zehar (duela hamar urte) kostatzen zen begiratzea (jakitea) a ver (ea) non zegoen (zeuden) garagardo honen mota (mota hauek) edo horrela. Baino (Baina) orain, gaur egun, ja ikusten da (dira) bai supermerkatuan, bai tabernetan, leku ia-ia guztietan, ez?
 

Jendeak gustuko du etengabe artisau-garagardo berriak dastatzea?
Bueno ni (nik) uste ezetz. Osea (Hau da), badago jendea hola nahi, nahi duela (duena). Ez bakarrikan (bakarrik) garagardokin (garagardoarekin), ardokin (ardoarekin) baita ere. Jendea dago nahi duela (duena) beti gauzak (gauza) berriak dastatzea, ez? Baino (baina) ikusten baduzu, gure tabernetan edo beste tabernetan ia garagardo berdinak beti daude (daude beti). Gero egia dok (da), guk eta beste batzuk, garagardo aukera ematen dugula igual, astero edo hilabetero, pixka bat aldatzen dugula jendea (jendeak) dastatzeko. Baino (Baina), o sea (ba) gu (guk) hamabi  cañero (iturri) daukagu (dauzkagu) eta ia-ia hamabi cañero (iturri) horiek (horietatik) zortzi beti berdinak die (dira).

Prozesu bera erabiltzen al da artisau-garagardoa eta industriala egiteko?    
A ver (Ea) garagardo mota asko, asko, asko daude, eta bere garagardo mota prozesua (eta garagardo mota bakoitzaren prozesua) pixka bat desberdina dok (da). Ez da justu kontrakoa, o sea (hau da), badaude diferentziak (desberdintasunak) baino (baina), o sea (hau da), diferentzia pixka batekin garagardo, o sea (hau da), oso diferentea (desberdina) ateratzen da. Horregatikan (Horregatik) prozesu berbera dok (da), baino diferentziarekin (desberdintasunekin).

Zenbat artisau-garagardo mota egiten dituzue?
Gehiegi ez, o sea (ba), saiatzen gara gure linea betikoa egitea (gure betiko bideari eusten). Baino (Baina) badaezpada ere oso polita dok (da), o sea (ba), beste beste proiektu txiki batekin, Refu bezala edo (edo) Tensina bezala edo Gros, Grosekoa bezala edo, edo badaezpada Napar Beer-ekin egiten dugu (ditugu), igual (agian) kolaborazioak edo; joaten gara bere, bere garagardotegira eta egiten dugu berarekin garagardo ba,t edo etortzen die (dira) beraiek eta gure fabrikan egiten dute garagardo bat.

Zein da Beer House bezalako proiektuen helburua?
Ba egiten duguna erakustea. O sea (Hau da), eta ez bakarrik geurea, ikusi duzun bezala, o sea (ba) gure iturrian ez daude bakarrikan (bakarrik) gure garagardoak o sea (ba) lagunen garagardoak badaude baita ere eta lokal (bertako) garagardoak baita ere.

B1
10-29-2021
28858607
00:03:22
3209