Elizabeth Hawley, Himalaiako notarioa

Bitxia eta berezia da Elizabeth Hawleyren istorioa. Inoiz ez zuen mendirik igo, baina Himalaiara egiten ziren mendi-espedizioetako kronika-egilerik onena zen: igoerak erregistratu eta ontzat ematen zituen notario bihurtu zen. 2018an, urtarrilaren 26an hil zen Katmandun, 94 urterekin.

Ameriketako Estatu Batuetan jaioa, bere bizitzako urterik gehienak Nepalen egin zituen.

 

 

 

 

Elizabeth Katmanduko bulegoan; aurrean, eskuz betetzen zituen fitxetako bat. Argazkia: The Himalayan Database elkarteak utzitakoa


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

Elizabeth Ann Hawley Chicagon jaio zen, 1923ko azaroaren 9an. Historia-ikasketak burutu zituen, baina kazetaritza izan zuen ogibide. Fortune aldizkariko erredakzioan dozena bat urte pasatu ondoren, lan finkoa utzi eta bere bizitzako abentura egitera ausartu zen: munduan barrena bidaiatzera.

Munduko bazterrak ezagutzen hiru urte pasatu zituen, 1960an Katmandura iritsi zen arte. Bertan bukatu zen bere abentura, eta bertan hasi zuen Himalaiara egiten ziren mendi-espedizioak erregistratzeko lanbide bitxia. Reuters berri-agentziarako mendi-kronikak idazten hasi zen, eta alpinisten gorabeherek txundituta utzi zuten.

Himalaiara joaten ziren espedizio guztietako mendizaleak elkarrizketatzen zituen; guztiak ezagutzen zituen. Adituen esanetan, 8.000ko espedizioei buruz munduan gehien zekien pertsona zen.  Himalaiako mendiak ere bere etxea bezain ondo ezagutzen zituen, mendi haietan inoiz egon ez bazen ere.

Inurri-lana egin zuen; eskuz jasotzen zituen datu guztiak, eta ondoren, fitxetan sailkatzen zituen: espedizio bakoitzeko mendizale kopurua, igoerako ibilbidea, oxigenoarekin edo gabe egina zen, xerpen laguntzarekin edo gabe, espedizioaren iraupena... Elkarrizketetan jasotzen zuen informazioa bere informatzaile-sareak ematen zionarekin osatzen zuen. Mendietan begiak zituela esan ohi zuten mendizaleek.

Ohartzerako, Elizabeth Himalaiako notario bihurtu zen. Elizabethek ez bazuen espedizio batek egindako igoera ontzat ematen, igoera hura ez zen existitzen. Goi-mailako mendizaleen artean miresmena sortzen zuen bere jardunak, eta guztiek errespetatzen zuten, nahiz eta ofizialtasunik ez izan. Edurne Pasabanek esana da: “Himalaian bere hitzak balio du. Ezohikoa iruditu arren, guretzat oso garrantzitsua da gure espedizioa bere paperetan agertzea”.

Zenbatezinak dira erregistratu zituen espedizioak, baina guztiak sarean daude. The Himalayan Database izeneko webgunean kontsulta daiteke Elizabethek utzitako ondarea. Hamahiru urte behar izan zituen idatziz jasotako fitxetako informazioa digitalizatzeko, baina lan hari esker Himalaiara egindako espedizioen datu-basea guztion eskura dago.

Himalaiako notarioa 2018an hil zen, Katmandun, 94 urte zituela. Bi urte lehenago hartu zuen erretiroa. 2016an utzi zion espedizioak erregistratzeari, baina bere lanak izan du jarraipena: Billi Bierling kazetari alemaniarrak hartu du lekukoa. Irakasle ona izan zuen, Hawleyren lantaldean aritua baita. Orain Bierlingen ardura da espedizioak erregistratzea eta dokumentazio lana egitea.

B1
01-26-2021
27912709
00:03:22
1291