Galtzerdi galduaren bila

Gure bizitzako misteriorik handienetarikoa da bikote-lagunik gabeko galtzerdiena. Zientzialari ugari saiatu omen dira horren inguruan teorizatzen eta horien arabera, garbigailuak irensten ditu galtzerdiak. Kalera atera gara jendearen teoria ezberdinak ezagutzera.

Asteazken arratsaldea da. Lanetik iritsi eta garbigailua jarri duzu. Makina martxan jarri, eta gutxi gorabehera ordubete pasatu ondoren, garbigailutik arropa atera eta zabaltzen hasi zara: galtzak, kamisetak, jertseak, alkandorak, soinekoak… . Galtzerdiak ateratzen hasi zara eta… hara! Berriz ere betiko misterioa: galtzerdi batzuek ez dute bikote-lagunik,  alargun geratu dira.

Bikoterik gabeko antzeko galtzerdiak janztea ohikoa da. Argazkia: Lukas Horak (Pexels)

Zure buruari betiko galderak egiten hasi zara: non daude falta diren galtzerdiak? Zergatik desagertu dira? Galdera asko eta erantzunik ez. 

Teoriak eta ikerketak
Gure armairuetan lagunik gabeko galtzerdi ugari daude, guztiak bere bikote-lagunaren zain. Batzuetan, zorteko bazara, bi galtzerdi desberdin janzteko aukera izan dezakezu, nahiz eta desberdinak izan oso antzekoak direlako: “ez da inor konturatuko”, pentsatzen duzu, eta aurrera! Baina gure bizitzako misteriorik handienetarikoa da bikote-lagunik gabeko galtzerdiena eta zientzialari ugari saiatu dira horren inguruan teorizatzen. Teoria batzuek diote garbigailuak irensten dituela. Nola ote da hori posible?

Adituek diote garbigailuaren danborraren azpiko gometan ezkutatzen direla. Garbigailuak dituen zirrikituetatik iragazten dira eta etxetresna elektrikoaren kutxa ezkutuan gelditzen dira. Hauek erreskatatzeko danborra desmuntatu eta ezkutalekura sartu behar da.

Galtzerdi asko garbigailuaren barruan geratzen dira inor konturatu gabe. Argazkia: Pixabay

Hainbat laguni galdetu diegu kalean gaiari buruz. Haietako batek hauxe esan digu:  “Nik baditut bikote-lagunik gabeko galtzerdiak; egia esan, ez dakit non galtzen diren eta zer gertatzen den haiekin, baino asko ditut bikote-lagunik gabe”. Beste batek, berriz, aipatutako teoria indartuz honela dio: “Lehorgailuak jaten ditu edo garbigailuan ahazten dira. Hori da nire teoria eta nire etxean ziurtatuta dago gainera”.

Beste batzuen iritziz, ordea, galtzerdi gehienak garbigailutik arropa zabaltzerako bidean galtzen dira. Bide horretan galtzerdiak erori eta ezkutuan gelditzen dira, ohearen, berogailuaren… atzean. Ohikoa izan ohi da maindireen, esku oihalen, alkandoren edota galtzen barnean gelditzea eta horiek zabaltzerakoan kalera erortzea konturatu gabe.

Erresuma Batuan egindako inkesta baten arabera, urtean, 84 milioi galtzerdi desagertzen dira, hau da, 2.000.000 € inguruko galera ekonomikoa. Zehatzago esanda, hilero galtzerdi bat galtzen du pertsona orok eta 1.264 galtzerdi bizitza osoan. Lagunik gabeko galtzerdien fenomenoa unibertsala da.

Galtzerdiak bikoteka saltzen dira. Argazkia: Vince Jacob (Unsplash)

Gomendioak
Bikote-lagunik gabeko galtzerdien fenomenoa unibertsala da, eta irtenbidea bilatu nahian adituek ematen dituzten gomendioak ere denontzako modukoak dira:

Galtzerdi-parea batera edukitzea litzateke lehena. Horretarako,  garbigailua ipini aurretik bikoteak egitea gomendatzen da, galtzerdiak beren artean lotzea pintzekin edota poltsa saredunetan garbitzea ez desagertzeko.
Galtzerdien erregistroa egitea ere garrantzitsua da. Ez da excel bat egin beharrik, baina galtzerdi bat erabilgarri gelditzen ez denean bere bikote-lagunarekin batera apartatzea komeni da.

Horiez gain, garbigailua ipini eta arropa zabaltzerakoan arreta handia jartzea aholkatzen da. Arropa zabaltzeko bidean edota arroparen barnean galtzerdirik ez galtzeko.

Galtzerdi ezberdinak janztea modaren parte ere bada egun. Argazkia: Michael Wright (Unsplash)

Azkenik, hiru hilean behin galtzerdiaren eguna ospatzeko gomendioa dago: noizik eta behin galtzerdien errepasoa egin, arropa zikinaren kutxan lagunik gabeko galtzerdirik ez gelditzeko. Modu honetan, hainbat galtzerdi-pare berreskuratuko dira eta gainerakoak birziklatu egingo dira.

Irtenbide praktikoak
Arazo unibertsal honi irtenbidea modu eraginkorrean ematen saiatu denik ere bada. Kalean, gazte batek honela esan digu: “Egia esan nik ez ditut bikote-lagunik gabeko galtzerdiak. Hori saihesteko galtzerdi berdinak erosten ditut. Modu honetara, nahiz eta bikote-lagunik gabeko galtzerdiak izan edo ez, denak berdinak direnez, ez dut nabarmentzen bikote-laguna galdu den ala ez”.  

Gaiak badu, ordea, beste helduleku bat ere. Galtzerdi zuriak zuriekin, urdinak urdinekin, gorriak gorriekin pilatzen dira, baina beharrezkoa da galtzerdiak berdinak izatea? Agian, muga horiek hautsi eta galtzerdi desberdinak janzten hastea arazoa konpontzeko modua izango da.


Transcription:[+] Transcription:[-]

Zure etxean galtzerdiek bikote-laguna galtzen dute?

-    Gehienak beren bikotea (bikote-laguna) dute, igual (agian) pare bat edo hola labadoran (garbigailuan) edo sekadoran (lehorgailuan) galtzen dira, baina gero azkenen juntatu (elkartu) egiten ditut. Normalean, denak, bikotearekin (bikote-lagunarekin).
-    Ez, ez denak ez, gehienak bai, baina den denak ez.
-    Bueno (Beno) askotan gertatzen da garbitzen duzunean labadoran (garbigailuan), gero (eta) galtzerdi asko sartzen badituzu, batzuetan gertatzen dira pare batetik bat bakarrik egotea. Baina askotan, begiratzen duzu berriz danborrean eta egoten dira danborrean pegatuta (itsatsita), goran (goiko aldean). Batzuetan, ez duzu sartu hori (galtzerdia) eta dago zakuan, arropa zikina dagoen lekuan edo inguruan egoten da, baina beti bilatzen duzu, azkenean saiatzen bazara bilatu (aurkitu) egiten duzu.
-    Bai, nik badauzkat (baditut) galtzerdiak ez dauzkatenak (dituztenak) bikoterik (bikote-lagunik), ez dakit non galtzen diren, zer gertatzen den haiekin, baino bai badauzkat (baditut), asko.
-    Ba egia esanda (esan) ez, ze hori ebitatzeko (saihesteko) egiten dudana da berdinak diren galtzerdiak erosi. Orduan eduki ditzaket edo ez, baina guztiak berdinak direnez ez dakit. Orduan, pues (ba), pare horietan ez daukat arazorik. Igual (Agian) baten bat geratu izan zait galtzerdiren bat desberdina atera eta ez dela agertzen bikotea (bikote-laguna), pues (ba), egun askotan edo lo que sea (edo dena delakoa), baina normalean ez dut arazorik edukitzen horrekin.
    
Zein da zure teoria galtzerdiak galtzen direnean?

-    Sekadorak (lehorgailuak) jaten dituela edo labadoran (garbigailuan) ahazten direla, hori da nire teoria eta ziurtatuta gainera.
-    Ba teoria ugari ditut. Hasieran uste nuen ba igual (agian) garbigailuan galtzen zirela edo zulo bat zegoela garbigailuan edo ez dakit. Eta gero ere egun batean ikusi nuen nire txakurra nire galtzerdi batekin eta, orduan, teoria hori pikutara joan zen eta uste dut nire txakurra dela errugabea (erruduna).
-    Teoria da egoten dela normalean edo ez dituzula sartu labadoran (garbigaluan) eta gelditu zaizulako hor beste arropekin, igual (agian), erori egin zaizula eramaterakoan, barrura sartzerakoan; edo askotan barruan ere egoten dira ere danborrean pegatuta (itsatsita). Orduan, ateratzen dituzu, eta gelditu da pegatuta (itsatsita) igual (agian) albo batean. Orduan danborrari buelta eman behar diozu eta askotan azaltzen dira.
-    Ez dakit, ez dakit… hasiera batean pentsatzen nuen labadoraren (garbigailuaren) atzetik egongo zela lekuren bat non geldituko ziren. Gero, ez dakit, nik uste dut nire ahizpak ere kentzen dizkidala, hartzen ditu batzuk… zuloa daukala? Beste bat hartzen dut eta, orduan, gelditzen da beti bakarrik zuloa daukana eta horrela.
-    Normalean igual (agian) izan daiteke daiteke arropa garbitzerakoan gelditzen dela izkina batean edo igual (agian) gero jasotzerakoan izkina batean gelditzen dela; pues (ba), ez dakit, derrepente (bat-batean) gertatu izan zait sofan aurkitzea galtzerdiren bat eta, esaten duzula, honek zer egiten du hemen? Nola iritsi da honaino? Baina bueno (beno), nire ustez, arazoa izaten da hori nola txikiak diren eskurritu (erori) egiten direla tokietatik eta aurkitzeko zailak izaten dira.
-    Ba, nire ustez, labadorara (garbigailura) galtzerdi guztiak sartzen dira, pare guztiak, baino gero sekatzen (lehortzen) jartzerakoan, ba, galdu egiten dira, ez dira azaltzen, labadorak (lehorgailuak) tragatu (xurgatu) egingo ditu.

 Zer egiten duzu bikote-lagunik gabe geratu diren galtzerdiekin?


-    Nik uzten ditut kajoian (tiraderan), leku batean eta, berriz aurkitzen badut bestea, lotzen ditut eta, bestela, hor gelditzen dira.
-    Erraza, bota. Normalean guk ohitura edukitzen genuen mahai gainean utzi batekoak eta hurrengo astean, agian, hurrengo arroparekin azaltzen zen.
-    Ba hor uzten dut eta ikusten dudanean beste bat bakarrik dagoela jartzen ditut biak elkarrekin.
-    Ba nik normalean hartzen ditut galtzerdiak denak kolore igualekoak (berdinekoak) beltzak edo grisak eta, orduan, ba ez dakit zein diren pareak eta beti juntatzen (batzen) ditut beltza beltzarekin eta grisa grisarekin.

 

B1
01-22-2021
27894603
00:04:26
1742