Ada Lovelace, lehenengo ordenadore-programatzailea

Matematikak ziren Ada Lovelacen pasioa. Kalkulu matematikoak egiteko makina analitikoa sortu zuten garaian ekarpen ugari egin zituen hura hobetzeko. Garaiko zientzialariek ez zioten jaramonik egin, baina gaur egun esaten da, lehenengo algoritmo informatikoaren egilea izan zela.

Gazte hil zen, minbiziaren ondorioz, baina bere proposamenek aurrera egin zuten.

 

 

 

Argazkia: Antoine Claudet, Wikimedia Commons (CC BY SA 4.0)


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

Ada Lovelace, lehenengo ordenadore programatzailea

Augusta Ada Byron Londresen jaio zen, 1815eko abenduaren 10ean; Annabella Noel-Byron baroisaren eta George Byron poeta ezagunaren alaba, gerora Ada Lovelace izenarekin egin zen ezaguna. Aita apenas ezagutu zuen, gurasoak bera jaio eta gutxira banandu zirelako. Gertaera horrek garrantzia handia izan zuen Adaren hezkuntzan; amak, zientzia esparrura bideratu zuen, aitaren izaera erromantikotik aldentzeko esperantzarekin.

Zientzietarako pasioa sustatu nahian, Ingalaterrako herrialde industrialak ezagutzeko bidaiak egin zituen Lady Byronek alabarekin. Izugarri ikasi zuen Adak. Zientziarekin lotura zuten pertsonak ezagutzeko aukera ere izan zuen, haien artean Mary Somerville zientzialaria; eta hari esker sortu zitzaion zientziarako, konkretuki matematiketarako, benetako interesa. Adaren tutore izan zen denboraldi batean: ordu asko pasa zituzten elkarrekin eta asko erakutsi zion, baina ez Somervillek bakarrik, beste zientzialari batzuek ere bai. Guztien artean aipatzekoa da Charles Babbage, zenbakien segidak kalkulatzeko makina analitikoaren sortzailea.

Hain zuzen, Ada Lovelacen ekarpenik handiena Babbagerekin lotuta dago, berak egin baitzuen Babbageren makinaren inguruko itzulpen-lana. Balio handikoa izan zen, baina arrakasta handiagoa izan zuten Adak makina hobetzeko egin zituen proposamenek.

Bere ekarpena ez zen horretan geratu. Ordurako Lovelaceko kondearekin ezkondua eta hiru seme-alabaren ama zen, baina formazio intelektualarekin jarraitu zuen. Imajinazio handiko emakumea zen, eta horri esker, XIX. mende erdirako oso aurrerakoiak ziren kontzeptuak garatu zituen. Esaterako, gaur egun algoritmo informatiko gisa ezagutzen den kontzeptua.

Makina analitikoa kalkulu matematikoak egiteko erabiltzeaz gain, beste esparru batzuetan ere erabili zitekeela ohartu zen Lovelace. Zeinuen bidez adierazi zitekeen edozein arlotarako balio zuela konturatu zen: hitzak, musika.... Teoria horrekin Adak bere buruan lehenengo ordenagailua irudikatu zuela esaten da.

Bistan da punta-puntako zientzialaria zela. Landu zituen teoriak eta ideiak, Babbageren makinaren inguruko proposamenak....haiek guztiak lan batean bildu eta argitaratu zituen, baina ez zuen bere izenik jarri sinaduran, soilik, inizialak. Emakume izateagatik bere lanari baliorik emango ez zioten beldur zen. Ez zitzaion arrazoirik falta! Denbora kontua izan zen inizialak norenak ziren jakitea, eta Adaren aurreikuspena bete zen: ez garaiko agintariek, ez inguruko asmatzaileek ez zuten aintzat hartu, eta lankidetzarako ateak itxi zizkioten, baita Babbagek berak ere.
Denborak, ordea, bakoitza bere tokian jartzen du, eta gaur egun Ada Lovelacen izena aipatzean hauxe esaten da: hizkuntza matematikoaren oinarriak jartzeko ekarpena egin zuela, eta lehenengo ordenadore-programatzailea izan zela.

Gazte hil zen, 36 urterekin, umetokiko-minbizi baten ondorioz. 1852ko azaroaren 27a zen. Bere aitaren, Lord Byron poetaren, ondoan lurperatzea eskatu zuen, ezagutu ez zuen aitaren altzoan.

 

B1
11-11-2020
23111892
00:04:05
544