Urteko egunik zoriontsuena

Urteko egunik luzeena edo motzena aipatzen digutenean ezaguna egiten zaigu gaia, baina urteko egunik zoriontsuena? Zer da hori? Bada, itxuraz, ekainaren 20a da urteko egunik zoriontsuena. Ondorio horretara iristeko oinarria zein den ikusiko dugu segidan.

Uda ate joka da ekainaren 20an, eta jende gehienarentzat hori pozgarria da, ezin ukatu. Meteorologoek eta psikologoek aztertu dute gaia, eta aditu hauek diotenez, ekainean zenbait faktore biltzen dira pertsona baikorragoa eta zoriontsuagoa izateko. Pentsatzekoa da ez dela egun zehatz bat, baizik eta garaia dela zorionekoa. Adituak, ordea, bat datoz Cardiff-eko unibertsitatean garatutako formula matematikoaren emaitzarekin: horren arabera, ekainaren 20a da urteko egunik zoriontsuena. 

'Egun horia' deitzen diote ekainaren 20ari. Argazkia: Pxhere

Izena ere jarri diote egunari, Yellow day (egun horia). Kolore horiak, hain zuzen, poza adierazten du herrialde anglo-saxoietan, eta horrez gain, oso kolore bizia da. Horrelako izendapenen atzean askotan helburu komertzialak izaten dira, baina horiek alde batera utzita, ikus dezagun zein faktore logiko aipatzen dituzten adituek:  

Tenperatura epela

Batetik, tenperatura aipatzen dute adituek. Ekainaren erdialdean gure inguruan tenperatura epelak izaten dira, batez beste 20-21 gradu zentigradukoak, eta horrek mesede egiten digu. Oraindik ez da uda beteko berorik izaten, baina aldi berean neguko hotza ahaztuta izaten dugu. Tenperatura epelak ekaineko egunak ongi aprobetxatzeko aukera ematen du.

Ekainean tenperatura epelak izaten dira eta baita urteko egunik luzeenak ere. Argazkia: Pikist

Egun luzeak

Era berean, argi-ordu asko izaten ditugu sasoi horretan, urteko egunik luzeenak baitira ekainekoak. Eguzkiaren argiak aktibatu egiten gaitu, edo hobe esanda, serotonina sortzen laguntzen digu, eta hormona hori zoriontsu izatearekin lotuta dago. Beraz, egun horietan gure umorea hobetu egiten da, animotsuago egoten gara, eta orokorrean zoriontsuagoak izaten gara.

Eguneko argi-orduei lotuta, eguzki-ordu gehiago ditugula ere esan dezakegu. Ondorioz, D bitamina gehiago hartzen dugu, eta hori gure osasunarentzat ona da.

Oporrak hurbil

Lanari dagokionez, izango dira salbuespenak, baina askok udan oporrak izaten ditugu. Beraz, ekainean opor usainean ibiltzen gara: oporrak non egingo ditugun pentsatzen, norekin joango garen, noiz joango garen...ilusioz, oporrak planifikatzen, azken batean. Horregatik, ekaineko txanpari aurre egiteko gogotsu egoten gara, atseden hartzeko garaia eta gure gustuko gauzak egiteko garaia hurbilago ikusten dugulako.

Lagunekin plan gehiago egiteko joera dugu ekainean. Argazkia: Maensard Vokser (CC BY-SA 4.0)

Aisialdirako denbora gehiago

Oporrak iritsi bitartean, planak egiteko joera handiagoa ere izaten da ekainean. Batetik, aurretik aipatutako tenperatura onak eta egun luzeek ematen digute aitzakia; bestetik, lantoki askotan udako ordutegia izaten dute urte sasoi honetan, ordutegi jarraitua egiten dute, eta horrek ere eragin positiboa du pertsonarengan.  

Hala, norberaren gustukoak diren gauzak egiten denbora gehiago pasatzen dugu. Batzuetan gure aldetik egiten ditugu planak, baina lagunekin egitea ere errazagoa izaten da, denbora libre gehiago izaten baitugu.


B1
06-19-2020
22276289
783