Zaintza-sarea koronabirusari aurre egiteko

Koronabirusa dela eta, denok etxean gaude. Baina elkartasunak mugarik ez duenez, berehala sortu ditugu zaintza-sareak herri guztietan. Nagusiki, adinekoei edo beharra dutenei laguntzea dute helburu.

Adineko pertsona batzuek ezin dute moldatu elikagaiak, botikak eta abar erosteko. Pertsona horiei laguntzeko, boluntarioz osatutako talde asko eta desberdinak sortu dira herrietan. Guk horietako bateko boluntario batekin hitz egin dugu. Karmele Urruzuno Bermudez Errenteria-Oreretako boluntarioa da. Zaintza-sarean parte hartzeko izena eman zuen eta bere esperientzia kontatu digu.

- Nola jakin zenuen boluntarioen bila ari zirela? 

Sare sozialetatik iritsi zitzaidan. Herri Biziaren (udal komunikabidea) Facebook-en jarri zuten eta lagunen batek partekatu zuen. 

Karmele Urruzuno telefono deiak egiten etxean. Argazkia: K.Urruzuno

- Zergatik eman duzu izena? 

Nik sinisten dut elkarri laguntzen dion gizartean. Berehala imajinatu nuen jende zaharra etxean bakarrik, eta oso argi ikusi nuen. Askotan lagundu nahi izaten duzu, baina ez dakizu nola. Kasu honetan boluntario izatea nire esku zegoen, eta hori egitea erabaki nuen. 

- Boluntario-talde desberdinak daude. Zein da zurea? 

Gure herrian hiru talde daude. Batek, egoera larrienean dauden pertsonak identifikatzen ditu. Bigarren taldeak 010 telefonoan deiak jasotzen ditu. Hirugarren taldekoek telefono bidezko elkarrizketak izaten dituzte horren beharra duten pertsonekin. Nik lehendabizikoa aukeratu nuen: identifikazioa egitea. 

- Zergatik aukeratu duzu lehendabizikoa? 

Hirugarrena, adibidez, gogorra iruditzen zait. Ez nekien gai izango nintzatekeen horretarako. Pertsona batek elkarrizketa bat izateko ezezagun bat behar badu, imajinatzen dut familiarik gabe, inguruan inor gabe, eta gogorra egiten zait. Bestetik, niretzat gaztelaniaz hitz egitea ez da naturala, eta zaila egingo litzaidakeela pentsatu nuen.   

Errenteria babes zibileko boluntarioak erosketak egiten. Argazkia: Herri Bizia (CC BY-SA 3.0)

- Zer egin duzu zehazki? 

Udaletik 30 pertsonako zerrenda pasa zidaten: kode bat, telefono bat eta izena. Elkarrizketa bideratzeko, gidoi moduko bat ere bidali zidaten. Gutxi gorabehera hauxe: aurkeztu zeure burua; lasaitasuna transmititu; helburua laguntzea dela esan; zer behar dituzten galdetu: elikagaiak, botikak, telefonoz hitz egitea... Guztiei deitu eta beraien beharrak jaso ditut. 

- Nolako harrera egin dizute? 

Gehienek esan didate seme-alabak inguruan dauzkatela eta ez dutela beharrik. Baina guztiak oso eskertuta agertu dira, den-denak. 

- Zer behar topatu dituzu? 

Senar-emazte batzuk kezkatuta aurkitu nituen. Gizonak arreta medikua jasotzen du etxean eta berririk ez zuelako kezkatuta zegoen. Bakarrik ote zegoen galdetu nion, eta ezetz esan zidan, andrearekin. Andreak egiten ditu enkarguak, baina hura ere adinekoa da. Elkarrizketa bakoitzarekin formulario bat betetzen dugu, eta beraien kasuan berehala bidali nuen Udalera, laguntza behar zutela esanez. Egun batzuk pasa ondoren, deitu egin nien badaezpada, eta dagoeneko beraiekin kontaktuan jarri zirela esan zidaten. 

Babes zibilekoak adineko bati erosketa entregatzen etxean. Argazkia: Herri Bizia (CC BY-SA 3.0)

- Beste anekdotaren bat? 

Emakume batek kontatu zidan asteburuan familia joaten zaiola bazkaltzera. Konfinamendua hasi zenean, berak astebururako erosketa eginda zuen, 10 lagunentzat edo. Ondoren, semeak deitu zion erosketak egitea nahi zuen galdetzeko. Nik bi astetarako janaria badut! esan zidan, barrez.   

- Zuk jasotako informazioa nork bideratu du? 

010 baldin bada, 2. taldekoek. Etxera zerbait eramatea baldin bada, babes zibileko boluntarioak ari dira horretan.  

- Zure egitekoa bukatu duzu, orduan? 

Herritar-multzo jakin baten beharrak identifikatzea zen helburua: 70 urtetik gorako herritarrak, eta horiez gain 65-69 adin tartekoak direnak eta bakarrik bizi direnak; ia 8.000 pertsona. Udalak jakinarazi du 400 boluntario baino gehiago garela, eta lortu dela aipatutako multzo horrengana iristea. Beraz, pentsatzen dut nire egitekoa bukatu dela.  


B1
03-26-2020
21762739
7265