Suhiltzaileen lana, sua itzaltzea baino askoz gehiago
Maiatzaren 4a suhiltzaileen nazioarteko eguna dela aitzakia hartuta, beraien ogibidea gertutik ezagutzeko Gasteizko Suhiltzaileen Parkera joan gara. Egiten dituzten irteera asko ez dira suteekin lotuta egoten, baizik eta asiar liztorrekin, alarmekin edo etxebizitzak irekitzearekin.
Suhiltzaileek suteak itzaltzen dituzte, eta horixe da hitzak berak esaten duena: su+hiltzaile. Kalean galdetzen badugu zein den suhiltzaile baten lana, ziur gehienek mahuka eskuan eta ura botatzen irudikatzen dituztela. Hala ere, beraien lan-esparrua askoz ere zabalagoa da eta, jakin-minak bultzatuta, Gasteizko Suhiltzaileen Parkera hurbildu gara. Bertan, Aitor Agirre suhiltzailearekin hitz egin dugu: “Jada hogei urte igaro dira 1999an lan honetan hasi nintzenetik”. Hogeita lau orduko txandatik ateratzear dela harrapatu dugu, larrialdietako telefonoa badaezpada eskuartean duela.
Aitor Agirre Gasteizko Suhiltzaileen Parkean.
Bete beharrekoak
Agirrek esan digu ez dagoela suhiltzaile izateko ikasketa zehatzik, ez lanbide-heziketarik: “Horren inguruan zerbait egitea pentsatzen ari dira, baina oraingoz ez dute ezer erabaki”. Gaur egun, azterketa idatzia gainditu behar dute, baita proba fisikoak ere: “Legeak, geografia, suteak, istripuak… hainbat gai ikasi behar ditugu. Ni sartu nintzenean, proba fisikoak oso gogorrak ziren. Orain aldatu egin dira, eta ez omen dira lehen bezain gogorrak. Gidatzeko probak ere egiten dira eta ogibideren bat jakitea ere eskatzen dute: iturgintza, erreskate-lanak, erlezaintza…”.
Urteekin baldintzak moldatzen joan dira, baita egiten duten lana bera ere. Agirre suhiltzaile denetik, aldaketa horiek gertu-gertutik bizi izan ditu.
Hainbat lan
Irteera-moten ingurukoa izan da aldaketarik garrantzitsuena: sute-kopurua azken urteetan egonkorra da, baina laguntza teknikoak eta asiar liztorrarekin zerikusia duten irteerak gero eta gehiago dira. “Saneamendu eta estolderiako sareak; ura ateratzeko laguntza; liztorrak eta erleak; alarmak; instalazio elektrikoak eta gas-instalazioak; etxebizitzak irekitzea; errepidea garbitzea; alturako arriskuak… Hori guztia biltzen du laguntza teknikoak”, esan du Agirrek. Gasteizko suhiltzaileen datuen arabera, 2018an, 3.517 eskuhartze egin dituzte guztira. Horien artean, % 57,79 laguntza teknikoak izan dira.
Aurtengoan Gasteizko suhiltzaileek 175. urteurrena ospatu dute.Garai bateko kamioi zaharrak gordeta dituzte.
Laguntza teknikoaren ondoren, suteak eta leherketak izan dituzte gehien: % 20,77, hain zuzen ere. “Zakarrontziak, zabortegiak, baserriak, ikuskizun publikoak, garajeak, aparkalekuak, industrialdeak, merkatarien lokalak, mendiak, ibilgailuak, etxebizitzak… Hainbat lekuk hartu dute su eta horiek itzaltzera joan behar izan dugu”, kontatu du.
Salbamenduak eta erreskateak ere lanaren parte dira: 2018. urtean % 15,54 izan dira, zehazki esanda. “Animaliak, igogailuetan edo etxebizitzetan harrapatuak, auto-istripuak dituzten pertsonak, hilotzen erreskatea uretan edo lurrean… Egoera konplikatuak izaten dira, baina horiek ere egokitzen zaizkigu”, azaldu du Agirrek.
Suhiltzaileek hogeita lau orduko lan-txandak egiten dituzte.
Azkenik, prebentzio-lanak ere egiten dituzte: festetan, ikuskizunetan eta su artifizialak daudenetan; ikuskapenak, simulazioak, formakuntzak… “Horrek gure lanaren zati txiki bat betetzen du, % 5,84; eta merkantzia arriskutsuekin, berriz, oso gutxitan aritzea tokatzen zaigu. Industriagune edo biltegi batean ihesaldi edo isurketaren bat gertatzen denean, deitu egiten digute. Iazko gure lanaren % 0,06 izan dira horrelakoak. Oso gutxi, beraz”.
Semaforoa eta txirrina
Hainbeste lan-mota desberdin izanda, suhiltzaileei nolako irteera egin behar duten jakinarazteko, kode berezi bat erabiltzen dute. “Bost kolorez osatutako semaforo bat dugu eta, txirrinaren iraupenaren arabera, badakigu zer gertatu den eta larritasuna zenbatekoa den”, azaldu du suhiltzaileak. Argi gorria pizten da sutea dagoenean eta argi berdea, berriz, altuerako irteera bat egin behar dutenean: erreskateak, esaterako. “Laranjak sute txikia izan dela esan nahi du; adibidez, zakarrontzi bat erretzen denean. Argi urdinak mendiko edo basoko suteak, eta argi zuriak irteera teknikoak: uholdeak, liztorrak, igogailu bat gelditu dela…”, adierazi du Agirrek.
Suhiltzaileak kamioitik tresneria ateratzen.
Koloreek konbinatuta ere badute esanahia: argi zuriak eta laranjak trafiko-istripua esan nahi dute, edo argi berdeak gorriarekin nahastuta, etxe edo pisu batean sutea izan dela. “Argiekin batera jotzen du txirrinak ere. Zarata zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta larritasun handiagoa izango du irteerak”.
Eta zuk bazenekien hainbeste gauza egiten zituztela? Zerk harritu zaitu gehien? Inoiz deitu behar izan diezu?
Guk hemen daukagu hogeita lau orduko ordutegia. Orduan, sartzen garenean, egiten dugu zerrenda pasa, gero errebisioa (berrikuspena) egiten dugu, egunero: kamioiak, ekipoak, materiala… Eta guzti hori (hori guztia). Gero, egiten dugu soinketa, prestaketa fisikoa eta, horren ostean, hamaiketako bat, jakina. Eta praktikaren bat goizean, bai? Praktikaren bat edo mantenimendu-lanetan (mantenu-lanetan) edo. Gero, bazkaldu ahal bada, jakina, bazkaldu ahal bada eta, arratsaldean, beste igual praktika potoloagoa egiten dugu. Eta horrela jada, gutxi gorabehera 19:00ak aldera bukatzen dugu nolabait ordutegi araututa (araututako ordutegia), nolabait. Gero, hortik aurrera, libre daukagu, baina bueno, claro (noski), hori da abisuen arabera. Hau da, jotzen baldin badu txirrinak, ateratzen gara ziztu bizian, hori da. Orduan, beti horren menpe, jakina.
2. Suteak itzaltzeaz gain, zer egiten duzue?
Gero eta sute gutxiago suertatzen zaizkigu. Orduan, bai prebentzioa eta baita ere igual gizartean gero eta sentsibilizazio gehiago (handiagoa) dagoela suteekin. Eta orduan, ba bueno, etxeetan, industrialdean eta guzti hori (hori guztia), gero eta murritzagoak direla (dira). Orduan, bai gertatzen direla irteera teknikoagoak. Adibidez, bada ez dakit, animaliekin, ez dakit: erleak direla ala liztorrak direla… Ala igual iturgintzaren zerbaitekin edo etxeetan. Adibidez, arazo bat, ez dakit, koadro elektriko batean… Edo hor, esan dudana, iturgintzan edo horrelako zerbait, fugaren bat, ur fugaren bat edo horrelako zerbait. Irteerak gero eta teknikoagoak izaten ari dira.
3. Zein da zuretzat egoerarik gogorrena?
Igual larritasun aldetik edo, ez dakit, gogortasun aldetik, betiko istripuak igual. Istripuetan nolabait jada pertsonen bizitza arriskuan dagoenean eta, batez ere, jende igual gaztea edo, hor oso gogorra da. Baina bueno, gero eta gutxiago ere suertatzen direla (dira) istripuak, kotxe-istripuak, diot. Eta orduan, ba bueno, aspalditik ez dugu eduki, baina bueno. Horiek oso gogorrak dira, horrelako tragediak, tragediatxoak eta gogorrak dira.