Luzon, Filipinetako bihotzean
Toki ikusgarri ugari daude Filipinetan: Manilatik abiatu eta hegoaldera zein iparraldera bidaiariak leku interesgarriak aurkituko ditu. Haien artean, Luzongo harribitxia: 2.000 metro baino gehiagoko arroz-terrazak, desnibel handiak gaindituz egin dituztenak.
Diotenez, Manila oso itsusia da. Filipinetara doazen bidaiariek esan ohi dute aireportua dela Manilan zapaltzen duten eremu bakarra, eta berehala alde egiten dutela uhartediko beste uharte batzuetara. Hori hanka-sartzea! Hasteko, egia da Manila zatarra dela, baina baditu zenbait gauza interesgarri, eta merezi du egun bat edo bi igarotzea bertan. Bestetik, beste uharteetara berehala joanez gero Luzon, uharterik handiena, ikusi gabe utziko duzu. Luzon da filipinar kulturaren uharterik adierazgarriena; jendetsuena ere bai.
Manilako kaleak, dena trafikoa eta zarata.
Filipinarrak 105 milioi dira guztira, eta ia erdia, 48 milioi, Luzonen bizi da. Horietatik 11 milioi Manila hirian, Manila Handia edo Manila Metroa izeneko gune horretan.
Intramuros, harresi artean
Hiriak baditu txabola-auzo erraldoi batzuk non txirotasuna eta indarkeria nagusi diren. Alegia, munduko beste hiri handi askotan gertatzen dena gertatzen dela han ere. Baina bidaiariak, ez badu nahi, ez du inolako beharrik hara joateko. Segi dezala paseoan auzo historikoaz gozatzen. Intramuros izena du auzo horrek, espainiarrek eraikitako harresien artean dagoelako. Edo dendaz denda segi dezake eta jatetxeren batean ere sar daiteke bisitaria, Makati barruti aberatsean. Auzo horretan Trump-ek izen bereko dorrea inauguratu zuen eta handik gutxira bihurtu zen AEBko presidente.
Auzo atsegina da Intramuros, lasaia. Garai kolonialeko arkitektura ere badu apur bat. Espainiarrek 300 urtetik gora egin zuten herrialde honetan, estatubatuarrek kanporatu zituzten arte 1898ko gerraren bidez. Garai kolonialekoak dira Katedrala, San Agustin eliza eta zenbait jauretxe. Ez dago besterik, japoniarrek okupatu zutenean, Bigarren Mundu Gerran, ia Manila osoa suntsitu zutelako.
Erdi jeep-a, erdi autobusa, jeepney bitxia da filipinarrek gehien darabilten garraioa.
Euskaldunen arrastoak
Bisitari euskaldunari berehala egingo zaio zerbait harrigarri: Intramurosen badela Urdaneta kalea, edo Legazpi kalea (Legaspi idatzita batzuetan); eta badela ere Elcano kalea, Divisoria auzoan. Kontua da Miguel Lopez Legazpi, Zumarragakoa jaiotzez, izan zela Manilaren fundatzailea, 1571n. 1565ean, Urdaneta filipinar kai batetik abiatuta itzuli zen Mexikora. Itzulbidaia osatu zuen horrela: nahiz eta beste itsasgizon batzuk ere saiatu, bera izan zen bidea aurkitu zuen lehena. Elkano, berriz, 1521ean heldu zen herrialde horretara, Magallaesen espediziokide gisara. Eta Lapu Lapu agintari filipinarrak borrokaldi batean portugaldarra hil geroztik Elkanok hartu zuen aipatu espedizioaren buruzagitza. Victoria itsasontzia San Lucar de Barramedan porturatu zuen Elkanok, eta horrela osatu zuen lehen mundu-bira.
Urdaneta kalea, Manilako Intramuros auzoan.
Euskaldun asko bizi izan ziren Filipinetan. Merkatariak ziren gehienbat. San Agustin eliza-barruko hilerrietan abizen euskaldunak ageri dira maiz samar. Hiriburuko sendirik aberatsenetakoa Ayala da, Manilako merkataritza-gune nagusienaren jabea, besteak beste. Luzongo probintzia bat Nueva Vizcaya da, eta barregarriena, txistorra gisako hestebete bati Chorizo de Bilbao esaten diote.
Intramuros oso lasaia izan arren, Manila oso hiri zaratatsua da, hiri asiar guztiak bezala. Trafiko handia dago, auto-pilaketa ugari, eta kaleak ere jendez gainezka. Manilaren izaeraren adibiderik onenetako bat Quiapo-ko azoka da: kalean dauden era guztietako saltokiek, jan-edana eskaintzen dutenek barne, labirinto handia osatzen dute.
Azoka (Quiapo).
Zer ikusi ugari
Manilatik aterata, toki askotara joan daiteke, hegoaldera adibidez, Taal sumendira (aintzira baten erdian dago). Sortaldean, aldiz, Legazpi hirian, Mayon sumenditzarra dago; erabat konikoa da. Handik gertu dago Donsol kaia, marrazo-baleak ikusteko abiapuntua; 10 metrotik gora neurtzen dute marrazo hauek. Iparraldera joaten denak Pinatubo sumendia aurkituko du: 1991n leherketa bortitza izan zuen, eta inguruan hondamendi handia sortu: paisaia guztia laba eta errautsa. Leherketak, aurretik krater nagusia zen tokian, aintzira bat ere sortu zuen, polit askoa.
Batad eskualdeko arroz-terraza ikusgarriak, Luzon iparraldean.
Iparralderago dago Luzongo harribitxia: 2.000 urtetik gorako arroz-terrazak. Autoz iristeko 9 ordu inguru behar dira. Opari bat da begien bistara. Berde kolorearen aldaera guztiak daude. 1.000 metroko desnibela daukate terraza hauek, baina hala ere ifugaotarrek, bertako filipinarrek, mendean hartu dituzte, arroza ereiteko.
Batad eta Banaue eskualde-tarte horretatik goza daiteke hobekien terrazek osatzen duten ikusmira eder horretaz. Bestalde, handik hurbil, Sagada eskualdean, Valle del Eco dago. Haran horretan, hildako senideak hilkutxan sartu eta haraneko mendi-harkaitzen hormetan zintzilikatzen dituzte.
Hilkutxa zintzilikatuak. (Sagada, Luzon iparraldean)