Joseba Beristain, soinu-banden konpositorea

Filmetako soinu-banden egilea da Joseba Beristain azkoitiarra. Soinu-banda ugari konposatu ditu, haien artean azkenekoa 'Elkano, lehen mundu bira' animaziozko pelikula. Genero batzuek errazagoak diruditen arren, genero sinplerik ez dagoela dio.

Joseba Beristain (Azkoitia, 1978) filmetako soinu-banden egilea da. Mystikal (2010), The Plot Point (2016) eta Teresa eta Galtzagorri (2016) filmen soinu-bandak konposatu ditu, beste batzuen artean. Bere azken lana Elkano, lehen mundu bira (2019) izan da, uztailarean zinema-aretoetan estreinatu den animaziozko pelikula. “Argi geneukan, abenturazko filma izanik, musikak sinfonikoa izan behar zuela”, kontatu digu Beristainek. Azkoitian daukan estudioan elkartu gara bere azken lanari eta aurretik egindako lan-ibilbideari buruz hitz egiteko.

Pelikuletako soinu-banden sortzaileen lanaren nondik norakoak azaldu dizkigu Josebak.

1. Noiz hasi zinen musikan?
Ume askok egiten duten bezala, 5 edo 6 urterekin musika-eskolan eman nuen izena. Solfeoa eta pianoa ikasi nituen. Hala ere, ez zen bokazioagatik izan, joan behar nuelako joaten nintzen. 15 urte nituenean, lagunekin rock-talde batean jotzen hasi nintzen. Une hartan, Sorotan Bele taldea zegoen modan eta guk antzeko zerbait egiten genuen. Horrez gain, zinema beti gustatu izan zait, soinu-bandak entzuten nituen eta modu natural batean hasi nintzen ikus-entzunezkoetarako musika sortzen. Film laburrekin hasi nintzen eta honaino iritsi naiz.
 
2. Zein izan zen zineman lan egiteko lehenengo aukera?
Lehenengo aukera orain Elkano, lehen mundu bira pelikulan lan egin dudan ekoiztetxeak eman zidan: Dibulitoon enpresak. Historia de Elam (2002) film laburra izan zen aukera hura. Nik egindako lan bat erakutsi nion zuzendariari eta gustatu zitzaionez, film labur horretarako musika sortzeko aukera eman zidan”. Oroitzapen polita dut. Azkoitiko abesbatzarekin grabatu genuen, nire eskolako aretoan izan zen… Gai nintzela ikusi nuen, eta zuzendaria ere pozik geratu zen nik egindako lanarekin.
 
3. Ordutik, nolakoa izan da zure lan-ibilbidea?
Hogei film labur inguru, hiru luze, dokumental bat, iragarkiak, telebistako hasierako sintonia… Lan bakoitzak du bere xarma, interesa eta grazia. Zortez, hainbat musika-mota egin ahal izan ditut: elektronikoa, sinfonikoa, minimalista… Elkano, lehen mundu bira filma, adibidez, lan handia izan da: orkestrarekin eta orfeoiarekin grabatu dugu, ia ordubeteko musika konposatu dut.
 
4. Zein da soinu-banda bat sortzeko prozesua?
Hainbat aukera ditugu: zinemagile batzuek gidoia ematen digute lanean hasteko, beste batzuek lana ia amaituta dagoenean erakusten digute… Soinu-banda konposatzeko, lehenengo, nola antolatuko dugun erabaki behar izaten dugu: pertsonaiaren batek bere abestia izango duen, tokiren batek, girotzeko sortuko dugun baten bat… Horren arabera, konposatzen hasten gara eta, ondoren, abesti bakoitzak filmeko zein momentutan jo behar duen zehazten dugu. Azkenik, bigarren mailakoak ere konposatzen ditugu; auto-pertsekuzio bat baldin badago zer-nolako musika jarriko dugun, esaterako.

Zuzendariarekin talde-lanean aritzen gara: eurek ideia batzuk izan ohi dituzte eta nik beste ideia batzuk. Adostasun batera heldu behar dugu aurrera jarraitu ahal izateko.
 
5. Zerk inspiratzen zaitu?
Sena dudala uste dut; irudiak ikusten ditudanean, badakit sonoritatea nolakoa izango den, gutxi gorabehera. Horrenbeste pelikula ikusi eta gero, inkontzientean patroi batzuk ditut. Gidoia irakurrita baino errazagoa da irudiak ikusita: filmak zer estilo duen, estetika zein den… Kasu bakoitza aztertu behar da.
 
Askotan, zuzendariak filma muntatzen duenean, bere gustuko musika hartzen du, ikusteko horrekin nola geratzen den. Hori nire lanerako arriskutsua izan daiteke: estiloari buruzko informazioa ematen digu, baina hori entzutera ohitu denez, oso antzeko zerbait nahiko du. Jada egina dagoena, ordea, ezin dut errepikatu, bestela plagioa da.
 
6. Pelikularen generoak zerikusia du musika sortzeko izan dezakezun zailtasunean?
Ez da erraza galdera horri erantzutea. Genero batzuek errazagoak dirudite: beldurrezkoak, adibidez. Baina gero konturatzen zara ez dagoela genero sinplerik. Guztietan koherentzia eta grazia mantendu behar ditugu, eta, horretarako, bariazioak erabiltzen dira. Bariazio horiek generoaren arabera desberdinak dira: beldurrezkoetan eta abenturazkoetan, esaterako.

Joseba Beristain Azkoitian jaio zen 1978. urtean.

7. 'Elkano, lehen mundu bira' animaziozko filma da zure azken lana. Nolako proiektua izan da?
Ez da Dibulitoon ekoiztetxearekin lan egiten dudan lehenengo aldia. Beraz, hain garrantzitsua den konfiantzazko giroa bageneukan eta horrek lana errazten du. Beraiek esaten didate: “Hau da pelikula eta zuk egin nahi duzuna”. Hori kontuan hartuta, abenturazko momentuetarako abesti bat sortu nuen, gaiztoarentzat beste bat eta amodiozko istoriorako bestea. Zuzendariak horiek onartzean, proiektua osatzen hasi ginen.

Ordenagailuan maketa batzuk egiten ditut lehendabizi, eta orkestra birtual batek jotzen du nik konposatutakoa, gutxi gorabehera. Ondoren, bideo-zati bat hartu eta egindako musika jarrita zuzendariari bidali nion. Berak esandako aldaketak egin ostean, proiektua osatu nuen. Jarraian, guztia partituretara pasatu nuen; gainera,  ordenagailuak automatikoki egiten duena zuzendu behar izaten dugu, partitura errazak behar izaten ditugulako. Izan ere, egun bakarrean grabatzen da guztia, aurretik entsegurik egin gabe. Nork joko duen jakitea ere garrantzitsua da, ez baita gauza bera ikaslez osatutako orkestra edo profesionala den orkestra bat.

'Elkano, lehen mundu bira' 2019ko uztailean iritsi zen zinema-aretoetara.
 

Elkanoren kasuan, Euskadiko Orkestrarekin, Donostiako Orfeoiarekin, Enrique Solinis gitarristarekin eta Iban Allue flauta-jotzailearekin grabatzeko aukera izan dugu.
 
8. Nola ikusten duzu euskal zinema zure alorretik?
Orokorrean hobetu da euskal zinemaren industriak bizi duen egoera, baina ez dira hainbeste pelikula egiten. Musikari batzuk bagaude, baina gerta daiteke batek bakarrik hiru filmetan lan egitea aldi berean. Beraz, hobeto dagoen arren, momentuz musikariok ez dugu hainbesteko lanik. Gehiago hazteko itxaropena dut. Gainera, kalitatean oso zinema ona egiten ari dira Euskal Herrian eta hori mantendu egin behar dela iruditzen zait. Guztiontzat hobe izango da.
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Musikak film batean duen garrantziaz jabetzen dira ikusleak?
Daukan garrantzia, kontzienteki seguruenez ez. Baina iluminazioak (argiztapenak) daukan bezala edo enkoadreak (enkoadraketak) daukan bezala… Zu pelikula bat ikusten ari zarenean, normalean ez zara ibiltzen: “Ara, begitu (begira)! Enkoadre (enkoadraketa) honek angustia (larritasuna) sortzen dit, begiratu plano orokor honek…”. Zeren horrela, xelebre batzuk ibiltzen gara horrelako gauzak egiten, baina orokorrean publikoak ez du, gauza horietan ez du erreparatzen. Baina badu eragina. Azkenean, ikus-entzunezko narratiba baten oinarria delako, ikus eta entzuna: irudia, soinua eta musika. Eta eragina duela seguru, bestela ez zen egingo. Eta bai, eta gero badaude, batzuetan, musikak hartzen du horrelako presentzia kontziente bat, zuk entzuten duzu garbi: musika hau da, musika hau da Tiburoiarena (Jaws), Indiana Jones-ena, ez dakit zer… Horrela garbi entzuten dena… Beste batzuetan, berriz, zu ez zara kontziente hor atzean dabil musika, baina bere lana egiten ari da.
 
2. Zergatik dira hain ezagunak soinu-banda batzuk?
Badaude musika batzuk tarareableak direnak (abestu daitezkeenak). Zuk (zu) zinetik irten leikezu (zaitezke) kantatzen… Pan-parapan-pan-paran…Hori kantatu leikezu (dezakezu). Beste pelikula batzuk, Matrix-eko musika ezin duzu kantatu, suan-suan-suan… Oso zaila da, hori ezin da, inork (inor) ez du (da) irtengo zinetik hori kantatzen. Orduan hori da, lehenengo gauza izan behar duela: bat errekonoziblea (ezagut daitekeena), ez? Entzuten duzunean esateko hau horren musika da; eta bigarrena izan behar du memorizatzeko erraza izan beharko luke. Nik uste dut horiek eduki dutela horrelako transzendentzia bat, eta gero baita (ere) pelikula ospetsua baldin bada, horixe ez? Star Wars, eta Indiana Jones eta Tiburon (Jaws) eta hauek oso ospetsuak izan dira, milaka aldiz entzun ditugu telebistan, gero horren parodiak egin dira, horren kontzertuak egin dira… Osea (beraz) askotan horrelako inkontziente kolektiboko parte bihurtu dira. Edo La mision (The Mission)… Badaude pila bat horrela gelditu direnak eta nik uste horregatik dela.
 

B1
09-12-2019
  • Malutafilms
20770120
00:02:49
642