Edurne Elizondo "Beganismoa dieta-kontu bat baino gehiago da"

Edurne Elizondo beratarra da, baina gaur egun Uharte Iruñean bizi da. Kazetaria da eta baita idazlea ere, nahiz eta berak kazetari moduan definitu bere burua. Duela 11 urte barazkijale egin zen, eta orain dela zazpi urte inguru begano izatea erabaki zuen.

Zer da begano izatea?
Hitz gutxitan esan behar badut, esango dut bere eguneroko bizimodutik animalien erabilera erabat baztertzen duen pertsona dela beganoa. Noski, zu ez zara beganoa begano izateagatik. Ez da helburu bat, baizik eta bide bat. Eta zertarako? Bada, animalien erabilerari, espezismoari aurre egiteko. Gainera, nire pentsatzeko moduarekin koherente izateko modua da, baina horrekin ez dago dena eginda. Niretzat tresna bat da, eta horrek egunero borrokatzeko aukera ematen dit.

Noiz erabaki zenuen begano izatea?

Duela 11 urte barazkijale egin nintzen, api-obolakto begetariano deitzen dena; hau da, ez nuen animaliarik jaten, baina hartzen nituen arrautzak, esnea… Barazkijale izatea behi eroen garaian erabaki nuen. Ez da beldurra hartu niola haragiari, ezta gutxiago ere. Behi eroen garaian egunero ikusten nituen hildako behiak telebistan. Konturatu nintzen nire platerean zegoen xerra hori bera zela, hildako animalia bat zegoela horren atzean. Ondoren, duela zortzi urte inguru bat egin nuen Iruñeko Denok animaliak taldearekin eta haien eskutik gehiago sakondu nuen borroka horretan, ideietan… eta ezagutu nuen beganismoa. Nik beti izan dut arrautzak eta esnea uzteko asmoa, baina ez nekien horrek izena zeukanik. Ez da bakarrik dieta kontua, gauza gehiago dira.



2005eko martxoaren 8an hartu zenuen begano izateko hautua. Egun berezia?
Bai, kontzienteki erabaki nuen egun horretan hastea. Animalien aldeko taldeetan parte hartzen duen jendeari esaten zaio asko arduratzen direla animaliekin, baina gizakiarekin ez dutela inolako ardurarik izaten. Ni begano izateak eta antiespezista izateak ez du esan nahi gainontzeko gizakiekin arduratzen ez naizenik. Espeziearen araberako bazterketa guztien aurka nago eta animalia guztien alde, eta gizakia hor sartzen dut. Hori aldarrikatu nahi izatean beste gauza batzuekin ere arduratzen naizela erakutsi nahi izan nuen.

Animalien atzean dagoen industria hori da salatu gura duzuena?

Gaur egun industria oso bat sortu da animalien erabileraren inguruan, batez ere elikaduraren esparruan da agerikoa. Animaliak hiltzen dira jateko. Askotan galdetzen didate: eta, ez zenituzke arrautza ekologikoak jango? Nik esaten dudana da agerikoa dela bi sistemen artean dagoen aldea. Baina zelaian libre dagoen oiloaren bizitzaz haren jabeak erabakitzen du. Eta arrautza gehiago ematen ez duenean akabatu egingo du. Hortaz, horrek ez dit balio. Atzean dagoen erabilera berdina da, eta berdina da animaliekiko dagoen kontzepzioa. Guretzat gauzak dira, eta baliabide ekonomikoak ere badira. Animalia bat dirua ematen digun bitartean bizirik mantenduko dugu, eta dirurik ematen ez digunean, berriz, akabatu egingo dugu. Ez dugu pentsatzen animaliek nerbio-sistema nagusi bat dutela eta horrek ematen diela bai plazera eta baita mina sentitzeko gaitasuna ere. Niretzat oso sinplea da: niretzat nahi ez dudana ez dut ni bezalako beste izaki batentzat nahi.

Jai asko daude erlazionatuta animaliekin.
Bai, tamalez, Euskal Herrian oso errotuta dago animalien erabilera. Ematen du gure nortasunak ohitura horiekin lotura handia duela eta zaila dela horri aurre egitea. Ez dira entzierroak eta zezenketak bakarrik; badaude, besteak beste, ganadu-feriak, zirkoak, poniak… toki guztietan daude animaliak. Bada garaia argi ikusteko XXI. mendeko gizarte batek ezin duela horrelakorik onartu. Belaunaldi berriei bestelako aukerak eman behar zaizkie. Jai batzuk izateak jai horietan egiten den guztia justifikatzen du? Nik nahiago dut jairik ez izan bere atzean horrenbeste odol eta animalien horrelako erabilera baldin badago. Ez dut uste alternatiba bat behar denik zezenketak kentzeko. Zezenketak kendu behar dira berez, astakeria hutsa direlako.



Esperimentazioan ere animalien erabilera dago.

Esperimentazioa mundu erabat beldurgarria da. Gure egunerokoan erabiltzen dugun edozein produktu aurrez animaliekin erabili dute. Askok uste dute esperimentazioa osasunaren esparruan bakarrik ematen dela. Ni horren kontra ere banago, baina jakin behar dugu esperimentazioaren portzentajerik handiena arlo militarrean eta kosmetikan ematen dela. Gaur egun badaude beste hamaika modu esperimentatzeko.
 

Segidan, elkarrizketatik hartutako audio-zatitxo bat duzu entzungai:


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

ESATARIA. Menuari edo janariari dagokionean, zaila da zoazenean nonbaitera…?

EDURNE ELIZONDO. Ez. Nik uste dut ezetz. Jendeak akaso badu ideia hori. Zaila izan behar duela, baina niretzako ez da; gaur egun badago gauza anitz aukeran, zure etxean prestatzen duzunean bazkaria, dauzkazu zure gauzak eta nahi duzuna prestatzen duzu. Kanpoa joaten zarenean, zailagoa dela, ba akaso bai. Normalean, nahi duzunean lagunekin eta gera naiteke edonon bazkaltzeko, edo afaltzeko eta normalean egiten dudana da aurretik deitu, abisatu, beganoa naizela, galdetu zer aukera dagoen, eta normalean beti badago zerbait, edo bertzela prestatu egiten dizute zerbait. Ez dago, ez dago problemarik. Ez da zaila.

E. Predisposizio hor badauka...

E. E. Ba normalean bai.

E. Prestatzen dizute esanez gero, ez?

E. E. Bai. Bai. Bai. Bai. Normalean bai. Bai: nik ez dut inoiz horrelako jarrera itxirik aurkitu, nonbaitera joan eta ez dizutela deus prestatu nahi. Ez. baina erraten dizut: normalean  lehendik abisatzen baduzu, eta erraten baduzu “beganoa naiz. Zer izan dezaket kartan aukeran?” Ba beno, ez badago gauza handirik, ba ahalegina egiten dute, eta beti eskaintzen dizute zerbait berezia.
 

B2
12-13-2012
16363443
01:15
11723