Etxean lan egitea, zabaltzen ari den aukera

Eusko Jaurlaritza duela gutxi hasi da langile batzuei etxetik lan egiteko aukera ematen, lana familiarekin batera dezaten. Jaurlaritzaren asmoa da horiekin proba egin eta epe laburrean kopurua handitzen joatea. Egitasmo berriaren gaineko balorazioa egiteko denbora gutxi igaro denez, etxetik aspalditik lan egiten duten bi langilerengana ere jo dugu argibide eske, bulegora joan ordez etxean lanean aritzeaz hitz egin diezaguten.

Eusko Jaurlaritzaren adibidea

Eusko Jaurlaritzak hemeretzi langileri eman die aukera astero hiru egunetan etxetik lana egiteko. Familia eta lana bateratzeko erraztasuna ematea eta langileen lanari errentagarritasuna ateratzea dira ekimenaren helburu nagusienak. HAEEko langilea den Ana Altunak dioenez, astero hiru egunetan Zarautzetik Gasteizera joan beharrean, etxetik lan eginez hobeto moldatzen da: "Diziplinatua izan behar duzu eta distrakzioetatik urrundu; hori betez gero, nire lana berdin egiten dut". Bulego bereko Alex Rodriguez ere oso pozik dago aldaketarekin: "Laudiotik Gasteizera joan-etorrietan bi ordu galtzen nituen egunero, eta orain, berriz, denbora hori nik behar dudanerako erabiltzen dut". Biek administraziorako hautaketa-prozesuetako aholkulari lana egiten dute, azterketak eta agiriak prestatuz eta errekurtsoei erantzunez. "Lan horiek guztiak etxean lasai asko egin ditzakegu eta bezeroak artatzeko sakelako telefonoetara dei diezagukete".

Finkatutako epeak bete

Hori argituta, airean gelditzen den zalantza bakarra lanorduen kontrola da. HAEEko arduraduna den Enkar Etxezaharraren esanetan, "egia da langile horiek ez dutela gainerakoek bezala fitxatuko, baina horien arduradunek jarraipen zorrotza egingo diete, finkatutako helburuak eta epeak behar den bezala bete ditzaten".

Administraziotik kanpo ere bai

Administraziotik kanpo lan egiten duten beste langile batzuengana ere jo dugu, etxean lan egitea zer den hobeto jakite aldera.

Diego Martiartu itzultzailea
 

Arrasateko Diego Martiartuk zazpi urte daramatza etxetik itzulpenak egiten. Enpresetan euskara sustatzeko planak egiten dituen Emun enpresarentzat egiten du lan, batez ere, baina baita bestelako bezeroentzat ere. Lanetako asko gaztelaniatik euskarara, euskaratik gaztelaniara edo ingelesetik itzuli beharrekoak izaten dira: "aktak eta agiriak, batez ere, baina baita literaturarekin lotutako lanak ere".

Hernaniko Amaia Azpiazu, berriz, marrazkilaria eta ilustratzailea da eta urteak daramatza etxean lanean. Lehen, argazkigintza eta ilustrazioa, biak lantzen zituen, baina eskaera handitu zenez, bat aukeratu zuen, gustukoen duena. Diseinu- eta komunikazio-enpresentzat, argitaletxeentzat eta erakunde publikoentzat egiten ditu lan gehienak.


Norberaren jabe, nagusi gabe


Diego Martiartu oso pozik dago egindako aukeraketarekin. "Egia da jende guztiak ez duela bakarrik lan egin nahi izaten, baina niretzat oso aproposa da; neure buruaren eta denboraren jabe naiz, nagusirik gabe". Ainara Azpiazuk ere bizi duen "askatasuna" azpimarratu du. Hala, biek onartu digute ez dutela beraien burua inon fitxatzen ikusten, baina diziplina ezinbestekoa dela: "Mugak oso garbi jarri behar dira, beti daudelako aitzakiak lanorduetan beste zerbait egiteko: erosketak, autoa tailerrera eraman...", esan digu Azpiazuk. Martiartuk ere iritzi bera dauka, nork bere burua ondo antolatzean dago gakoa: "Ez daukagu nagusirik, ezta ordutegirik ere, baina horien ordez epe jakin bat daukagu, benetan agintzen duena; eta horren arabera, orduka edo hitz kopuruka, serio antolatu beharra daukat".

Diziplina, ezinbestekoa

Diziplina horrekin lotuta, bai Azpiazuk eta baita Martiartuk ere argitu digute, nahi duten bezala lan egiteko askatasuna duten arren, ahalegintzen direla ia egunero ordutegi bera betetzen eta, etxean lan egin arren, egoki janzten. "Kafearekin eta pijaman lan egitea topikoa da, baina diziplinaren mesederako hobe da horiek saihestea", Azpiazuren ustez. Are gehiago, baita lana eta norberaren bizitza bereiztea ere, eta askotan hori izaten da, hain zuzen ere, zailena gertatzen dena. Horren harira, Martiartuk badu trikimailu bat: "Etxean gela bat daukat lanerako prestatuta, eta, lana uzten dudanean, ohitura daukat gela horretako atea ixteko".

Modu honetan lan egiteak dituen desabantailei dagokienez, bada bat biek nabarmendu dutena: hain zuzen ere, eskarien arabera lan egiteak daukan segurtasun eza edo zalantza. Horrekin lotuta, Martiartuk azpimarratu du "lan-karga neurtzea ezinbestekoa" dela, eta batzuetan lan-eskariei ezetz esaten ikasi beharra dagoela ez itotzeko. Azpiazuk, berriz, tarteka gustura hartuko luke alboan beste ilustratzaileren bat, lanak kontrastatzeko.
 


Interesting for you



A2
09-19-2011
16356755
8916