detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Zertarako balio dute nazioarteko egunek?

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) komunikazio-arduradunak saiatu dira galdera horri erantzuna ematen. Beraiek esandakoaren arabera, oso zehatzak dira NBEk ezarritako egunen eginkizunak. Lehen xedea da Nazio Batuen Hitzarmenaren helburuak betetzen laguntzea. Bigarrena, jendea ohartaraztea kultura, gizarte eta politika arazoez. Ekimen asko gauzatzen dira NBEk aldarrikatutako egunetan. Nazioarteko zein herrialdez herrialdeko ekitaldiak antolatzen dituzte, data berezi hauek, «Nazio Batuen interes eta programak sustatzeko aukera» ematen dutelako.

Nazio Batuen Erakundeak aukeratutakoak
NBEren Batzar Nagusiak aldarrikatzen ditu nazioarteko egun gehienak; baina beste antolatzaile batzuk ere badaude. Horien artean nabarmenduko ditugu UNESCO, FAO, UNICEF eta Europar Batasuna. Nazioarteko egun hauen helburuak bi motatakoak dira. Batzuk aldarrikatzen dira gertakari zehatzak oroitzeko. Beste batzuekin, ordea, arduradunek bilatzen dute gai eta arazo jakin batzuen inguruko informazioa zabaltzea.

Azaroaren 25a da Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna. NBEk ezarri zuen egun hau, emakumeenganako bortxakeria giza eskubideen kontrakoa delako. / NBE

 

Holokaustoa Gogoratzeko Nazioarteko Eguna da lehengo taldearen adibidea. NBEren arduradunek diotenez, «Holokaustoa historiako mugarria izan zen. Beharrezkoa da gogoratzea naziek juduen eta beste hainbat talderen aurka egin zutena». Antolatzaileek diotenez, batez ere eskola-ikasleei zuzenduriko eguna da. Arduradunek bortxakeriarik gabeko mundua sustatu nahi dute. Hori dela eta, garrantzitsutzat jotzen dute horrelako ekimenak gauzatzea.

Kulturaz arduratzen den Nazio Batuen Erakundearen atala da UNESCO. Erakunde honek ere hainbat egun tematiko aldarrikatu ditu. Honen adibidea da Irratiaren Nazioarteko Eguna. Garrantzi handia ematen diote egun honi, oraindik orain irratia delako jarraitzaile gehien dituen hedabidea. Kultura-erakunde horrek hori baliatzen du balioak zabaltzeko. Azken urteetako irratiaren egunetan, nabarmendu dituzte genero-berdintasuna eta emakumeak burujabe izatea.

Irratiak bere egun propioa du, balioak zabaltzeko duen gaitasuna dela-eta.

 

Horrela, bada, egutegia egun bereziz beteta dago: Interneten Eguna, maiatzaren 17a; Ozeanoen Eguna, ekainaren 8a; Proba Nuklearren Kontrako Eguna, abuztuaren 29a eta abenduaren 1eko Hiesaren Kontrako Eguna dira horietako batzuk.

Hemengo bat
Mundu mailako erakundeez gain, Europar Batasunak eta beste gobernu batzuek beraien egunak izendatzen dituzte. Esaterako, 1949. urtean Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Lehen Eguna antolatu eta aldarrikatu zuen. Abenduaren 3a aukeratu zuten, Xabierko San Frantziskoren ohorez, kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak ama-hizkuntzan esan zituelako; hau da, euskaraz. 1995. urtean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bere egin zuten ideia. Horren ondorioz, data hori instituzionalizatu egin zuten.

Egutegi asko daude Interneten egun horiek guztiak ikusteko. Baina pertsona askok eta askok Google bilatzailearen hasiera-orriaren bidez izaten dute horien berri. Hain zuzen, webgune horrek bere itxura aldatzen du egun askotan, egutegi berezi horiekin bat egiteko. Itxura horrek doodle izena dauka.
 

Google bilatzaileak bere logoa egokitzen du hainbat egun berezitan. Egindako moldaketak www.google.com/doodles helbidean ikus daitezke.

 

Inkesta
Zenbait laguni galdetu diegu zer iritzi duten gai honi buruz. Hona galderak eta jasotako erantzuna

1.    Zer lotura dute nazioarteko egunek eta zure ogibideak?
2.    Nazioarteko egunek ezertarako balio al dute?
3.    Nazioarteko egunen baten falta sentitzen al duzu?


IRATXE GARCIA, RAIS gobernuz kanpoko erakundearen gizarte-langilea
1.Arazo zehatzen berri izateko modua dira, bestela arazo horiek oharkabean pasatzen dira eta egunerokoan. Arazo horiei eguna eskaintzeak gogora ekartzen ditu. Komunikabideek gai horiek jorratzen dituzte nazioarteko egunetan, eta gaiak ezagutzeko bidea ematen dute.
2.Bai, noski. Nazioarteko egunek balio dute egoera eta arazoen berri emateko; hau da, jendea sentsibilizatzeko balio dute.
3.Ziur aski baten bat egongo da faltan, baina orain ez datorkit burura. Horrelako kontuekin gogoratu egiten gara lasai-lasai hitz egiten edo pentsatzen ari garenean.

MAITANE ALDANONDO, kazetaria
1.Kazetari gisa, halakoen inguruan antolatutako ekimen eta kanpainak jorratzea egokitu izan zait.  Beste aldi batzuetan, hainbat gairen inguruan hitz egiteko abagunea eman didate.
2.Errealitate batzuk gizarteratzeko eta haien garrantzia nabarmentzeko tresna dira, eta helburua lortzen dute, gutxi bada ere. Pertsona eta egoera batzuek duten babes beharra gogorarazteko balio dute, esaterako, Euskararen Eguna, Lurrarena edo Urarena. Ezezagunagoak dira beste errealitate batzuk, eta horiek gizarteari hurbiltzeko balio izaten dute; adibidez, otsailaren 29an gogoratzen diren gaixotasun arraroak.
3.Ziur baten bat falta dela, baina iruditzen zait ez ditugula denak ezagutzen.

EIDER OLAZAR, irrati-esataria

1.Lanerako oso baliagarri zaizkit nazioarteko egunak. Horretarako erabiltzen ditut, hein handi batean. Bizitza pertsonalean ere batzuei kasu egiten diet, gehienbat gai sozialekin lotutakoei, esaterako, Martxoaren 8a, emakumeen eguna.
2.Nik uste dut balio dutela zenbait gai argitara ateratzeko, gutxienez egun horretan. Bestela, zenbait gairi ez zaie tarte handiegirik egiten hedabideetan. Nazioarteko egunen aitzakian, oihartzun handiagoa izaten dute. Horrek ere arriskua badu, noski: urteko gainerako egunetan ahaztea, alegia. Ni lanean saiatzen naiz nazioarteko egunak baliatzen, bestela, akaso, tarterik egingo ez geniekeen gaiei heltzeko.
3.Nazioarteko egunen falta baino gehiago, Euskal Herriko efemeride propioen falta sumatzen dut.


detalle2

Document library

B2
12-02-2014

x61pRelaContWAR

  • Mikel Goñi (Maramara Taldea)
16346575

x61pViewCountWAR

10190

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR