Imagine John Lennon

1971ko urriaren 10ean kaleratu zuen Erresuma Batuan John Lennon abeslariak "Imagine" abestia..

John Lennon britainiar peto-petoa zen, baina New York izugarri maite zuen eta New Yorkeko kaleetan dabilen askatasun-haizea zuen gogokoen.

Hil aurretik nazionalitate estatubatuarra eskatzekotan omen zegoen. Baina, ez zuen Ingalaterrako erregina haserretzeko astirik izan.

Urtero-urtero, abenduaren 8an, Dakota Building izeneko apartamentuen sarrera nagusia lorez, argazkiz eta eskutitzez beteta egoten da. John Lennon eta Yoko Ono bertan bizi ziren. Beatles-eko kiderik ospetsuena eraikuntza erraldoi haren atarian hil zuten, Yoko Onorekin batera limusinan sartzen ari zela. Mark Chapman-ek lau tiro bota zizkion.

Hilketaren ondorioz, Dakota Building eraikin ezaguna da New Yorken. Apartamentuen aurrealdean dagoen Central Park parkean ere John Lennonen izena bizirik dago.”Imagine all the people living life in peace... John Lennon” dioen kartela irakur daiteke parkeko harri handi batean.

New Yorktarrentzat eta estatubatuarrentzat orokorrean John Lennon terapia moduko bat zen. 1963an Kennedy presidentea hilez geroztik, estatubatuar askoren artean, gazteen artean bereziki, noraeza zen nagusi. Kennedy galdu eta gero heroi baten beharra zuten, beraiek bezala arazo ugari zituen heroia eta John Lennon aurkitu zuten. Vietnamen gerra zegoen bitartean Lennonek bakeaz hitz egiten zien. Baina Kennedyrekin gertatu bezala, Lennon hil egin zuten. Bi heroi hain denbora gutxian galtzea oso mingarria izan zen estatubatuarrentzat.

Mark Chapman-ek, Lennonen hiltzaileak, 20 urteko gartzelaldia beteko du aurten eta New Yorkeko legeen arabera aske geratzeko eskubidea du. Baina ez du lortu. Gainera, Chapman-ek urteak daramatza bakarrik giltzaperatuta, inguruan dituen presoek hil egingo duten beldurrez. Eta behin-behineko askatasuna ere ukatu izan diote. Yoko Onok berak ez askatzeko eskaria eginez eskutitza bidali zion New Yorkeko justizia departamentuari.

Yoko Onok New Yorken bizitzen jarraitzen du. John Lennonekin zegoenean, Beatles-eko kidearen ospea bere alde erabiltzea leporatzen zioten, eta nahiz eta hogei urte igaro, uste horrek bere horretan jarraitzen du. Zergatik? Hona hemen adibide batzuk: batetik, joan den urrian Lennoni eskainitako erakusketa handia ireki zuten Cleveland-en, Rock eta Pop musikaren izarren museoan. John Lennonen argazki, abesti eta objektuekin batera Yoko Onoren eskultura batzuk ere jarri dituzte. Bestetik, Times Square-en ireki berri duten Madame Tussaud museoan, argizarizko pertsonaia famatuen kopiak biltzen dituen museoan Yoko Onoren irudia jarri dute newyorktar ezagunenen irudien alboan. Baina ez dago New York hainbeste maite zuen Lennonen irudirik.

Egun 30 urte dituztenek ez dute ondo gogoratzen John Lennon nor zer. Baina, Rolling Stone aldizkari ezagunak, hemen Estatu Batuetan askorentzat “musikaren biblia” den aldizkariak, urtero egiten dio Lennoni aipu. Aurten hilketaren hogeigarren urteurrena dela eta, John Lennon hil zuten egunean non zeuden eta albistea jaso bezain laster zer pentsatu zuten galdetu die Rolling Stone aldizkariak 34 artistari: Sting, Sinead O’Connor eta Lenny Kravitz bezalako artista ezagunei, besteak beste. Denek antzeko erantzuna eman dute: John Lennonik gabeko munduan bizitzerik ez zegoela uste zuten. Odol asko galdu arren, Lennon ez zela galduko pentsatu zuten. Jakina, pentsaera baino nahia zen.

Egungo gazteentzat gurasoen belaunaldiko pertsonaia da John Lennon, Kennedyren modukoa, egun zentzurik ez duena. Estatubatuarrek ez dute bakearen beharraz hitz egiten eta heroiak ez dira luzarorako izaten, musika-munduan urte batetik bestera aldatzen diren heroiak kontsumitzen dira. Bizirik balego, 60 urte beteko lituzke aurten John Lennonek eta ilea zurituta, bosgarren abenidatik barrena ibiliko litzateke, hogei urtetan aldatu ez den gauza bakarra New York-eko haizea dela esanez.

Aipu egin: mencionar
Argizari: ezkoa. Cera
Behin-behineko: provisional
Belaunaldi: generación
Erraldoi: gaitza, oso handia. Enorme
Eskatzekotan omen zegoen: eskatzeko asmoa omen zuen
Kide: partaidea. Miembro
Leporatu: egotzi. Imputar
Noraez: falta de rumbo
Peto-peto: erabatekoa. Completo, perfecto
 


B1
11-30-2000
  • Arrieta , Olatz
16345580
2855