detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Iruñean, irizpidedun turismoa

Ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz eskaintzen dituzte Iruñeko Alde Zaharra ezagutzeko bisita gidatuak. Orain arte, euskaraz egin dituzte ibilaldi gehienak. Arangurenek dioenez, familia asko izaten dituzte bisitari, "eta bai irakasle-taldeak ere". Dena den, irakasleak ez ezik, ikasleak ere izaten dituzte entzule. "Euskara-ikasleak hartzeko eskaerak ere izan ditugu, eta azalpenak egokitzen ditugu euskara ikasten ari direnen mailara". Gidariek gogoratu dute euskara irakasten ere ibiliak direla.

Labrit Tours ideia bati babesa emateko sortu zen. Gaizka Aranguren da bere arduradunetako bat, eta berak argitu du ideiaren jatorria. “Enrike Diez de Ultzurrunek esan zidan komenigarria zela bertatik bertara eta gure irizpideen araberako ibilaldiak eskaintzea Iruñeko Alde Zaharrean”. Esaldi horrek biltzen ditu ekimen honen osagai nagusiak: Iruñea eta irizpideak. Iruñean badaude beste ibilaldi batzuk, baina gure txangoek badituzte hainbat berezitasun. Diez de Ulzurrunek eta Arangurenek laguntzen dituzte bisitariak, antolatu dituzten lau ibilaldietan barrena.

Ibilaldi desberdina
Arangurenen arabera, ibilaldi hauetako berezitasun nagusia da “ibilaldiak euskaldunek eta euskaraz pentsatuak” izatea. Horren ondorioz, Iruñea, hiri buruzagi izeneko ibilaldian ez dute ematen ikuspegi historiko hutsa. “Hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegitik Iruñea buruzagi izan zen, euskara galdu zuen arte”. Aranguren gidariak horrela deskribatzen ditu ibilbide hauek: “Euskararekiko konpromiso sakonetik egiten dugun eskaintza dira”.

Gidariek teknologia berrien eta material grafikoaren laguntza baliatzen dute bisitaldietan. /  Labrit Tours

Hain zuzen, “irizpidedun turismoa” da beraien jardueraren ardatz nagusia. Arangurenek azaldu du kontzeptu hori: “Guk ez dugu hau sortu dirua irabazteko asmotan. Hori gertatzen bada, primeran. Baina guk Iruñea zer den azaldu nahi dugu. Iruñeak historikoki, linguistikoki eta kulturalki zer esan nahi duen azaldu nahi dugu”.

Kontu bitxi bat
Beraz, Labrit Toursek ez du asebeteko San Fermin jaiak, zapi gorriak, zezenak eta sangria bakarrik bilatzen dituena. Arangurenek ñabardura egin du. “Baina, sanferminen inguruko gezurretan, mitoetan eta abarrekoetan sakondu nahi duenari hau dena kontatuko diogu, sangria bat eskuan; alegia, sangria eta festa ez ditugu baztertzen, baina gure ibilbide hauek ez dira azaletik ibiltzeko ibilbideak”.

Horren adibide da, webgunean bertan ikus daiteken kontu bitxia. Jende askok ezagutzen du San Fermin jaiei buruzko Uno de enero, dos de febrero... kanta. Pertsona askok ezagutzen dute Olentzero buru handia gabon-kanta. Arangurenek azaldu du bi kanta horien arteko lotura. “Pertsona gehienak ez dira ohartzen bi kantek musika eta jatorri ber-bera dituztela; ez dira konturatzen bi une eta bi mundu ezberdinetan kokatzen dituztelako”.

Lau ibilbide
Ecin scriba çayteyen?, Sanferminak, Lingua navarrorum eta Iruñea hiri buruzagi ibilaldiek osatzen dute Labrit Toursen eskaintza. Aldaketak aldaketa, Enrike Diaz de Ultzurrunek lehenengo hirurak gidatzen ditu, eta Gaizka Arangurenek gauza bera egiten du laugarrenean. Arangurenek berak Iruñea hiri buruzagi ibilbidea deskribatu digu. XIX. mendera arte Nafarroako hiriburua euskal hiri nagusia izan zen; besteak beste, Arabako eta Nafarroako nekazaritza-lautadak izan zirelako eremurik emankorrenak. Iruñeko Alde Zaharrean bertan badira aldaketa historiko horren adierazgarri diren eraikinak.
Gaizka Arangurenek gidatzen duen Iruñea hiri buruzagi ibilaldian hiriburuaren kokapena ere erakusten dute. /  Labrit Tours

Hiriaren historia eta euskaldunentzat izan duen garrantzia kontatzeko, zortzi bat gune aukeratu dituzte cicerone nafar hauek. Esaterako, adituen iritziari jarraituz, paseo honen geldialdietako bat hiriaren harresiaren ondoan egiten dute, bertan daudelako VIII. mendeko harresiaren aztarnak. Horrek bisitaria eramango du Karlomagnoren garaira, eta Iruñeko Erresuma sortu zuten unera.

Iruñea eta euskara lotzen dituen ibilbidea Lingua navarrorum izenekoa da. Begirada atzera botaz hasi ohi dute bisita; hain zuzen ere, erromatarren garairaino jotzen dute atzera. Diaz de Ultzurrun gidariak dioenez, ondoren “hirian euskarari eta euskal zaletasunari lotuta dauden tokiak erakusten ditugu”. Guneak aukeratzeko arrazoiak asko dira. Hori egiteko arrazoi bat da Erdi Aroan euskarazko izena edukitzea, edo idazle bat bertan jaio izana, edo euskararen inguruko erakunde baten egoitza izatea. Euskararen atzerakada handia XIX. mendean gertatu zen hirian, eta horri erantzunez, mende horretako azken herenean sortu zen mugimendua azaltzen dute. Ibilaldia bukatzeko, 1936ko gerraren ondoren, “euskara nola hasi zen berpizten eta kontatzen ditugu”, betiere Diez de Ultzurrunen arabera.

Entzule espezializatuagoak dira Ecin scriba çayteyen? bisitan.. “Honetan hainbat idazle edo aldizkariri buruz hitz egiten dugu”, diosku Diez de Ultzurrunek. Beste batzuen artean, Iruñeko foruan azaltzen diren euskarazko hitzak aipatu ditu. “Hainbat zergari izena jartzeko erabiltzen zituzten euskarazko hitzak dira”. Beste hamaika kontu aipatzen dituzte txango horretan. “Iruñean sortutako idazleak, Euskara Elkargoaren inguruan ibili ziren idazleak, Arturo Campion eta beste batzuk”. Gaur egungo egoera ez dute azaltzen, “egiten dugun bakarra da esatea egungo kultur loraldia 70eko hamarkadako egoerari zor zaiola”.
Sanferminak izeneko ibilaldian, zezen-plaza eta Ernest Hemingwayren estatua ikusten dituzte, betiere ohiko azalpenetatik ihesi. / Labrit Tours

Laugarren ibilaldia Sanferminak izenekoa da; kasu honetan ere, Labrit Tourresko arduradunek ikuspegi propioa erabili dute. Eta bertan kokatu dute, besteak beste, San Fermin eta Olentzero lotzen dituen azalpena.

Bada, beraz, Iruñea euskaraz eta euskaratik ezagutzeko aukera.

 

Segidan daukazu Gaizka Aranguren gidariari egindako elkarrizketaren zati bat entzuteko aukera.


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

Gaizka Aranguren: Euskal Herri berdea eta horia.
Jende aunitzek, behar bada, ez du behar bezain bertze ezagutzen historikoki euskaldunon historian Iruñea, bere gune geografikoa non kokatua dagoen aintzat hartuta, ba izan dela euskaldunon hiri nagusia, ba XIX. mendera arte, ezta: bai biztanlez, bai ezagupenez, bai erreferentzialtasunez... Hori lehenik Etxeberri Sarakoak, e zera... XVII. mendearen amaieran, oker ez banaiz, hark aipatzen du “Iruñea hiri buruzagi”, euskaldunon hiri nagusi. Arturo Campionek askotan azpimarratzen duen afera bat da. Eta ikuspegi historiko zabal batetik, e, hori bereziki inportantea delakoan gaude.

Ulertu ahal izateko, hain zuzen ere, Anacleto Ortueta bilbotarrak XX. mendean esaten zuen bezala, euskaldun gehienak ez direla, ba, XIX. mendera arte ez direla bizi izan lurralde atlantiko berdean, baizik eta euskaldun gehienak bizi izan direla horren berdea ez den, baizik eta okreago eta horiagoa den nekazal lautadetan: Araban eta Nafarroa Garaian, ezta? Horrek ematen zuelako bizitzeko, erran nahi dut, hau ez da gauza oso mitologiko bat, baizik eta oso oinarrizkoa. Zereala, ardoa... eta jatekoa askoz errazagoa izan da, hain zuzen ere, zibilizazioen oso ezberdinen pasaera ikusi duten lurralde… hegoalderagoko lurraldeak.

detalle2

Document library

B2
09-08-2014

x61pRelaContWAR

  • Mikel Goñi (Maramara Taldea)
16345276
00:01:54

x61pViewCountWAR

5855

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR