Aldizkari Digitala
Mikel Diez Alabaren pinturak Bilboko Arte Ederren Museoan
Bilboko Arte Ederren museoko erakusketa honetako protagonista Mikel Diez Alaba margolari bilbotarra da.
Erakusketa hau prestatzerakoan beste garai bateko elementuak alde batera utzi, disonantziak baztertu eta elementu guztien artean harmonia bilatzen saiatu naiz.
Mikel Diez Alaba
Mikel Diez Alaba Bilbon jaio zen 1947an. Vicente Ameztoy, Andres Nagel, Ramón Zuriarrain eta, besteak beste, Daniel Tamayoren… garaikidea izen zen. Madrileko San Fernando Arte Ederren eskolan egin zituen lehen ikasketak eta Parisen jarraitu zituen Juan March Fundazioak emandako beka bati esker. 1981. urteaz geroztik Menorcan bizi da. Javier Viar, Bilboko Arte Eder museoaren zuzendariaren iritziz, erakusketa honek 1970ean Euskal Herrian sortu zen arte mugimendu interesgarriaren berrazterketa izan nahi du.
Mikel Diez Alaba. Argazkia: LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Hamarkada honetan euskal artegintzan berrikuntza sakona eman zen. Mikel Diez Alaba, Zumeta, Balerdi, Carmelo Ortiz de Elgea eta abarrekin batera aldaketa horren aitzindarietako bat izan zen.
“Denbora Iraganez” da erakusketaren izena. Menorcan azken hiru urte hauetan margotutako lanek osatzen dute. 33 pintura aurkeztu ditu Mikel Diezek Arte Ederren museoan. Paisaia abstraktuak gehienak. Artelan hauek Balear Uharteetako giro lasaia islatzen dute. Lan hauez gain, beste 144 pintura txikiz osaturiko murala ikus daiteke. Jorge Oteizaren artelana oso gogoko zuen Mikelek eta, mural honek oriotar eskultorearen “Laboratorioa” gogoratzen digu. Martinez Pascual, arte adituaren ustetan, Ekialdeko ohitura artistikoen eragina nabarmentzen da margolan hauetan.
Equinoccio de otoño
Mikel Diez Alabak, gaztetan pintatu zituen irudietan gizarteko zenbait egoera aztertu zituen eta gizakiaren joera batzuk salatu. Giza irudi garratzak margotu zituen. Zenbait artelan Baconek egiten zituen tankerakoak ziren. 1970etik aurrera bere testuinguru soziala alde batera utzi eta izadia bihurtu zen bere gogoeten helmuga.
35
1981ean Menorcara joan zen bizitzera. Balear Uharteetako egonaldia erabakigarria izan da bere artegintzarako. Bere jarduera artistikoa eta bere pintzelkadak asko hobetu dira. Hori nabaria da Bilbon aurkeztutako koadroetan. Irudien formak ez dira hain zehatzak, keinuak leunagoak eta lirikoagoak dira. Bestalde, Mediterraneoko argia bere oihaletan gauzatzen asmatu du eta koloreak Euskal Herrian erabili ohi zituenak baino gozoagoak eta distiratsuagoak dira.
Bilboko Arte Ederren museoko erakusketa irailaren 27ra arte egongo da ikusgai.
Informazio gehiago, helbide hauetan:
http://www.bilbaointernational.com/eu/mikel-diez-alaba-denbora-iraganez/
http://www.mikeldiezalaba.com/
